Jon Rejado / 2015-09-15 / 759 hitz
Talde inklusiboenaren saria jaso du Escor Gaztedi taldeak Bradfordeko Munduko Errugbi InklusibokoTxapelketan. Duela hiru urte hasi zuten egitasmoa, Down Araba-Isabel Orbe elkartearekin lankidetzan, errugbiaren balioen alderdi barneratzailea nabarmenduz.
2012an hasi zen hezurmamitzen egungo talde barneratzailea dena. David Izquierdok, Escor Gaztediko jokalari eta Down Araba-Isabel Orbe elkarteko hezitzaileak, Down sindromea duten kideekin errugbi entrenamendu-saio bat egitea proposatu zuen. Handik gutxira, Gaztediko hogei kide eta Isabel Orbeko beste horrenbeste elkartu ziren zelaian. Han erein zuten hazia. Handik gutxira, errugbi inklusiboko topaketetan parte hartzeko Madrilerako bidean zeuden, eta, hiru urtean, Bradforden garaikurra jasotzen.
Mikel Epalza Gaztediko kideak errugbiaren berezko balioetara jo du Isabel Orbe elkartearekin hasitako lan ildoa azaltzeko. «Munduko txapeldun izateaz aparte, egiten dugunari ez diogu ezer berezirik ikusten; errugbia baino ez dugu aplikatzen». Kirol horrek lantzen dituen balioetara, oinarrietara jo du baieztapena azaltzeko: elkartasuna, errespetua, zuzentasuna, grina… «Entrenamenduan hamar ariketa egin beharrean lau egiten ditugula? Baldin eta ondo egiten baditugu, non dago arazoa?».
«Gaztedikoen ekimena izan da gakoa», aitortu du Jose Manuel Gurrutxagak, Aritz Gurrutxaga Gaztediko jokalari eta Isabel Orbeko kidearen aitak. Bai lehen entrenamenduan eta bai Madrilgo topaketetan klubeko jokalariek izan zuten jarrera nabarmendu du. Gogora ekarri du gurpil aulkian zegoen elkarteko kide batekin bizitako pasarte bat. Gaztediko kide batek «edo denak edo bakar bat ere ez» esanda, aulkia hartu eta zelaira eraman zuen, bultzaka. «Baloia eskuan, Gaztediko jokalari batek bultzatuta, belarritik belarrirako irribarrearekin ikustea polita izan zen».
«Pentsa genezakeen azkena zen… errugbia», aitortu du Estibaliz Aranak, Isabel Orbe elkarteko kide eta Markel Herrero jokalariaren amak. «Duda asko genituen hasieran, fisikoagatik eta kirolagatik, baina orain… ezin dugu hau galdu». Iosu Isuskizak Down Araba-Isabel Orbe elkarteko presidenteak azken zehaztapena egin du. «Down sindromea duten pertsonekin dauden aurreiritziak gainditzeko eskatzen dugu, eta hori bera gertatu zaigu errugbiarekin: aurreiritziak gainditu behar izan ditugu».
Bost eguneko «amets» bat
Munduko Errugbi Inklusiboko Txapelketa abuztuaren 17tik 21era arte izan zen; Markel Herreros txapelketan parte hartu zuen Gaztediko jokalari eta Isabel Orbeko kideak «amets» baten moduan gogoratzen du txapelketa horretan bizitakoa. «Gaztediren izena utzi nahi genuen Bradforden, eta lortu genuen».
David Izquierdok, taldearen arduradunak, argi du zer dagoen lortutakoaren oinarrian. «Talde bat gara, zelai barruan eta kanpoan, eta, Bradforden, hala jokatu genuen une oro»: beste taldeetako kideak agurtu, elkarri lagundu… Are gehiago, partida guztietako entseguak Gaztedirenak izango balira bezala ospatu zituzten, abesti eta guzti, sailkapena beren aurka joan arren. «Irabazi genuela sentituta joan ginen Bradfordera; han egote hutsak txapeldun egiten gintuen, eta horrek eman zigun alaitasuna islatu genuen», argitu du Epalzak.
«Gogoratzean oilo ipurdia jartzen zait, oraindik ere». Iosu Isuskizak besoa luzatu du, esandakoa egia dela frogatzeko. Bradforden egon ziren guztiak hunkitzen dira gertatutakoaz oroitzen direnean. Estibaliz Aranak Isuskizaren ideia berretsi du. «Heziketa premia bereziak dituztenen alorrean lan egiten dut, eta barneratzeaz asko hitz egiten da, baina… Bradforden egon zena da benetako barneratzea; gurasook alde egiten genuen, eta taldeak berera jarraitzen zuen».
Aranak gaineratu du errugbiaren balioek lotu dutela kirol horretara. «Futbolean, lehiakortasuna eta besteen aurkako jarrera suma daiteke; errugbian, jokalariak ere truka ditzakete!». Alde horretatik, oroitarazi du Argentinako jokalari bat egon zela txapelketa osoan Gaztedirekin, jatorrizko klubak ez baitzuen taldea eramaterik izan.
«Bihotza» irabazita
Down Araba-Isabel Orbeko gurasoek esker oneko hitzak baino ez dituzte Gaztedirentzat, eta Gaztedik ere «bihotza» irabazten lagundu izana eskertu die talde inklusiboko kideei. Epalzaren iritziz, errugbi profesionalean giharra eta garuna lehenetsi da, eta garai batean zuen «bihotza» galdu. «Bihotza gehitu diogu orain, eta hobeak gara; agian ez jokalari hobeak, baina bai pertsona hobeak».
Epalzak aitortu du Bradforden lortutako munduko txapelketa ez dela «gauza txikia». Ordea, helmuga bainoago, bultzada gertatu zaie aurrera begira. Boteprontoan, Munduko Errugbi Inklusiboko Txapelketa antolatzeko aukera aztertzen ari da Gaztedi; «ez dakigu hemendik bi urtera edo hamar urtera, baina asmoa dugu egiteko». Are gehiago, lan ildoak abiaraziko dituzte neskek ere txapelketa joka dezaten, Escor Gaztediko talde barneratzailean bezala. «Benetan inklusiboa izango bada, errugbiak guztientzat izan behar du».
Araudia ere egokitzen ari dira, errugbi barneratzaileak segurtasuna eta dibertimendua berma dezan. Ordea, Gaztedik ez du bertan gelditu nahi. Epalzak azken nahia erakutsi du. «Nahiko genuke talde egokituko jokalariren batek gurekin jokatzea partida bat, noizbait». Bide horretan Galesetik, adibidez, asko dutela ikasteko argitu du, betiere jakinda mugak behar bereziak dituzten pertsonen begietan daudela. David Izquierdok gogoeta hori bota zuen munduko talde barneratzailearen saria jaso zutenean: «Errugbian ahal bada, beste eremuetan… zergatik ez?».