Onintza Irureta / 2015-10-30 / 341 hitz
Notariotzara joan eta haien harremana erregistratu dute. Haurra izateko asmotan dira. Familia tradizionalaren eredua hankaz gora jarri dute.
Ez da ordea, Brasilen halakorik gertatzen den lehenengo aldia. 2012an bi emakume eta gizonezko bat “ezkondu” ziren notariotzan.
Notariotzan erregistratuta, familiatzat hartzen da hirukotea, ondasunen banaketa egin dute eta hiruretako batek beste biek izan ditzaketen osasun egoera berezietan erabakiak har ditzake. Bakoitzak bere testamentua egin du.
2016an hiruretako batek intseminazio artifizial bidez haurra izateko asmoa duela adierazi du hirukoteak, eta hiruren abizenak izatea nahi dute. Haurra izan nahi duenak honela hitz egin du O Globo egunkarian: “Familia gara. Maitasunaren fruitua da gure batasuna. Haurra eta gutako inor babesik gabe gera ez dadin legalizatu dugu gure harremana. Edonork dituen eskubideez gozatu nahi dugu, baita ama izateko aukeraz ere”.
Brasilgo auzitegietan ez dago jurisprudentziarik halako elkartzeen aldeko edo aurkako epaiak emateko. Beraz, kasuan kasuan interpretazioak egiten dira. Hirukotea “ezkondu” duen Fernanda de Freitas notarioak dio familiaren zutabea maitasuna dela eta hiru emakume horiek ezaugarri guztiak dituztela familia izateko: maitasuna, harreman egonkorra, haurra izateko gogoa…
Lege aldetik sortzen diren arazoen aurrean honela mintzatu da notarioa: “Bikote homosexualak ofizial egiten hasi nintzenean gauza bera gertatzen zen, ilegal ari nintzela esaten zidaten. Tradizioa gainditzen duten elkartze guztiek bidea irekitzen diete besteei”.
Aurkakoen ustez, batze horrek ez du inolako balio legalik, batura bakarra bi pertsonen artean egin baitaiteke, izan sexu desberdineko edo sexu bereko. Poligamia litzateke konstituzioaren begietara. Aldiz, Brasilen bezala mundu zabalean berria ez den kontzeptuak indarra hartu du, polimaitasunak. Bi pertsona baino gehiago maitasun eta sexu harreman egonkorrean murgiltzen direnean polimaitasuna deitzen zaio. Brasilen bertan, Río de Janeiron, polimaitaleek topaketak eta festak antolatzen dituzte sare sozialen bidez. Poliencontro izeneko bilkurak bi pertsona baino gehiagoren arteko maitasun harremanez gogoetatzen du.
Brasilgo Estatistika Institutuak ez ditu polimaitaleak jasotzen familia ereduaz egindako inkestetan, baina garbi azaltzen da familia eredu tradizionala (aita, ama eta umeak) ez dela gehiengoaren hautua. 2013an aita-ama eta haurren familiek ehuneko 43,9 biltzen zuten; %19,4 haurrik gabeko familiak ziren; etxeen %16,5ean ama ezkongabeak umeekin bizi ziren. Ondoren zetozen umeen ardura zuten aitak eta bikote homosexualak.