Internet partekatu eta zabaldu

Nagore Etxeberria / 2015-10-24 / 512 hitz

Sakelakoari begira igarotzen dute herritarrek eguna. Eta hori gutxi balitz bezala, lanean zein etxean Internetera konektatua igarotzen dute ordu asko eta asko. Beti azken uneko berriaren zain. Etenik gabe txioak partekatuz, mezuak jasoz eta bidaliz. Jendeak ez daki Internetera konektatu gabe egoten. Telefonoa izatea bezain garrantzizko bihurtu da Interneterako konexio on bat izatea.

Interneti lotuta bizi dira asko. Internetekiko duten morrontza hori ahalik eta aske eta libreena izan dadin, lanean jarri da Gisa elkartea, eta Guifi.net telekomunikazio sarea ehuntzen hasi da. Haien helburua da «telekomunikazio sare irekia, askea eta neutrala» sortzea, Maider Likona Gisa elkarteko kidearen hitzetan.

Erabiltzaileez osaturiko sare zabal eta irekia sortzea dute helburu: «Herritar sare bat eraiki nahi dugu, pertsonak euren artean konekta daitezen, enpresa bat kontratatu behar izan gabe; hau da, konektatzeagatik enpresa bati ordaindu behar izan gabe jendea bere artean harremanetan jartzeko sarea sortu nahi dugu. Azken batean, jendea elkar konektatzea da ideia».

Eta hori lortzeko «biderik merkeena eta errazena» wifi antenak direla dio Likonak. Interneten nabigatzeko orduan ordaindu egin behar da, bai, baina konexio bat etxe askorekin partekatzeko aukera eskaintzen du sistema honek, eta, hala, «gastuak murriztu» daitezke.

Erabiltzaileez osaturiko sare hori ahalik eta zabalena izatea lortu nahi dute, zerbitzua partekatzeko aukera gehiago egon dadin. Eta sarea ahalik eta hedatuena izan dadin, ezinbestekoa da jendearen parte hartzea. Azken batean, «Guifi.net erabiltzailez edo nodoz osaturiko sare bat da. Herritarrak sarera konektatuz doazen heinean, sarea handituz doa. Jendeak interesik ez badu, alferrik ari gara», dio Likonak.

Nodo edo erabiltzaileen joan-etorri hori kontrolatu eta sarea antolatzeko, webgune bat dago: Guifi.net.

Edonor izan daiteke sare horretako kide: partikularrak, enpresak… Hala, proiektuan interesa duenak eta, beraz, sarera konektatu nahi duenak webgunera sartu, eta erabiltzailea eta pasahitza sortu behar du. Izena eman orduko, mapatxo batean markatua agertuko da nodo berriaren kokalekua. Mapa horretan bertan ikusi ahal da zenbat erabiltzailek emana duten izena eta zein tokitan kokatzen diren; era berean, Interneteko sarbideak non dauden agertzen da mapan.

Guifi.net webgunetik erabiltzaileak euren artean hitz egiteko eta harremanetan jartzeko aukera dute, doan. «Izena ematea, sarea osatzea eta sarearen barruan gauzak egitea guztiz doakoa da», argitu du elkarteko kideak.

Ideia ez da berria, orain dela hamar urte sortu baitzen Katalunian. Hiriburutik kanpo, herri txiki batean etxea zuen lagun batek Interneterako konexioa eraman nahi izan zuen herrian zuen etxera; han oso kaxkarra zen Interneteko seinalea. Herrixkan Internet eduki zezan, sare bidez lotu zituen bi etxeak: hiriburukoa eta herrikoa. Sistema horren bidez, herriko etxera joan eta Interneten sartzen zen aldiro, hiriburuko etxeko zerbitzaritik konektatzen zen Internetera, inolako arazorik gabe.

Azken batean, horretarako erabiltzen da erabiltzailez osaturiko sare hori: Interneteko konexioa kaxkarra den lekuetara edo konexiorik ez dagoen tokietara Internet zerbitzua eramateko. Hala, Internetera sartzea eta nabigatzeko arazorik ez izatea lortu nahi dute egitasmo horrekin.

Ideiak arrakasta izan zuen Katalunian, eta hedatuz joan zen, pixkanaka-pixkanaka. Jende ugari animatu zenez, guztia antolatzeko eta kudeatzeko beharra ikusi zuten, eta hala sortu zen Guifi.net fundazioa, 2008an. Gaur egun, 28.000 erabiltzaileko sarea osatua dute.

Ideia horixe da Euskal Herrian ezarri nahian dabiltzana; oraingoz, Gipuzkoan. Hainbat komunitate sortzen ari dira, eta, gaur egun, berrehun etxebizitza konektaturik daude sarera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.