Marta Luxan Serrano, Joxi Imaz Bengoetxea, Oier Gonzalez Bilbatua/ 2015-10-28 / 554 hitz
Hezkuntzari buruz hausnartzen dugunean, planteatu beharko genukeen lehendabiziko galderetako bat da: «Zertarako hezi nahi dugu, dagoena erreproduzitzeko edo eraldatzeko?». Gure ustez, eraldaketa soziala bultzatu behar du hezkuntzak, eraldaketa ezinbestekotzat jotzen baitugu. Hona hemen gure arrazoiak: gaur egungo eredu sozioekonomikoa eraldatu beharra dago gehiengoaren esplotazioan oinarritzen den sistema delako (irabazien zati handi bat plusbaliaren bilaketatik baitator); kapitalismoa eraldatu beharra dago etengabeko hazkundea behar duelako, eta logika horrek talka egiten duelako planeta honen muga fisiko-naturalekin (kritika ekologikoa); jendarte eredu hau eraldatu beharra dago, aberastasun ekonomikoaren eta boterearen kontzentrazioa bultzatzen duelako, justizia soziala ezinezko entelekia bilakatuz; kapitalismoa zalantzan jarri beharra dago komunak diren baliabideak pribatizatu egiten dituelako; eta eraldaketa soziala bultzatu beharra dago, jendarte eredu honek desberdintasun sozial handiak sortzen dituelako, modu bidegabean gainera, bai gizarte industrial eta post-industrialen barnean, bai munduko herrien artean, eta baita sexu eta genero artean ere.
Egoera honen aurrean, hezkuntza sistema formalaren eta ez-formalaren lehentasun nagusietako bat eraldaketa sozialaren beharraz kontzientziatzea eta eraldaketa bultzatzea izan beharko luke.
Louis Althusser edo Pierre Bourdieu autore kritikoek 1970eko hamarkadan idatzi zuten hezkuntza sistema, sistema kapitalistaren «erreprodukzio aparatu» bat gehiago zela. Eta hamaika ebidentzia dauzkagu hipotesi horrek zentzua baduela pentsatzeko. Baina horretara mugatu beharrean, gure ustez egia da hezkuntza «erresistentzia eta eraldaketa tresna» ere izan daitekeela, Paulo Freire, Michael Apple edo Henry Girouxek defendatzen duten moduan. Zer esanik ez, egun Euskal Herrian gauzatzen ari diren herri jakintzen inguruko ekimen ezberdinek, dela eskola libre zein kolektiboen formakuntza ildoetan, beraien praktikatik uneoro mahai gaineratzen duten aukera dugu eraldaketa.
Jane Anyonentzat, adibidez, hezkuntzarena «borroka zelai» bat gehiago da. Paulo Freirentzat, zapalduen indartze eta askatze prozesuan lagun dezakeen tresna. Henry Girouxentzat, proiektu politiko zabalago baten barnean kokatzen den borroka, bertan hezitzaileak intelektual eraldatzaile rola hartu beharko luketelarik. Nelson Mandelak ere esan zuen, hezkuntza zela eraldaketa soziala lortzeko armarik indartsuenetakoa. Michael Applen ustez, klase, genero eta arraza-etnia ezberdintasunen aurka borrokatzen ari direnak erakutsi dute curriculumaren aldaketa posible dela, gizarte demokratikoago baterako bidean.
Eta horretarako, kontuan eduki behar den lehendabiziko gauzetako bat da hezkuntza beti dela fenomeno sozial eta politikoa. Emile Durkheimek, adibidez, aztertu zuen nola guk gure bizimodua askotan «bokazio indibidualetik» esplikatzen dugun, baina nola azken batean faktore sozialek aukera horietan duten pisua garrantzitsua den: horregatik zeuden hainbeste apaiz-fraide eta moja gizarte tradizionalean, eta horregatik daude hainbeste ingeniari gure gizarte zientifiko-industrialean. Paulo Freirek asko azpimarratzen zuen hezkuntzak daukan eta izan behar duen izaera politikoa. Izan ere, hezkuntzan eta gizarte zientzietan, neutraltasuna ezinezkoa da, hezitzailea eta ikerlaria jendartearen parte dira, beraien heziketa prozesu propioaren subjektibotasun eraikiak. Eta, gainera, asko saiatu arren, ustezko jarrera neutralaren ondorioak ez dira neutralak izango, botere bat eta honen kontra-boterea borrokan ari direnean, parte hartzen ez dutenen jarrerak statu quo-ari egiten baitio mesede. Henry Girouxentzat adibidez, hezkuntza «praktika moral eta politikoa da, zeren hezkuntzak beti eskatzen du etorkizunaren ikuspegi bat» edukitzea.
Eraldatzailea, egungo botere asimetriak irauli nahi-behar dituen hezkuntzak ere «eskuak zikintzea» eskatzen du beraz, bertako borroka partikularretan inplikatuaz, borroka unibertsalak besarkatzen.