Ainara Arratibel Gascon / 2015-09-27 / 1374 hitz
Futbol talde baten moduan, baloiarekin jolasean orduak ematen zituzten Bakero-Eskudero sendiko 11 anai-arrebek. Seik lortu zuten goi mailara iristea, tartean Ixiar Bakero Eskudero. Emakumeen futbolean aitzindari izan zen Euskal Herrian.
Futbol munduan egindako ibilbideaz «pozik eta harro» dago Ixiar Bakero Eskudero (Goizueta, Nafarroa, 1969). Donostiako Añorga auzoan sortutako lehen emakumeen futbol taldeko kide izan zen, eta harekin Espainiako Kopa eta Ohorezko Liga irabazi zituen. Taldeko arima «denak» zirela dioen arren, bera zen kapitaina eta golegile nagusia. Emakumeen futbolaren kalitatea aldarrikatu du.
11 anai-arreba zarete. Futbol talde bat osatzeko moduan zineten etxean.
Halako zerbait. Txikitan, anai-arreba guztiak elkarrekin jolasten ginen. Orduan apenas genituen jostailuak, eta pilotarekin eta baloiarekin jolasten ginen. Goizuetan batez ere pilotan aritzen ginen, eta Añorgan futbolean. Gutxi behar genuen ondo pasatzeko eta zoriontsu izateko. Azkenerako, sei anai-arreba goi mailara iritsi ginen.
Gurasoek nola bizi izan zuten hori?
Aita 45 urterekin hil zen, gu txikiak ginela. Pena izan zen guk lortutako garaipenez ezin gozatzea. Amak, berriz, nahikoa zuen 11 seme-alabak aurrera ateratzearekin. Gerora hasi zen partidetara etortzen; batez ere alaben partidak ikustera etortzen zen. Nik uste dut amak gehiago ikusi dituela emakumezkoen futbol partidak gizonezkoenak baino.
Aitaren lanagatik joan zineten Añorgara bizitzera. Hori erabakigarria izan zen futbolean hasteko?
Guretzat jolastokia futbol zelaia zen. Niri eta nire ahizpei sarritan esaten ziguten mutilekin batera partidak jokatzeko. Anaiekin jokatzera ohituta geundenez, naturaltasun osoz egiten genuen. Ez ginen atzean geratzen. Ni, futbolean jokatzeaz gain, atletismoan ere aritzen nintzen.
Zuekin batera, gainera, beste neska asko hasi ziren jokatzen, eta talde bat sortu zenuten.
Carlos Romerori zor diogu hori. Auzoko jende asko aurka eduki arren, neska taldea sortzera ausartu zen. Izan ere, ikusi zuen auzoan neska askok jokatzen genuela futbolean, eta ez zegoela talderik. Jokalariak Amasorrain ikastolako neskatoak ginen, adin guztietakoak. Lehen partida hondartzan jokatu genuen. Ondoren, urteetan, areto futbolean aritu ginen, futbol handian jokatzen hasi aurretik. Orduan inguruko herrietatik ere etorri ziren neskak jokatzera. Tituluak Jose Luis Altzugarai Zikiro-rekin irabazi genituen, baina Romerok asko markatu gintuen, niri behintzat bai. Hark emandako gomendioak ez ditut sekulako ahaztuko. Garrantzitsuena: errematea egiterakoan gorputza beti aurrera botatzea. Gauzak ondo lantzea gustatzen zitzaion.
Eta hondartzan hasi zen talde hura nola iritsi zen Espainiako Kopa jokatzera eta Ohorezko Liga irabaztera?
Gustuko genuena egiten genuen, eta ilusio ikaragarriarekin. Presiorik gabe egiten genuen, gainera. Emakumeen talde bakarra ginen klubean, eta entrenatzeko beti jartzen ziguten ordutegirik okerrena; legar xeheko zelaian, gainera. Azkenak entrenatu behar izaten genuen, eta ur hotzarekin dutxatu behar izaten genuen. Baina berdin zitzaigun. Dena ematen genuen zelaian. Gainera, gure arteko giroa zoragarria zen. Kanpoan jokatzen genuenean bidaia guztiak autobusez egiten genituen, eta ordu asko ematen genituen elkarrekin. Ez ditut ahaztuko autobusean antolatzen genituen mus txapelketak. Hurrengo egunean lanera joan behar izan arren, merezi zuen. Gauza asko konpartitzen genituen; familia bat ginen, bai aldagelan, baita aldagelatik kanpo ere. Hori gero zelaian ikusten zen. Begiratu gabe, bagenekien taldekideak zein mugimendu egingo zuen. Oso ondo ezagutzen genuen elkar. Oraindik ere harremana mantentzen dugu orduko taldekideek. Batzuk koadrila berekoak gara, eta urtean behin denak elkartzen gara bazkari bat egiteko.
