«Nire alde irrazionala erakusten du arteak»

Ander Gartzia Badiola / 2015-09-17 / 570 hitz

Ekonomia ikasketak egin arren, Mikel Belaskoainek (Iruñea, 1978) oso gaztetatik sentitu du adierazteko beharrizana, eta, bide horretan, artea izan du bozgorailu.

Jauzi handia dago ekonomiatik artera.

Txikitatik izan dut sentimendu oso sakon bat. Asko idazten nuen, eta literatura nire bizitzaren parte da. Geroago ezagutu nuen margolaritza, eta aurkikuntza horrek goitik behera aldatu ninduen. Argi daukat bizitza osoan egingo dudan jarduera dela, eta, horregatik, patxadaz hartzen dut. Gauza berriak ikasiz noa atal bakoitzean.

Beharrezkoa duzu artea?

Pertsona nahiko arrazionaltzat dut neure burua, baina arteak nire alde irrazionala erakusten du. Lotura egiten du nire bizitzaren beste aldearekin, azaldu ezin denarekin .

Ceremonia.

Nire proiektuak aurkezteko erabiltzen ditudan hitzek garrantzi handia izaten dute. Kasu honetan, Ceremonia-k. Askok galdetzen didate erakusketa bat ala kontzertu bat den. Zeremonia bat da.

Egun bakarrekoa izango al da?

Zeremoniek bi edo hiru egun iraun dezakete, baina baita egun bakarra ere. Zeremoniaren zentzua iraupen gutxikoa da. Ceremonia igandean ospatuko da Bilborocken. Larunbatean, hala ere, aurkeztuko ditudan obrak ikusi ahalko dira. Horretarako, bost metro garai den burdinazko triangelu bat eraiki dut.

Ceremony. Ian Curtisek hil aurretik konposatu zuen azken kantua omen da. Keinu bat al da?

Nire alaba duela bi urte jaio zen, goizeko zazpietan. Bada, goiz hartan burura etorri zitzaidan aurreneko abestia horixe izan zen. Bururatzen zaizkizun gauza irrazional horietako bat izan zen. Musikazale hutsa naiz. Geroztik, asko sakondu dut abesti horretan. Errenazimentu kutsu handia du, doinu iluna izan arren.

Zer dakarkizu burura abestiak?

Arreta osoa abestiaren hitzetan jarriz gero, harekin bat egiten dut. Hori gertatu zitzaidan, bereziki, Ceremonia proiektua garatzen jardun nuen denboran. Sintesirako abilezia aparta antzeman daiteke gisa honetako abesti ospetsu batean. Egia da proiektuak erreferentzia egiten diola Joy Divisioni eta Ian Curtisi. Ez da bakarra, halere.

Zure erakusketetan musikak pisu handia izan du beti.

Hamar urte nituenetik kontsumitu izan dut musika. Musikarekin margotzen dut. Lantegian nagoenean gogo aldarte bat edo beste izaten dut entzuten nagoen abestiaren arabera. Nire margolanak espresionistak dira, eta jabetu naiz gogo aldartea koadroetan islatzen dela.

Emakumearen irudia gurtuko duzu igandean. Zergatik?

Emakumeak garrantzi handia du, niretzat, ikuspuntu subjektibo batetik. Ez naiz diskurtso sozial edo politiko batean sartuko. Nire bizitzan pisu handia izan dute emakumeek. Espresionismoan sakonduz joan naizen heinean, emakumearen irudian zentratu naiz. Edertasuna da nire adierazteko formaren zutabe handietako bat. Emakumeari egindako omenaldi subjektiboa da Ceremonia.

Cristina Martinez de Lana El columpio asesinoko abeslariaren irudian jarri dituzu begiak.

Lagun handia dut Cristina. Pisu handia du proiektu honetan. Plano nagusian kokatzen da, zentroan, bakarrik. Zama guztia askatzen du, obrak oso astunak baitira. Zementu askoko lanak dira. Irudiek bertatik atera nahi dute. Historiaren pisua eraman du mendeen joanean emakumeak. Hori da Cristinak irudikatzen duena performance honetan.

Bilborocken izatea, gainera, berezia al da?

Eraikinak bigarren bizitza bat du orain, eliza zahar bat izan eta gero. Bistakoa da. Zeremonia bat emakumea duena ardatz, eliza batean, igandez… Sinbolikoki, gauza ageriko da. Bilbok, gainera, esanahi handia du niretzat.

Koadroak, kontzertua, antzezlana… Jendea ez ote da galduko?

Zeremonia bakoitza ezberdina da. Iruñean, konbentzionalagoa izan zen. Jendeak koadroak ikusi ostean, performance bat egin genuen. Bilbon, performancean zentratuko gara, eszenografian. Cristinaren irudiak bat egingo du obrarekin. Uste dut musika ere estetikaren parte dela.

Artetik bizi al daiteke?

Baietz uste dut. Hala ere, buelta emango nioke esaldiari. Nire kasuan, esango nuke artea dela nire bizitza. Aurreneko erakusketetan, jendeak galdetzen zidan ea zenbat koadro saltzen nituen. Nik ez diot jendeari galdetzen ea zenbat diru itzuli dion Ogasunak errenta aitorpenean. Gauza da formula berriak asmatu behar direla.

Doo Arts lantegian egiten duzu lan. Zer da, zehazki?

Leku fisiko, birtual eta mentala da. Proiektuak aurrera eramateko laborategi esperimentala da. Luzerako proiektuak garatzen ditut, beharrezko dudan patxadarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.