Juan Luis Zabala / 2015-09-11 / 682 hitz
Alberto Schommer argazkilaria hil da. Orain artista arabar berritzaileen taldearen sortzaileetako bat izan zen 1966an. Eragin handia izan du hark egindako lanak.
Duela bi urte, Espainiako Argazkilaritza Sari Nazionala jaso zuen, poz handiz, «etenik gabe eta 50 urtez baino gehiagoz argazkilari gisa egin duen ibilbideagatik» emana. Schommerrek «aldaketa sozialaren eta kulturalaren lekuko» gisa egindako lana nabarmendu zuten orduan epaimahaikideek, «argazkilaritza garatzen eta berritzen» lagundu zuela gogorarazteaz gain. Argazkilaritza pausatua defenditu zuen orduko adierazpenetan, eta emozioaren garrantzia nabarmendu zuen berriro: «Kliskatzerakoan, beharrezkoa da bizitasun eta talentu izugarria izatea, eta emozioz beteta egotea».
«Argazkilaritzan, eman nezakeen guztia eman dut», aitortu zuen hiru urte lehenago, 2010ean, Bilboko Arte Ederren Museoan bere lanen atzera begirakoa antolatu zuenean. «Orain arte landu ez dudan beste argazkilaritza mota bat egitea gustatuko litzaidake», adierazi zuen, ordea, egun berean. «Asiako herrialdeak erretratatzea gustatuko litzaidake. Baita Brasilia ere, hiri aproposa baita hirigintza eta giza ezaugarriak aztertzeko». Afrikak ere erakartzen zuen: «Malik lanen bat egitea mereziko luke».
Alberto Schommer Garcia Gasteizen jaio zen, 1928an. Aita, Albrecht Schommer Koch, medikua zen lanbidez, baina 1940 eta 1950eko hamarkadetan ospe handia lortu zuen argazkilari gisa. Gazte zelarik, Alberto Schommer pintatzen hasi zen, baina zinemaren eta argazkilaritzaren inguruko interes handia ere bazuen garai hartan.
Europan zehar bidaiari
Hanburgora joan zen, 1950eko hamarkadaren hasieran, argazkilaritza ikastera, eta Europa osoan zehar bidaiatu zuen, museo nagusiak bisitatuz. Hamarkada horren azken urteetan harreman estua izan zuen AFAL taldea sortu zuten argazkilariekin, eta taldearen aldizkarian hainbat lan argitaratu zituen. Espainiako argazkilariak biltzen zituen batez ere talde hark, eta Espainiako argazkilaritza berritzea zuen xede nagusi. 1960ko hamarkadan, margolaritza behin betiko utzi eta ahaleginak argazkilaritzara bideratzea erabaki zuen Schommerrek. Juan Huarte enpresari artezaleak argazkilaritza industriala jorratzeko hainbat enkargu egin zizkion, garai hartako artista ezagun batzuei bezala, Jorge Oteizari, Eduardo Txillidari eta Rafael Ruiz Balerdiri, besteak beste.
Gasteiza itzuli ostean, Orain artista taldearen sortzaileetako bat izan zen Schommer, 1966an, Jokin Fraile, Juan Mieg eta Carmelo Ortiz de Elgea margolariekin eta Jesus Etxebarria eskultorearekin batera. Euskal Herriko arte plastikoen berrikuntzan parte hartu nahi zuten Orain taldeko sortzaileek, Bizkaiko Emen, Gipuzkoako Gaur eta Nafarroako Danok taldeekin batera, guztien artean Jorge Oteiza eskultoreak sustatuko Euskal Eskola sortzeko bidean aurrera eginez.
Publizitate arloan lan egiten hasi zen 1960ko hamarkadaren amaieran, eta argazkilaritzara bideratutako plato handi bat sortu zuen horretarako 1971n. Oihartzun handia lortu zuen Madrilgo Abc egunkariaren enkarguz 1972an abian jarri zuen Retratos psicológicos argazki sailarekin. 1976an, El País egunkarian kolaboratzen hasi, eta hainbat sail argitaratu zituen: La Iglesia española en levitación, Grupos políticos eta El desmontaje del franquismo. 1979an, Gipuzkoari buruzko argazki liburu bat atera zuen, Herri baten deihadarra / El grito de un pueblo izenburuarekin. Urte berean, Errege Etxeak Espainiako errege-erreginen argazki ofizialak enkargatu zizkion. Aditu askoren ustez, Schommer Espainiako trantsizioaren argazkilari nagusia izan zen.
Schommerren berrikuntzarako grinaren froga dira haren kaskografiak: berak egindako argazkiak elkarrekin lotuz eta bolumenak sortuz osatzen zituen, eta argazkietan oinarritutako eskultura bihurtzen ziren. 1973an egin zituen aurrenekoak.
1980ko hamarkadan, gorakada handia izan zuen Schommerren nazioarteko proiekzioak, eta etenik gabe egin zituen erakusketak. Parisko Pompidou zentroan hiru hilabetez egon zen zabalik, adibidez, Schommerren argazkien erakusketa bat. 1990eko hamarkadan, erakusketak egiteari utzi gabe, hainbat hiriri buruzko argazki liburu dokumental ugari argitaratu zuen: Madril, Erroma eta New York, Habana, Venezia… Euskal Herrian egindako argazkiekin osatutako liburu batzuek ere oihartzun handia izan zuten: Azul (1993), Euskalerria (1995), Gasteiz (1995), La Fiesta (1996), Verde (1996), Itsasoa (1999)…
Erreferentzia ezinbesteko bihurtuta, gaitzak eragotzi zion arte jarraitu du lanean hurrengo hamarkadetan ere. Iaz hainbat erakusketa egin zituen; horietako bat, Máscaras, Madrilgo Prado museoan. Hainbat belaunalditako idazle eta artisten erretratuak erakutsi zituen, museoko funtsetik ateratako XVI. mendetik XX. mendera arteko hainbat erretraturen ondoan kokatuta.