Zipriztinduta

Elixabete Garmendia / 2015-09-16 / 472 hitz

Begirik kendu gabe ikusi du zortzi urteko neskatoak 36ko gerrako oroitzapenak biltzen dituen dokumentala. Amamaren —bere birramonaren— hitzei erreparatu die bereziki, eta buruan itsatsi zaio pasarte bat: «Deskarga itxi itxi bat eta gero ta-ta-ta, horik los tiros de gracia». Ohetik entzundako fusilamenduen deskripzioa.

1936ko urriaren 15etik 16rako gauerdian izan ziren fusilamendu horiek Ormaiztegin, hilerriko sarreran. Hilabete lehenago sartu ziren nazionalak herrian (etzi beteko dira 79 urte). Biharamunean argitaratu zuten albistea egunkariek; Diario Vasco-k honela zioen: «… se tomó Ormaiztegui, donde, por cierto, los rojos habían volado el puente de hierro, aunque no en la proporción que ellos hubieran querido indudablemente». La Voz de España-k, antzeko tonuan, egiatik gertuago kontatzen du zubiarena: «… los rojos, en su huida, destruyeron el viaducto».

Izan ere, lehertu ez, moztu egin zuten trenbideko zubia Errepublikaren aldekoek. Hasieran bai, leherketa egitea pentsatu zuten agintariek, eta dinamitari asturiarrak bidali zituzten horretarako; baina herriko errepublikazaleek, zubiaren leherketak eragin zezakeen txikizioaren beldur, konbentzitu zituzten goikoak, horren ordez, zubia moztu zedin. Bergarako Labe Garaietatik etorritako langileek bi zati zerratu zizkioten zubiari, Madrilerako norabidean, sopleteak erabiliz; irailaren 15ean hasi, eta bi egun eman zituzten lantegi horretan; ozta-ozta bukatu zuten, Francoren tropak sartu zirenerako.

Mola jenerala bera etorri omen zen sabotajeari neurria hartu eta hura konpontzeko burubideak martxan jartzera. Konpondu eta ordainarazi: hilabete baino lehen hiru gizon fusilatu zituzten, zubiaren eraisketan parte hartu izana leporatuta. Bata Guillermo Martínez, 77 urte, Jefe Xaharra deitzen zioten Oñatin, tren geltokiko buru izana zelako; herri hartako Centro Republicanoko presidentea ere bazen. Bigarrena, Antonio Galdos (Oñati, 1906), Unión Cerrajerako enplegatua zen, eta Bergarako Labe Garaietan lan egiten zuen; alaba postumo bat utzi zuen. Hirugarrena mutil gazte bat omen zen, Santanderrekoa edo, baina ez dago haren arrastorik Ormaiztegiko parrokiako dokumentuetan. Bai, aldiz, egun batzuk lehenago fusilatu zuten Felix Alzelai gazte hernaniarrarena. Honek zeramatzan bortzegiak falangista baten oinetan ikusi zituen lekuko batek biharamun eguerdian. Gorpuari ere lapurreta egin behar.

El botín (Pamiela, 2015) argitaratu berri du Miguel Sánchez-Ostizek; El escarmiento (Pamiela, 2013) eta La sombra del escarmiento-ren (Pamiela, 2014) segidan dator. Eskarmentua hitza Mola jeneralari hartua dela aitortzen du idazle nafarrak; gerrako lehen uda hartan frankistek Nafarroan egindako hilketen eta ezarritako errepresio basatiaren narrazioa da. Sánchez-Ostizek esaten du lehen ere kontatua zegoela hori dena, baina berak, berridazketarekin, garai hartan biziko zen giroa islatu nahi izan zuela. Eta —idazlearen maisutasuna hor— a zer nola lortzen duen helburua, hain berea duen idazkera gordin gihartsu hori mugaraino eramanez. El botín-en gero irabazle gertatuko ziren altxatuek indarrean jarri zuten errepresio ekonomikoari heltzen dio: desjabetzeak, isunak, dohaintza behartuak eta asma litezkeen era guztietako lapurretak. Baita gertatutakoaren kontakizunarena ere.

Ez dira irakurtzeko liburu erosoak: ezinegona sortzen dute, larritasuna, gainezka egiten du izugarrikeriak… egileak txertatu egiten dizu bera ere, idazterakoan, pairatzen ari den sufrimendua. Izan ere —Sánchez-Ostizen hitzetan— «jende askoren minarekin eta minaren gainean daude idatzita istorio negargarri haiek. Eta tinta horrekin, oso arraroa litzateke zipriztinduta ez bukatzea».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.