Ezezagun denera maitasunez

Gorka Erostarbe / 2015-10-21 / 578 hitz

Itxaso Azpitartek 17 urte ditu egun, eta Bilbon bizi da. Lau hilabete zituenean, gaitz neurologiko bat zuela esan zioten haren amari, Maier Gurrutxagari. Gaitzari ez diote izen zehatzik eman oraindik medikuek. Aldiz, gaixotasunaren esanahia argitu nahian, erantzun bila ibili dira ama eta familia osoa. Bide luzea izan da, eta, tartean, pediatrak, neurologoak eta bestelako hainbat espezialista ezagutu dituzte; hamaika ate ireki dituzte, batzuk osasun arloan, beste zenbait hezkuntzan… baina, jasotako erantzunen gainetik, Itxasoren mundu bereziari erreparatzen ikasi dute. Eta Itxasoren mundu horri jarri dio fokua —ezin du hitz egin eta ezta ibili ere, giharretan ez baitu nahikoa indarrik—, hain zuzen ere, Lorea Perez Albeniz zinemagile eta gidoilariak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1974) Itsasoari begira dokumentalean.

Udaberrian estreinatu zuten filma; Elgoibarko Herriko Antzokian, EHUren Bizkaia aretoan (Bilbo) eta Galdakaoko Torrezabal kultur etxean eman zuten, «eta oso harrera ona» izan zuen, egilearen hitzetan. Gaur Bilboko Azkuna zentroan emango dute (19:30), Zinema Ikusezina jaialdiaren barruan, eta filmaren amaieran mahai ingurua egingo da gainera, Itxasoren ama, Maier, bertan izango delarik.

Film dokumental laburra da, ordubetera iristen ez dena, baina samurtasunaren bidez «eta dramatismoak alboratuz» gaitz neurologikoak dituztenen mundua ulertzeko aukera eskaintzen duena. Itsasoari begira «mundu txiki erraldoi horretara zuzendutako begirada da, eta haur horien berri ematen du era positiboan». Nola ulertu haur berezi horien mundua? Lagun eta senideen adierazpenez gain, Itxasne neskato txikiak Itxasoren mundua deskribatuko du, adibidez, filmean, «haur berezien mundua ulertzeko begiak irekita izan behar ditugula erakutsiz». Itxasoren lagunek izaera eta iritzi desberdinak dituzte: kontrajarri egiten dira batzuetan; osagarri dira beste batzuetan. Azken urteotako gertaeren narrazioaren bidez, haien erreakzio eta sentimenduen berri jasoko du ikus-entzuleak.

Eta ez soilik ikus-entzuleek; filmaren egileak berak ere ikasi du «begiak eta barrena irekitzen» Itxasoren istorioaren bidez. Lorea Perez Albenizek aurrez ezagutzen zuen Itxaso, haren amaren laguna baita, baina kasua gertuagotik eta denbora jarraituan bizitzeak gauzak beste modu batera ikusten erakutsi diola dio: «Asko ikasi dugu guztiok, Itxasorenak berarenak ez, baizik gure hutsuneak zein diren erakusteko balio baitute halako kasuek».

Denboraz egindako lana

Itxaso eta Maierren eguneroko errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen Perez Albenizek astebetez, denak Bilbon bizi zirela, eta dokumentalaren ideia otu zitzaion. Proiektua amari planteatu eta baietza jaso zuenetik lana amaitu bitartean bizpahiru urte igaro ziren. Lasai egin dute lan, aurrekontua osatzeko beharrezko zen dirua lortzeko ere denbora behar izan baitute. «Eszenak oso ondo prestatzen genituen Itxaso ez zedin urduriegi jar. Gu urduritu gaitezkeen egoeretan, berak ere estresa senti dezake. Horregatik, ahalik eta jende gutxienarekin saiatzen ginen bera agertzen zeneko sekuentziak grabatzen, kamera eta audio arduradunekin bakarrik askotan». Alde horretatik ere, «ikasgai» bat jaso du lantalde guztiak, egilearen iritzian.

Zesatenjuenaz ekoiztetxe kooperatiboa sortu zuten proiektua aurrera eraman ahal izateko. Lehenik, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bat jaso zuten egitasmoa garatzeko, 2011n. Gero, 2012. urtean, finantzaketa kolektiborako kanpaina bat jarri zuten abian, eta hainbat norbanako eta erakunde pribatuk diru laguntza eman zuten. 2014an, Elgoibar eta Galdakaoko udalen laguntza ekonomikoa jaso zuen. Dokumentala «ez da produktu komertziala» egilearen hitzetan, eta horrek zaildu egiten du haren hedapena. «Interesgarria litzateke dokumentala hainbat jaialditan eta udaletik udalera zabaldu ahal izatea, kontatzen duen errealitatea edonorentzat baita aberasgarria». Perez Albenizek urteetan lan egin izan du gidoigile gisa telebistarako, Baleuko ekoiztetxearen bitartez. Besteak beste, Euskaltzaindia, mende baten atarian, GURS: Euskaldunen infernua 70 urteren ostean, eta Goazen gudari danok film dokumentaletan parte hartu izan du. Aurrerantzean, zinema egiten eta batez ere gidoiak idazten jarraitu nahi luke. «Orain, neure kabuz ari naiz lanean. Haurrekin lan egin izan dut, eta animazioko film bat daukat esku artean, beste zenbait proiekturen artean. Ikusiko dugu denborarekin…».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.