Nola duzu gogoan Kopako Finala?
Galdu arren, oso berezia eta polita izan zen. Nik 14 urte besterik ez nuen, eta pentsa zer izan zen Riazorren eta Atotxan jokatzea. Atotxakoa ez dut sekula ahaztu. Aldagela haiek, harmailetan 7.000 zale gu animatzen… Ikaragarria izan zen.
Taldeko arima zu omen zinen…
Kapitaina nintzen, gol asko sartzen nituen eta Bakero abizena beti nuen atzean. Ikusle askok galdetzen zuten: «Nor da Santi eta Joxe Mariren arreba?». Nahiz eta beste bi ahizpa ere jokatzen aritu. Baina ni besteak bezala nintzen. Denak ginen taldearen arima, karaktere handikoak baikinen, lehiakorrak. Beharbada, gure garaiko indarra eta kemena falta dira orain. Alde horretatik oso talde berezia ginen. Gutxi behar genuen motibatzeko.
Ezkerra zinen, eta erdilari moduan jokatzen zenuen. Askok zioten jokatzerakoan antz handia zenuela Joxe Mari anaiarekin, hura baino hobea zinela. Horrela da?
Itxuraz antz handia daukagu. Biak gara txikiak eta indar handikoak. Baina hortik aparte ez dut uste antz handirik daukagunik.
Inoiz pentsatu duzu zer gertatuko zen hura bezala gizon jaio izan bazina?
Sekula ez. Nik lor zitekeen guztia lortu nuen emakumeen futbolean. Alde bakarra izan da ezin izan naizela horretaz bizi, anaiak bezala. Baina oso harro nago egindakoaz eta denen artean emakumeen futbolari zabaldu genion bideaz. Baina oraindik ere bide luzea falta da. Adibidez, emakumezkoen futbola ez da profesionala. Horrela zailagoa da teknikoki eta fisikoki maila ona lortzea. Futbolaz gain beste egiteko batzuk dituzte eta.
Futbolak zu erretiratu aurretik, zuk hartu zenuen erretiroa. Nolatan?
Oraindik maila oso onean nengoen, baina nik hartu nuen uzteko erabakia. Futbolak ordu asko kentzen zizkidan, eta beste bizimodu bat hasi nahi nuen. Beste gauza batzuei eman nien lehentasuna.
Orain kirola egiten duzu?
Gutxi. Tarteka gimnasiora joaten naiz, eta Hernanin egiten den pala txapelketan ere parte hartzen dut. Orain gutxi arte nahikoa nuen lana eta seme-alabak zaintzearekin. Baina orain koskortzen ari dira, eta espero dut kirol gehiago egin ahal izatea.
Berriro ere Gipuzkoako bi emakume talde daude lehen mailan. Zer esan nahi du horrek?
Gauzak ondo egiten ari direla. Realak oso talde ona dauka, eta gaztea; Oiartzunek, berriz, esperientzia askokoa. Espero dut maila ona ematea, eta bere garaian genituen derbiak errepikatzea. Lehia handia izaten genuen.
Realeko emakumeen taldeak Anoetan jokatu beharko luke eta Athleticenak San Mamesen?
Jokatu izan dute, eta polita da. Baina partida berezietan izaten da. Gainontzekoan, ordea, harmailak oso gutxi betetzen dira. Beraz, hobe da zelai txikiago batean jokatu, eta ikusle kopuru txukun bat egotea. Hori aldatzeko, beharrezkoa litzateke ikusleek gehiago babestu eta ikustea emakumeen futbola. Futbolzale asko daude oraindik emakumeen futbola deskubritu ez dutenak, eta oso partida entretenigarriak ikusten dira.
Patxi Izko Osasunako presidente izandakoak esan zuen, ordea, emakumeen futbola ez dela estetikoa. Zer erantzun horri?
