Igor Susaeta / 2015-09-18 / 1192 hitz
Lana dela-eta, urtean 300 bat pelikula ikusi behar izaten ditu Jose Luis Rebordinosek (Errenteria, Gipuzkoa, 1961). Donostiako Zinemaldiak irauten duen bederatzi egunetan, aldiz, bakanen bat. «Ez dut astirik izaten». Jaialdia beretzat erresistentzia fisikoko proba bat izaten dela dio, umorez. Goizeko zazpietan jaikitzen da, eta nekez oheratu 01.30ak baino lehen. «Nire egitekoa da gonbidatuei ongietorri egitea, jaialdiaren abegi ona adieraztea, ekitaldi ofizialetara joatea… Orain Kursaalean, orain Tabakaleran, orain Maria Cristinan…». Bestela ere hara eta hona ibiltzen da: Buenos Aires, Berlin eta Cannesko «azoketan», eta Paris, Londres, Los Angeles eta New Yorken, besteak beste, «pelikulak ikusten eta kudeketa lanean». Bosgarren urtea du karguan.
Iazko aldia hasi aurretik, Sail Ofiziala zure zuzendaritzapean osatutako indartsuena iruditzen zitzaizun. Aurten eskainiko duzuena defendatzea, saltzea tokatzen zaizu.
Beste jende askok ere esan zuen, e? [barreak]. Aurtengoa oso diferentea da. Asko gustatzen zaigu hautaketa. Uste dut askoz ere gauza ezezagun gehiago dituela, eta ikusi nahi dut zein harrera egiten zaion. Aurreko urte batzuetakoa baino arrisku handiagoa du programazioak. Terence Davies eta beste zuzendari inportante batzuk ere badaude, baina egia da izen ezagun gutxiago daudela. Ohikoarekin alderatuta ezberdinak diren filmen alde egin dugu.
Adibidez?
Evolution genero pelikula bat da, esaterako, eta High-Rise [J. D.] Ballarden kontakizun batean oinarritua dago. Ben Wheatley da egilea, Europan gaur egun dauden kultuzko zinemagileetako bat, pelikula zeharo diferenteak baina beti probokatzaileak egiten dituena. Bada beste film bat, bere hartan ezer arraroa ez duena baina animazio bat dena: Bakemono no ko / The Boy and The Beast. Zoragarria. Ikusi nahi dugu nola hartzen den gazteentzako animazio bat lehian egotea. Gauza berriak dira Zinemaldian; ez, ordea, beste jaialdi batzuetan. Halere, pelikula ia guztiek jada gauzak egin dituzten zuzendariak dauzkate atzean, eta oso zinemazalea denak ezagutzen ditu gehienak.
Pentsatzen duzu Zinemaldiaren bereizgarrietako bat izan behar duela Espainiako zinema eskaintzea.
Espainiako jaialdi garrantzitsuenak Espainiako zinemako lanik garrantzitsuenak eduki behar ditu; gertatzen dena da aurten film asko daudela asko gustatu zaizkigulako. Zinemaldiak ezin ditu Espainiako bi pelikula baino gutxiago jarri lehian, nahiz eta ez egon gustatzen zaizkigun bi. Bi ez egotea izugarria litzateke; Cannesen Frantziako hiruzpalau ez ematearen parekoa. Euskal zinemari dagokionez, hor dago Amama.
Pentsatzen dut denbora arrazoi pixka bat ematen ari zaigula. Iazko Sail Ofizialean egondako Espainiako pelikulek irabazi dituzte Goya sariak, egon dira Oscarretarako izendatuak, eta beste.
Amama aipatu duzu. Bigarren urtez jarraian lehiatuko da euskarazko film bat Sail Ofizialean. Orain bospasei urte ere egiten ziren pelikulak euskaraz, baina ez ziren hautatuak izaten.
Egin ziren TV movie -ak eta beste lan komertzialago batzuk, ez zirenak hain jaialdietakoak. Eta egile zinema egiten ari zirenak, jaialdiek gehiago bilatzen duten hori lantzen zutenak, hor zeuden, baina iruditzen zitzaigun ez zutela heldutasun hori lehian egoteko. Izan ere, euskal film batentzat bereziki gogorra izaten da lehiaketa, pelikula frantziarrei Cannesen gertatzen zaien bezala. Kanpokoek pentsatzen dute kuota bat bete behar delako ematen dituztela, eta gogortasun handiagoarekin epaitzen dituzte. Zinemaldian zazpi begirekin begiratzen zaio Espainiako zinemari; eta zer esanik ez euskal zinemari. Kuota dela, ez dela… Beti eduki dituzte kontatzeko istorioak, baina aldatu dena da Asier Altuna, [Jon] Garaño, [Jose Mari] Goenaga eta halako zuzendariak heldutasun formal batera heltzen ari direla. Hori dela-eta, haien pelikulek gehigarri bat daukate, zeinari esker ondo moldatzen diren Donostiakoaren moduko Sail Ofizialean. Badira, gainera, beste zuzendari batzuk. Ikusi ditut, esaterako Telmo Esnalen azken proiektuko irudi batzuk, eta itxura zoragarria du.Askotariko lanak ekoizten ari dira.
Zinemaldi baterako aukeratua izatea poztasunez hartzen dute egileek, baina iruditzen zaizu jaialdi batek ez diola beti onik egiten pelikula bati.
