Esan eta egin!

Maialen Goñi / 2014-04-24 / 416 hitz

Izen-abizenak: Oscar Galán Martinez eta Maider Olaizola Berra.
Sorterriak: Irun eta Donostia.
Jaiotza datak: 1982-07-07 eta 1990-11-29.
Proiektuaren izena: =no problem! Personal Assistants.
Proiektuaren sortze data: 2013ko otsaila.
Hedapena: Euskal Herria eta atzerria.

Orain bi urte atzerriko hainbat personal assistantekin –laguntzaile pertsonal– hizketan hasi zen Galán, halako zerbitzu bat gurean ezartzeko ideia burutan zuela. Orduko hartan, baina, ez zen egitasmoa martxan jartzen ausartu. Baina 2013ko urtarrilean, ideia berreskuratu eta Olaizolari erakutsi zionean, lanean hastea erabaki zuten.

“Lehen hilabeteetan ideia sakontasunez landu genuen, ‘business’ plana osatu, izena eta irudia prestatu… eta uztaila hasieran hasi ginen bezeroekin harremanetan, web orria argitaratu genuenean”.

Proiektuaren helburua horrenbeste alditan errepikatzen dugun esaldia deuseztatzea da: “Denbora izango banu…”. Eta horregatik, denbora da =no problem! Personal Assitants-ek eskaintzen duena.

“Hiri handietan, Madrilen eta Bartzelonan, adibidez, ohikoagoa da halako enpresak topatzea, baina ez pentsa, hemen ere maiz sentitzen dugu denbora  falta zaigula”.

Mota guztietako lagunek hots egiten diete egin nahi ez dituzten edo egiten ez dakizkiten zereginak haien esku uzteko. Eginbeharra identifikatzen dutenean, konponbide alternatiboak bilatu eta bezeroei aurkezten dizkiete; eta ados jarritakoan, lanean hasten dira.

“Bezeroen azalean sartzen gara, eta haiek egingo luketen moduan egiten dugu lan. Hori bai, egun osoa mugikorrari itsatsita pasatzen dugu, edozein momentutan jarri baitaitezke gurekin harremanetan!”

Eskatu dizkieten zerbitzu arraroenen artean aurkitzen dira urtarrilaren 6an Errege Magoak etxera eraman nahi izan zituen emakumearena (zerbitzua eskaini zioten), Manchester United eta Realaren arteko Champions Leagueko partidua baino bost egun lehenago norgehiagokarako lau sarrera eskatu zizkien andrazkoarena (zerbitzua eskaini zioten) eta bikote bila deitu zuen gizonarena (oraingoz ez dute “cupido” zerbitzurik eskaintzen).

“Oro har, opariak erosteko, arazo administratiboak konpontzeko, prezioak konparatu eta auto baten erosketa negoziatzeko, jabea lanean dagoenean haren etxeko lanak gainbegiratzeko, erreserbak kudeatu eta sarrerak erosteko, ekitaldi eta ezkontzak antolatzeko, eta bigarren etxebizitza bat kontrolatzeko eskatzen digute”.
Halako zerbitzuak maila ekonomiko altuko pertsonenei zuzenduta daudela pentsatzen dugun arren, edonoren arazoei konponbide errazak bilatzeko helburuz dihardutela azpimarratu dute, eta partikular eta enpresekin ere egiten dutela lan.

“Hastapenetan etxetik aritzen ginen, eta astean bitan kafetegiren batean elkartu, gai garrantzitsuak bion artean lantzeko. Baina iazko urrian Deustuko Unibertsitateak Donostiako Campusean duen Innogune eraikineko aurre-inkubagailuan sartzeko aukera eman ziguten, eta uneotan bertan dugu bulegoa”.

Haiek bezala jarduteko, bereziki, bezeroaren azalean jartzeko gaitasuna eta arazoak konpontzeko ahalmena behar dira. Alegia, zentzu komunez, konfiantzaz eta lasaitasunez lan egitea.

“Badakigu zerbitzuaren kontzeptua berritzailea dela gurean, baina hainbat komunikabidetan egindako elkarrizketek proiektuaren berri ematen eta bezero ezberdinak lortzen lagundu digute”.

Etorkizunera begira, enpresa zabaltzen jarraitu nahi dute, eta laguntzaile pertsonalen alorrean, pixkanaka, erreferentziazko agentzia bilakatu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.