Andoni Egaña / 2015-10-25 / 514 hitz
Autoeskola irakasleek grebara jo duten honetan, adibide txarra ez litzatekeela aitortu behar dut. Ez naiz grebaz ari, hori ere izan zitekeen baina. Ari naiz duela lau-bost urte hartu nuen ezustekoaz. Garai batean denbora behar izaten zen gidabaimena ateratzeko. Eskola teorikoak, azkarrenak ere joan-etorri mordoa testak betetzera, eta praktika orduak, estraperloan euren kontura ibilitakoek eta trebeek gutxiago traketsek baino. Uda horretarakoxe hartutako ikasle gazteak ez ginen gutxi. Duela lau-bost urte, oso gertuko batek deus ez jakitetik teorikoa eta praktikoa aprobatzera oso denbora tarte urria eman zuen. Teorikoa aste betean. Praktikoa ez dut zehazki gogoan, baina hor nonbait beste pare batean. Gidatzea buruan ere ez izatetik gidabaimena eskuetan izatera hilabete eskas. Metodoari eman nion meritua: trinkoagoa, zehatzagoa, ongi enfokatua, ikasleen premietara hobeki egokitua… EGA, Euskararen Gaitasun Agiriari buruz Eusko Legebiltzarrean izan den bilerak ekarri dit gogora gidabaimenarena. Badakigu gidabaimena lortu berri duen gehienak ez duela gidatzen ikasi, proba gainditzen baizik. Gogoan izango du bakoitzak autoa hartu eta lehen aldi haietan orain gezurra diruditen zenbat kezka izaten zituen abiatzean. Hiriko zirkulazio handiari, biribilguneei, norabideei… beldurra. Aldapa pikoetan geratu eta abiatu ezinari izua. Bestela ez genuela asmatuko eta bazenezbazen baterian aparkatze aldera oinez metro asko egiteko perezarik eza. Bagenekien bolantean jartzen eta autoari atzera-aurrera eragiten, baina ez genekien gidatzen. Nire kasuan, Donostiako Belodromoaren paretik aurrera edo Malmasingo tuneletik aitzinera egitea mundu ezezagun eta kontrolik gabe batean murgiltzea zen.
Ibilian ibilian ikasten da gidatzen; hitz eginez euskaraz. Pernandoren egiak. Oso gutxitan bezala, Eusko Legebiltzarreko talde guztiak bat etorri ziren (erdizka bat etortzea bat etortzea bada) eta Jaurlaritzari bi eskakizun egin dizkiote EGA azterketa dela eta. Lau hilabetean iker dezala probaren egoera eta proposa ditzala azterketaren inguruko hobekuntzak errealitate soziolinguistikora egokitzeko. Ongi. Harrigarriki zehatz eta epez xehe.
EGArena ez da ordea sintoma baino. Arrazoi zuen Bilduko Xabier Isasi legebiltzarkideak. Hizkuntzen asimetrian datza gakoa. Hemen eta orain gaztelera eta frantsesa beharrezkoak dira, eta euskara ez hain beharrezko. Euskarak ere badu bere gidabaimena, baina ez du Donostiako Belodromo edo Malmasingo tunelik eta haiek behin eta berriz gainditzean ikasten da, zinez, gidatzen. Gainera, erroetara bueltaska bat egiteak ere ez liguke kalterik egingo. Lehen, kontuak bestela ziren, baina, egun, EGA azterketara aurkezten diren %70 hogei urtetik beherakoak dira, nonbait, hezkuntza arautuaren inertzia baliatuz zuzenean probara doazenak. Eta ikasle horien artean porrota hainbestekoa bada, inertziaren indar eskasari begiratu beharko diogu beste ezeri baino lehen. Hainbeste urtean indarrean dirauten ereduen errebisioa ez litzateke gaizki etorriko.
Estimatzen da talde guztiek, arrazoi desberdinengatik segur aski, aho batez kezka azaldu izana. Eta estimatzen UPDko Gorka Maneiroren egia: «Suspenditu egin nuen, baina ez proba gaizki planteatu zegoelako, baizik eta mailarik ez dudalako». Eta arrazoi du EAJko Garbiñe Mendizabalek ere: «Garrantzitsua ez da titulu bat, baizik eta ikastea eta erabiltzea. Normal jarduteko ez da prezisoa EGA». Normal jardutea zer den erabakitzea ere ez litzateke txarra ordea. Horretan, euskarari dagokionean are nabarmenago, erakundeek normaltasunaren alde egin behar lukete. Eta zer da normaltasuna? Tabakalerako sarrerako erakusketaren panela irakurri eta tonto sentitzen duzu zeure burua; euskal telebista publikoak euskarazko katean emititzen duen reality-ko solasaldiak entzun, eta Einstein. Ba, normaltasuna horixe da: botere publikoek hobetsi edo ez hobetsi, bi mutur horien tartean dagoen gainerako guzti-guztia.