Ez dio zertan on egin, eta bada guk daukagun erantzukizun bat. Mundu guztiak egon nahi du Zinemaldian, baina, agian, pelikula batek ez du ondo funtzionatuko. Bere tokia bilatu behar diozu. Film batek, esaterako, ondo funtziona dezake Zuzendari Berriak-en, eta gaizki Sail Ofizialean.
Funtzionatzen ez duenean, hortaz, erantzule sentitzen zarete, nolabait.
Modu batean erantzule sentitzen gara, pixka bat, pixka bat bada ere, arrakastaren erantzule sentitzen garen neurrian. Porrotaren edo arrakastaren erantzule nagusia filma bera da, dena den.
Latinoamerikako zinemaren alde egindako apustua da Zinemaldiaren beste bereizgarrietako bat. Alberto Barbera Veneziako Zinemaldiko zuzendariaren esanetan, gauza berriak kontatzen dituen zinematografia bakarra da hangoa. Ados al zaude? Edo gehiegi esatea al da?
Latinoamerikako zinema gauza berriak kontatzen ari da, eta, gainera, sormen izugarria du: Venezian ikusi da, sari garrantzitsuenetako bi latinoamerikarrek irabazi dituzte-eta. Sormen izugarria dago, eta askotariko pelikulak egiten dituzte. Halere, kontuan hartu behar dugu kontinente oso batez ari garela hizketan. Kontinente hori bere garapen garaian dago; herrialde batzuetan zinemaren aldeko zerga politikak ezarri dituzte, eta, orduan, horrek ekoizpena handitzea eta dibertsifikatzea dakar. Azaleratzen ari diren herrialde horietan oso azkar aldatzen ari dira gauzak, eta, beraz, sormena ziztu bizian handitzen da. Halere, mundu osoan egiten da zinema interesgarria.
Aurrekontuari eutsi diozue: 7,5 milioi euro. Baina zure helburua litzateke hiruzpalau urteren buruan hori 9,5 milioikoa izatea. Nola lortu hori?
Kontua ez da 9,5 milioi eurora heltzea; nire helburua da aurrekontua handitzea, eta kopuru hori litzateke ideala. Gurearen moduko jaialdi batek kopuru horietan mugitu behar du; ez 12 milioi euroan, ez 15ean, ezta 7,5ean ere. Halere, oso-oso zaila ikusten dut 9,5 horietara heltzea. Espero dut aurrekontua hobetzea ekarpen publiko eta pribatuei esker.
Eta bi milioi euro gehiago, zertarako, zein helbururekin?
Hasteko, baldintza duinetan lan egin ahal izateko, lantalde handiagoak edukitzeko; izan ere, muga-mugan lan egiten da. Langile finkoek eta behin-behinekoek nik uste dudan baldintzetan lan egin dezaten, ordutegi, soldata eta besteri dagokienez, eta ez dauzkatenekin. Era berean, organigraman eraldaketaren batzuk egin nahiko genituzke, eta beharrezkoa dela uste dugun lanpostu bat sortu.
Eta, kanpora begira, ahalegindu ahal izateko lan gehiago egiten izar handien presentziari dagokionez. Lau urte daramatzagu jende gehiago ekartzen, baina arazo handiak dauzkagu. Garapen horrekin jarraitu nahi dugu, baina egoera oso estu batean gaude; izan ere, honek hazten jarraitzen badu, ez dugu gaitasunik gisa honetako jaialdi bat egiteak dauzkan kostuak gure gain hartzeko.
Publikoaren begietara, Zinemaldiari prestigioa ematen dioten gauzetako bat da Donostia sariaren izendapena. A priori ez dirudi Emily Watson denik alde horretatik ilusioa eragin dezakeen norbait…
Donostia saria planteatzeko moduaren arabera… Planteatzen badugu gauza herrikoi baten gisan, izarraren figura lehenesten badugu, Emily Watson ez litzateke egokiena. Baina hitz egiten badugu aktore batez, iruditzen zait Europan dagoen onenetako bat dela.
Baina historikoki izar handiek jaso izan dute saria…
Gustatuko litzaidake irizpide hori apur bat aldatzea. Zergatik ezin du zinemagile batek jaso? Noski, niri ere gustatuko zitzaidan aurten Hollywoodeko izar bat ekartzea; hau da, Watson batetik, eta izarra bestetik. Baina ezin izan dugu izar hori ekarri.
Halere, ez litzaidake bidezkoa irudituko Zinemaldia epaitzea, onerako edo txarrerako, urtean urteko Donostia sariaren arabera. Esan zen, adibidez, 60. urteurreneko aldia, 2012koa, inoizko onena izan zela. Ni ez nago ados. Esaten badidazu glamour handiena hark eduki zuela, bada, bai, dudarik gabe.
Geroz eta zailagoa al da izar bat ekartzea?
Esango nuke beti izan dela zaila, eta ekartzen baduzu, kasualitatez ekartzen duzu askotan. Begira: bizi oso bat generaman Denzel Washingtonen atzetik, baina ezin. Iaz, aldiz, pelikula batean parte hartu zuen, urrian zen estreinatzekoa Europan, eta pelikularentzat Donostia oso egokia zela konbentzitu ahal izan genuen. Gauza bera gertatzen da beste batzuetan. Zaila da, hasteko, lan asko egiten duen jendea delako. Denbora libre gutxi izaten dute, eta ulertzekoa da tarte hori familiarekin pasatu nahi izatea… Egin hamalau orduko bidaia bat, hemen 24 orduz egoteko, gero Europako beste toki batera joateko…