Berdintasunezko agurra

Ainara Arratibel Gascon / 2015-09-16 / 1095 hitz

Euskal Herriko Unibertsitateko ekitaldietan moldatuta entzungo da hemendik aurrera ‘Agur, jaunak’ kantua. Iragan astean entzun ahal izan zen horrela estreinakoz. ‘Andreak’ hitza sartu, eta jaungoikoari egindako erreferentzia kendu dute, berdintasuna eta inklusioa bermatzeko.

Gure asmoa eta nahia berdintasuna eta integrazioa sustatzea dira, ez besterik, uste baitugu unibertsitateak zutarri garrantzitsua izan behar duela horretan». Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasle, Enplegu eta Ardura Sozialerako errektoreorde Maite Zelaiak ez zuen espero Agur, jaunak kantua moldatuta abesteko erabakiak horrenbesteko oihartzuna izango zuenik. Iragan astean abestu zuten lehen aldiz, ikasturte hasierako ekitaldian, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bertan zela. Askok txalotu dute erabakia, baina kritikaren bat ere izan da; gogorrenetakoa Iñaki Anasagasti EAJko senatariarena. Zelaiak, ordea, alde batera utzi ditu kritikak, eta estatutuetan jasotzen diren balioei jarraiki EHUk bide horretan jarraituko duela berretsi du. Dena den, EHU ez da kantu hori moldatuta abestea erabaki duen bakarra. Beste norbanako eta erakunde batzuek ere egin dute. Atzerrian ere badira berdintasun eta erlijio arrazoiengatik moldatu dituzten kantu eta ekitaldiak.

Agur, jaunak kantak, berez, jatorri herrikoia du. Ikerketa gehienen arabera, XIX. mendearen erdialdean sortu zen. Egilearen inguruan hainbat bertsio daude. Denak bat datoz Manuel Lekuona Urtxalle (Oiartzun, Gipuzkoa, 1828) pilotariak zerikusia izan zuela horretan. Pilotari izateaz gain bertsolaria eta gitarra jotzailea ere bazen. Hala, herri guztietako festetan kontratatzen zuten, pilota partidak jokatzeko ez ezik, amaitzean festak girotzeko.

Hala, partida bat jokatu zuen Donibane Garazi aldean. Norgehiagoka irabazi egin zuen. Ondoren, bertan bazkaltzen ari zirela, mutil bat gerturatu zitzaion, eta txapela kendu ondoren Agur, jaunak kantua abestu zion. Donibane Garazi aldeko pilotari batzuek bidali zuten, Lekuonari desafioa botatzeko; baita irabazi ere. Ordutik Lekuonak buruan izan zuen mutil hark abestutako kantua. Urte batzuk geroago, lagunei kontatu zien kantuarena. Tartean zegoen Antonio Peña Goñi idazle, musika kritikari eta konpositorea. Hark partitura egin zuen, eta ondoren, Felipe Pedrell kideari bidali zion, hark Bartzelonan argitaratzen zen La ilustración hispano-americana aldizkarian argitara zezan. 1892an izan zen. Gerora, Iñazio Perez Arregi eta Aita Donostia ekitaldi publikoetarako agur moduko doinu egoki bat bilatzen ahalegindu ziren. Agur, jaunak aukeratu zuten, eta ekitaldi publiko eta pribatu askotan hasi zen abesten.

Azken urteetan hainbatetan saiatu dira kantua garaira egokitzen. Euskal Herriko Unibertsitateak egindako aldaketaren kasuan, berdintasunari eta inklusioari buruzko planei lotuta egin dute. «Horiei jarraiki ikusi genuen egokitu egin behar genituela unibertsitate barruko ekitaldi akademikoetako hainbat gauza. Horien artean zegoen Agur, jaunak kantua beste modu batera kantatzea», azaldu du Zelaiak. Apirilean egin zuten planteamendua Gobernu Kontseiluan. «Proposamenak ez zuen inolako eztabaidarik eragin, aho batez onartu zen». Bi izan dira aldaketak: Agur, jaunak kantatu beharrean Agur, jaun eta andreak jartzea eta jaungoikoari egiten zaion erreferentzia kendu, eta berdintasunari egitea.

Moldaketa egiteko orduan, dagoeneko eginda zeuden bertsioei erreparatu zieten. Hori dela eta, ez zuten espero neurriak hainbesteko isla eta harrabotsa eragitea. «Jaso dugun kritika, batez ere, jaungoikoaren erreferentzia kentzeagatik izan da. Baina ez da gure asmoa izan jaungoikoa baztertzea, baizik eta berdintasunari erreferentzia eginda lekua egin nahi izan diegu sinesmen eta komunitate erlijioso guztiei». Argi dute apustuari eutsiko diotela. «Horrek ez du esan nahi besteei hori inposatu nahi diegunik. Gu ez gara inor besteei zer egin behar duten esateko».

Anasagastiren kritikak

Halaber, gogorarazi du beste neurri batzuk ere hartu dituztela berdintasunaren eta inklusioaren bidean. «Adibidez, ikasturte hasierako hitzaldia emango duen pertsona aukeratzerakoan, berdintasun irizpideak hartuko ditugu kontuan». Kritikak, gainera, bere horretan utzi nahi izan ditu Zelaiak: «Denetik izan dira, onak eta txarrak».

