«Gaixotzen zena berehala hiltzen zen»

Ander Gartzia Badiola / 2015-09-29 / 465 hitz

Euskal Herritik kilometro gutxira Frantzian eraiki zuten kontzentrazio esparruan egon zen atxikita, beste sei mila euskaldun bezala. Gursen 1.100 pertsona hil ziren sei urtean.

Askorik oroitzen ez duela esan arren, Gurs kontzentrazio esparruan (Frantzia) igarotako denbora giltzatuta du memorian Ricardo Arrutik (Irun, Gipuzkoa, 1928). 1936ko gerratik ihesi zeharkatu zuen muga, familiak lagunduta, eta sei urte geroago lortu zuen etxera itzultzea.

Etxea atzean utzi behar izan zenuten gerra hasi zenean.

Hasieran, Hondarribira joan ginen, Irunetik ihesi. 1936ko iraila zen. Ama baikor zegoen, eta uste zuen gerrak aste bi iraungo zuela, gehienez. Hango zalaparta ikusitakoan, Hendaiara alde egin genuen barkuz. Castresera iritsitakoan, baina, Bartzelonara bueltatu ginen, berriz ere gerrara.

Borrokatzera?

Bai. Anaia bat fusilatu zuten Irundik alde egin baino lehenago. Nazionalak Bartzelona gogor erasotzen hasi zirenean berriz bueltatu ginen Frantziara.

Nondik iritsi zinen Gursera?

Frantziako herrixka txiki batean bizi ginen orduan. Gerratik ihesi joandakoan Frantziako armadako kapitain batek hartu gintuen beren etxean. Lau neba-arreok, gurasoak eta koinata. Baserrian egiten genuen lan, baina alemanek Frantzia hartu zutenean ez genuen aterabiderik izan. Beste kontzentrazio esparru batzuetatik igaro ostean Gursera eraman gintuzten. Hilabetez egon nintzen.

Nolako itxura zuen Gursek?

Lokatzez beteta zegoen. Euri zaparraden oroitzapena dut. Barraka guztiak basatzatan. Egurrezko letrina batzuk ere bazeuden gure beharrak egiteko. Ikaragarria zen. Bizi baldintzak gupidagabeak ziren. Kazoletan ekartzen ziguten janaria jan besterik ez genuen egiten. Gainontzeko orduak marrazten ematen nituen gordeta neukan koaderno batean.

Kontzentrazio esparrua al zen?

Bai. Dena zegoen burdin hesiz inguraturik. Ezin ginen handik atera. Frantsesek egonaldi zainduko esparruak deitzen zituzten, baina haiek kontzentrazio esparruak ziren.

Ezagutu al zenuen euskaldunik?

Euskaldunok ‘M’ zelaian geunden bilduta, baina ez naiz oroitzen beste haurrekin.

Alemanekin Gurseko bizimodua gogortu egin al zen?

Baietz uste dut. Alemanek jende judu asko ekarri zuen Gursera. Eta baita ez desiratuak ere. Horrela deitzen zieten atxilotutako jende arriskutsuari.

Judu horietako asko Auschwitzera eraman zituzten trenez. Jakitun al zineten?

Garai hartan, ez. Gerora irakurri dut liburuetan. Egia esan, oso pertsona adeitsuak, ikasiak eta ongi heziak ziren juduak.

Lan behartuak egiten al zenituzten?

Nagusiek, bai. Ni txikiegia nintzen. Haurrak hesiaren alde batean izaten ginen. Emakumeak ondokoan, eta gorago, gizonak.

Ez zineten konturatzen egun batetik bestera jendea falta zenik?

Egia esateko, ez dut oroitzen. Baina egia da erizaindegian sartzen zen judua gehiago ez zela bueltatzen.

Noiz bueltatu zineten etxera?

Gursetik Noe kontzentrazio esparrura eraman gintuzten. Hara iritsitakoan, adibidez, ez zegoen hilerririk, baina denbora gutxian goraino bete zen. Noetik familia ugari eraman gintuzten Bartzelonara, eta, handik, etxera bueltatzea lortu genuen 1942an.

Ikusi al zenuen jendea kontzentrazio esparruetan hiltzen?

Bai, hori bai. Gaixotzen zena berehala hiltzen zen, handik kentzeko. Amets gaizto bat gutxiago.

Omenaldien bidez Gursen bizi zenutena argira ateratzen ari da.

Ez ditut gustuko omenaldiak. Ez nuen gehiegi sufritu, familiarekin egon nintzelako. Orduan ez nion ematen orain emango niokeen garrantzi bera.

Zu etxe batean hartu zintuen armadako kapitain batek. Zer sentitzen duzu Siriako errefuxiatuen irudiak ikusterakoan?

Ikaragarria da gertatzen ari dena. Horiek ere gure egoera berean daude. Agian, okerrago. Ez dut ulertzen munduak nola onar dezakeen hori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.