Iñaki Petxarroman / 2015-09-17 / 174 hitz
Ondo daki Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak euskara hizkuntza ofiziala dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, beraz, hala erabakitzen duten udalek hura erabil dezaketela eguneroko jardunean. Baina epaile batek gogorarazi behar izan dio. Gaintzako eta Amezketako udalen aurka Urkijok berak zabaldutako prozedurak ez zuela oinarri juridikorik ebatzi du Donostiako Auzitegiak, eta bi udalek eskubidea dutela aktak euskara hutsez jaso eta bidaltzeko.
Eta Espainiako Gobernu ordezkariak baditu tresnak — itzultzaileak, besteak beste — udal horien akten edukia ulertzeko. Eta euskara hutsez egin izan diren ekitaldi batzuk —Segundo Ibarra Izurieta presoari iaz Bilbon eginiko harrera ekitaldia, kasurako —, «terrorismoaren apologiagatik» salatzeko erabili zituen bezala, erabil ditzala. Edo, askoz ere hobeto: euskaldun ditzala bere burua eta gidatzen duen erakundeko funtzionario erdaldun andana. Bada-eta garaia.