Iñaki Anasagasti EAJko senataria izan da, hain zuzen, EHUren erabakia gogorren kritikatu duena. Ondorengoa idatzi du bere blogean: «Nortzuk dira Goirizelaia errektorea edo ekimen hori bultzatu dutenak euskal herritarron parte baten historia aldatzeko?». Aurka egoteko arrazoiak azaldu ditu jarraian: «Emakumeari ikusgarritasun handiagoa emate aldera, ados egon naiteke. Baina jaungoikoaren ikusgarritasuna kentzearen aurka nago». Anasagasti kritiko agertu da Goirizelaiarekin. «Goirizelaia eta haren erreformazaleak aprobetxatzen ari dira Agur, jaunak kantuagatik ez dela egile eskubiderik ordaintzen aldaketa hori egiteko. Baina gizarteak ordainarazi beharko lieke. Egin zuek zuen kantua, eta utzi gainontzekoei hunkitzen gure gurasoek eta haien arbasoek utzitakoarekin».

Idatzian, Bruce Springsteen Agur, jaunak kantuarekin hunkitu eta negar egin zuen aldia ekarri du gogora. Parisen izan zen, 1986an, Notre Dame katedralaren parean. Kelly Family taldea Agur, jaunak abesten ari zen. Springsteen handik igarotzen ari zen. Kantua entzutean, hunkitu eta haiengana hurbildu zen. «Nortzuk zarete? Zein da hainbeste hunkitu nauen kantu hori?». Gerora, hainbat aldiz kantatu zioten.

Dena den, EHU ez ezik, hainbat izan dira hitzak moldatu eta egokitu dutenak. Jean Louis Davantek, adibidez, pastoral baterako egokitu zuen. Maixan Arbelbide ekintzaile feministak ere egin du duela urte batzuk. Baionan bizi da, eta Lau Haizetara abesbatzan kantatzen du. Hainbatetan tokatu izan zaio Agur, jaunak abestea; egoera oso desberdinetan, gainera. «Aspaldian nardatzen ninduen kantu horrek. Agur, jaunak; eta Euskal Herrian ez da emazterik?», esaten zion bere buruari. Amorru hori areagotu egin zitzaion duela bost-sei urte, hileta batean. «Emakume baten errautsak itsasora botatzen ari ziren, emakumez osatutako abesbatza bat ari ginen kantuan, eta zer eta, Agur, jaunak. Zentzugabea zen». Hala, etxera joan eta amorruaren amorruz kantua moldatu zuen, Agur, jaunak-andreak jarriz. Abesbatzakoei horrela kantatzea proposatu zien, eta hala egiten dute.

Beste hainbat abesbatzari ere proposatu izan die hala egiteko, eta espero du kantua zabalduz joatea. «Bitxia bada ere, kantua zabaltzen gehien laguntzen ari zaidana gizonezko bat da». Euskal kantagintza osoa aztertu beharko litzatekeela uste du, eta ikusi emakumeei emandako lekua. «Emakumea ukatua izan da kasu askotan». Bestalde, Frantziako tropek Donostia hartu zutela gogoratzeko urtero abuztuaren 31n egiten den ekitaldian, aurten parte hartu zuten hiru abesbatzek egokituta kantatu zuten Agur, jaunak. Horietako batzuk izan ziren Easo abesbatzakoak. «Antolakuntza aldetik proposamen hori jaso genuen, eta arazorik gabe onartu genuen», azaldu du Santos Sarasola zuzendariak. «Ideologikoki eta sozialki» egin beharreko aldaketa zela onartu du. Dena den, ñabardura egin du. «Musikalki aldaketa ez da oso egokia. Beharbada, alor horretan ere beste moldaketaren bat egin beharko da».

Ereserkien moldaketa

Horrelako beste hainbat kasu badira, bai Euskal Herrian, bai nazioartean. Euskal Herriaren kasuan, Gure Esku Dago mugimenduak aurten egindako ekitaldi nagusiaren barruan, Anoetan moldatuta abestu zuten Realaren ereserkia. Aurrera, mutilak kantatu beharrean, Aurrera, lagunak kantatu zuten. Erlijioa alde batera utziz, bestalde, Patxi Lopez lehendakariak aldatu egin zuen karguaren zina egiteko modua. Ez zuen zin egin «umil-umil jaungoikoaren aurrean», baizik eta «legearen errespetutik».

Bestalde, Britainia Handiko ereserkia God Save the King (Jainkoak erregea salba dezala) zen jatorrian, baina karguan erregina dagoenez gero God Save the Queen (Jainkoak erregina salba dezala) abesten da. Gainera, estrofetako batean Crush the Scotts (Suntsitu eskoziarrak) hitzak erabiltzen ziren; orain, ez.

Gainera, hainbatek salatu izan dute Frantziako ereserkia, Marseillaise, «xenofoboa eta arrazista» dela. Paragrafoetako batean aipatzen du purutasunik gabeko odola, baita esklabo eta saldu hitzak ere. Askok interpretatu izan dute aipu horiek idatziak daudela Frantziako kolonia izandako herriak gogoan. Hala, hainbat kirolarik, adibidez, uko egin izan diote ereserkia abesteari Frantziako selekzioarekin jokatzen dutenean. Hainbat ekinbide daude ereserkia aldatzeko. Elkarte bat ere sortu dute. Bertako presidente Christian Guilletek tinko defendatu du aldaketa. «Ereserkia ez dator bat Frantziaren errealitaterekin».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.