Halako komentarioek ez dute erantzunik merezi, mespretxagarriak baitira. Fisikoki, beharbada, aldea egongo da, mutilek indar handiagoa dutelako, baina teknikoki aldea ez da horren handia. Ikaragarrizko maila dago.
Zuk ikusten eta jarraitzen al duzu orain futbola?
Añorgara joatean gustatzen zait geratu eta ikustea. Maila oso altua dago teknikoki. Zelaia askoz hobea da, eta horrek asko laguntzen du. Gaur egun ez dago ondo jokatzeko aitzakiarik. Erraztasun gehiago daude. Telebistan ere ikusten dut, baina beste edozein kirol moduan. Aurrean badut, ikusten dut, eta Reala jarraitzen dut. Arazoa da gaur egun egunero ematen dituztela partidak, eta aspertu egiten naiz. Batez ere gizonezkoen futbola ikusterakoan. Diruak areagotu egin du taldeen arteko aldea. Gaur egun oso zaila litzateke Realak eta Athleticek bere garaian egin zutena egitea.
Nola bizi izan zenituzten etxean Realak irabazitako tituluak?
Xixonen ez nintzen egon. 11 urte nituen, eta irratiz entzun nuen partida. Baina ez dut sekula ahaztuko taldeari itzultzean egin zioten harrera. Guk Añorgan jarraitu genuen. Ikaragarria izan zen. Artean anaia oraindik ez genuen ikusi. Autobusetik jaitsi, eta aurreskua dantzatu zioten. Oso hunkigarria izan zen. Baina hain gaztetxoa izanda ez nintzen jabetzen lortu zutenaren dimentsioaz. Nik uste dut anaia bera ere ez zela jabetzen. 17 urte besterik ez zuen, eta dagoeneko Liga bat irabazi zuen. Zaragozako kopako finalean, berriz, han izan nintzen. Autobusez joan ginen lagunekin, eta asko gozatu genuen.
Bartzelonara joateko eskaintza nola hartu zuen? Zuek zer esaten zenioten?
Gaizki pasatu zuen. Orduan ez zegoen ondo ikusita harrobiko jokalari batek taldea uztea, eta kosta egin zitzaion erabakia hartzea. Gogorra izan zen. Nik ezer gutxi esaten nion, txikienetakoa bainintzen. Bi anaia zaharrenak izan ziren gehien lagundu ziotenak erabakia hartzen. Begiristain eta Lopez Rekarte ere Bartzelonara joateak asko lagundu zion. Ez bakarrik erabakia hartzeko orduan, baita Bartzelonako bizimodura egokitzeko ere.
Orain Qatarren bizi da. Asko etortzen da? Zein harreman duzue orain Añorgarekin?, eta Goizuetarekin?
Ama Añorgan bizi da, eta astero joaten gara hara. Futbol zelaiaren parean bizi da, eta guk bere garaian egiten genuen moduan, seme-alabak eta ilobak baloia hartu eta hara joaten dira jokatzera. Ikaragarri gozatzen dute. Goizuetari dagokionez, Añorgan bizi arren sekula ez genuen galdu harremana jaioterriarekin. Oporrak han pasatzen genituen. Orain ere maiz joaten gara. Haurrek ikaragarri gozatzen dute han. Urtean bitan anai-arreba guztiak han elkartzen gara, bazkaltzera eta afaltzera: Gabonetan eta amaren urtebetetze egunean. Orduan ikusten dugu Joxe Mari, baina egun gutxi, berehala alde egin behar izaten baitute.
Futbolaz hitz egiten al da bazkari eta afari horietan?
Ez, gutxi. Nahikoa dugu txikiekin sortzen den zalapartarekin eta gure egunerokoaz hitz egitearekin. Gutxitan egoten gara denak elkarrekin, futbolaz hitz egiten hasteko.
Zer esaten dizuete txikiek zuen balentriak kontatzean?
Harritu egiten dira; ezin dute sinistu. Seme txikienak, batez ere, asko galdetzen dit. Argazkiak erakusten dizkiot, baita egin zizkidaten elkarrizketak ere. Osaben bideoak ere asko ikusten ditu. Asko erreparatzen dio. Batez ere Joxe Marirenak ditugu, eta sarritan eskatzen dit jartzeko. Oso futbolzalea da, oso Realzalea.