Tradizioa traizionatuz

Angel Aldarondo / 2015-09-22 / 241 hitz

‘Amama’

Zuzendaria: Asier Altuna. Aktoreak: Kandido Uranga, Iraia Elias, Amparo Badiola, Ander Lipus. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 103 minutu.

Asier Altuna beti izan da zinemagile ausarta, irmoa eta kementsua, erronka handien maitalea. Bere filmografian ondo erakutsi digu, batez ere bere film labur ospetsuenetan. Bere estiloari leial, Amama-n bere unibertso guztia bildu du. Mimo handiz, xehetasun guztiak ahitu arte landu ditu, baserriaren tradizioa apurtzeko gai diren belaunaldien arteko gatazkak kontatzeko, modernitatea ekar dezakeen edozein saialdi geldiarazten duten sustraien zama desestaliz.

Euskal familia tradizionalaren izaera iharraren eta antzinako ohituren erretratu egiati eta zuzena marraztea lortu du. Baserrian kokatu izana, batzuek aitzakia gisa uler dezakete, arrantzaleen ingurunean edo makina-tresnen lantegietan antzerako portaera-patroiak errepikatzen baitira: lana zutabe existentzial bakarrean oinarritzen diren unitate familiar itogarriak, soilik biziraupena bilatzen monolito bihurtzen direnak. Umetatik emozionalki zikiratuak, desagertzekotan dauden gizon eta emakumeek, goganbehartzen dituzten garai berriei nekez lortuko dute trantsizio emozionala.

Ikuspegi etxezuloa izan arren, gai unibertsala jorratzen du Amama-k, bai hondo eta bai forman, hainbesteraino non zinema japoniar exotikoarekin bat egiten duen. Zentzu honetan, euskaldun zinemagile berrien ezaugarri dela baieztatu dezakegu.

Altunaren anbizio handiko proposamenak euskal kultura eta artelan adierazgarrien erreferentziaz josita dago —Oteiza, Sistiaga, Uribe edo Basterretxea sentitu ditzakegu—, sekulako ikuskizun ikaragarria eraikiz. Cocktail izugarri honetan, sinbolismoa —akaso zenbait ikuslerentzat azpimarratuegia—, bideoartea eta poetika bisuala uztartzen ditu, edertasun handiko uneak lortu arte. Altunak ondo daki bidelagunak aukeratzen, eta Javi Agirre edo Mursego handien zereginak aipagarriak dira, besteak beste.

Zorionez, bere argumentu apalean, egoeren drama ez da behartua izan, mezua desitxuratu zezakeen tragedia saihetsiz. Altuna konstruktibo azaldu da, oxigenoa eta argia intsuflatuz, itxaropena emanez neolitikoko argazki ilunari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.