Pello Artabe-Maialen Belarra / 2015-09-22 / 801 hitz
Gure klubean umeen jolasa dela esanez gero, haserretu egiten dira!». Argi dago Irungo Bidasoa Automodelismo Elkartean (Gipuzkoa) serio hartzen dutela eskala txikiko autoen zaletasuna. Rafael Reyes lehendakariaren esanetan, ume baten eta nagusi baten jostailuaren arteko desberdintasuna soilik prezioan dago. Izan ere, adin tarte zabala barne hartzen du zaletasun horrek: euren arteko zaharrena 60 urteren bueltan dabil eta gaztetxoenak 9 urte ditu.
1989an sortu zuten kluba, eta Reyes bera duela zazpi urte egin zen bazkide. Hogeita hamar bat lagun dira, Bidasoaldekoak eta Donostiakoak, eta Irungo Meaka auzoan daukate euren zirkuitua. Han ibiltzen dira euren autoekin gora eta behera, jauzika eta irristaka, eta abiadura bizian norgehiagokan. Lur orotarako (TT) zirkuitua daukate, Gipuzkoako bakarra. «Donostian pistazko zirkuitu berri bat egiten ari dira, baina ni neu ez nau erakartzen, lurra gustukoago dut», argitu du Reyesek. Pistazko zirkuitua esaten duenean, asfalto edo moketazko zorua dutenen inguruan ari da; zirkuitu bakoitzak bere berezitasun propioak baititu.
Bilbon, Gasteizen, Noainen eta Villatuertan (Nafarroa) ere badago automodelismo zaletasunik, nor bere zirkuituarekin, eta denek elkar ezagutzen dute. «Lau leku horietan Irungoa bezalako lokatzezko zirkuituak dituzte, eta elkarretaratzeak egiten ditugu gure artean». Bilbokoak eta Noaingoak aterpea daukate, ez baita komeni autoak euriarekin bustitzea: «Badaude gasolinarekin ibiltzen direnak ere, baina gure autoak elektrikoak dira, eta ezin dira busti».
Zenbat buru, hainbat eredu
Autoak dira, nola ez, zaletasun horretako oinarrizko lehengaiak. Besteak beste, 1/10 eskalakoak erabiltzen dituzte klubek, TT motakoak gehienak, hots, lur orotarako atzeko trakziodunak. Dena den, badaude beste eskala batzuetako autoak ere.
Buggy izenez ezagutzen dira gidatzen dituzten auto horiek. Hala ere, azkenaldian short course izeneko kamionetak modan jarri dira. Buggy-ak baino handiagoak dira, karrozeria lodiagoa daukate, eta zirkuitu berberetan aritu arren, kategoria desberdinetan lehiatzen dira. «Buggy-a lurrari itsatsiago doa, eta arinago. Short course-a, ordea, handiagoa izanik, astunagoa eta baldarragoa da, baina oso dibertigarria», dio Reyesek. Buggy-en abiadurari buruz galdetuta, orduko 60 kilometroko abiadura ere gainditu dezaketela baieztatu du.
Taldean gidari «oso onak» dituzte, baita mekanikariak ere, mantentze lanak egoki egitea ezinbestekoa baita funtzionamendu egokia bermatzeko: txasisa, elektronika, arrodamenduak, motelgailuak… «Eta gero gure trikimailuak dauzkagu, azkarrago joateko», aitortu du Reyesek. Dena den, trikimailu horiek lehen postuetan lehiatu nahi dutenentzako direla argitu du, gidari sutsuenentzat.
Euskadiko txapelketa hainbat bider irabazi duten kideak dituzte Irungo klubean, eta baita Europan lehiatu direnak ere. Azken hiru urteotan, ordea, ez da egin Euskadiko txapelketarik, baina Reyesek ilusioz dio noizbait berrartuko dutela. Halere, aurten Hego Euskal Herriko lehen txapelketa antolatu dute, lau kluben artean, buggy eta short course mailan.
28 aldiz txikiagoak
Azken bi eredu horientzako zirkuituak ere eduki arren, bestelako ezaugarriak dituzten auto batzuetan adituak dira Villatuertako 948RC Kesma Team klubekoak: miniZ izeneko ereduetan, hain zuzen. Auto horiek errealak baino 28 aldiz txikiagoak dira, eta ez dira gai buggy-ek hartzen duten abiaduran ibiltzeko: «Proportzioan, oso abiadura handia hartzen dute; orduko 40 kilometroko abiaduran ibil daitezke», azaldu du Jorge Urriza Villatuertako klubeko kideak.
Kesma Team Nafarroako miniZen zirkuitu bakarra bada ere, Bilbon eta Gasteizen ere badaude halakoak. «Horrez gain, Drift izeneko ibilbide txiki bat dugu Villatuertan, autoarekin derrapatzen ibiltzeko, kurbaz beteta. Kasu horretan abiadurak ez du batere axola», gehitu du Urrizak. Hamalau bazkidek osatzen dute elkartea, eta gehienak nafarrak izan arren, badago Calahorrako eta Soriakoren bat ere (Espainia).
MiniZ arrunt batek 120-130 euro inguru balio ditu; hortik gora nahi adina aukera daude. Auto bat erosi bezain azkar, motorra aldatu behar zaio, eta aluminiozko frakzioak jarri, Urrizak argitu duenez. Oinarrizko ezagutza batzuk izatea ezinbestekoa da, beraz. «Dena den, auto bat erosi baino lehen, komeni da klub batera jotzea, han dauden autoak probatzeko, eta nola funtzionatzen duten ikusteko, guztiak ezberdinak baitira».
Nazioarteko finala
Irailaren 6an Espainiako miniZ txapelketaren finala ospatu zuten 948RC Kesma Team klubean, hiru urte geldirik egon ondoren. Izan ere, krisiak eraginda jendea ezin zen hain erraz mugitu «punta batetik bestera», eta azken urteotan ez da nazioarteko txapelketarik egin. 2014 bukaeran jarri ziren berriro ere martxan, Bartzelonako klub batek berriz biltzen hastea proposatu zuenean.
Hiru proba zituen guztira lehiaketak. Bartzelonan, Madrilen eta Villatuertan egin ziren hirurak, eta 28, 22 eta 15 pilotu aurkeztu ziren, hurrenez hurren. «Finalean gutxiago egon gara. Data txarra zen, jendea oporretan edo handik bueltatu berria zelako», gaineratu du 948RC Kesma Team klubeko bazkideak.
Proba bakoitzean pilotuek puntuak pilatu zituzten, eta finalean guztiak batuta gehien zituenak irabazi zuen. Hala eta guztiz ere, lehiakortasunaren gainetik laguntasuna dagoela argitu dute parte hartzaileek. «Elkar zirikatzen dugu, noski, baina oso giro ona daukagu». Asteburu honetan Nafarroako miniZ lehiaketaren proba bat izan dute Villatuertan, eta hor ere «giro paregabea» izan dutela baieztatu du Urrizak.
Auto telegidatuetan adituak direnek garbi dute txapelketa batean lehiatzeko ezinbestekoa dela pazientzia izatea. Asko entrenatu behar da, irrati kanalarekin egoki moldatzeko, eta autoa behar bezala ezagutzeko. «Halere, irabazten duena ez da azkarren doana izaten, maniobrak hoberen egiten dituena baizik», argi utzi nahi izan du Urrizak. «Kontrolik gabeko indarrak ez du ezertarako balio. Hobe da mantsoago joan era egonkor batean, azkar eta kolpeak hartzen baino».