Nagore Etxeberria / 2015-10-01 / 521 hitz
Interpretaziorik gabe bizitzak ez luke zentzurik Marcelo Katzentzat. Hogei urtetik gora darama horretan. Bizi egiten du lanbidea, eta pasio hori bere ikasleei eta ikusleei kutsatzen saiatzen da.
«Hamalau ofizio, hamabost miseria», dio esaerak.
Bai, bai, hala da, lanbide hau ez baita erraza bizia aurrera ateratzeko. Gazte nintzela, antzezteari, zuzentzeari eta irakasteari gustua hartu nion. Gauza batekin eta bestearekin bizitzeko lain ateratzen hasi nintzen. Egun, hiruretan aritzen naiz.
Aberats sentitzen zara, beraz?
Aberatsa, lagunen aldetik, sentimenduen aldetik… Aberatsa, gustuko dudana eta nahi dudana egiten dudalako. Barru-barrura iristen zaidan lanbidea eta jarduera da interpretazioa. Hunkitu, gogoberotu egiten nau jendearekin lan egiteak. Helburuak lortuta klasetik irtetean, beteta, gustura irteten naiz; sartu naizenean baino metro bat gehiago dudala sentitzen dut. Lanbide hau ez da aberasteko, baina ni aberats sentitzen naiz.
Ez da aberasteko lanbidea, baina hogei urtetik gora daramazu honetan. Zer eskaintzen dizu, bada?
Aktore eta clown modura oso ongi pasatzen dut. Publikoarekin harremanetan jartzeko eta jolasteko modu egokia dela deritzot, eta hori asko gustatzen zait. Zuk zure materiala eramaten duzu, baina gero publikoak nola erantzuten duen ikusi behar da, eta horren arabera moldatu. Emanaldia nola joango den eta nolako ikuskizuna irtengo den ez jakite hori da hunkitzen nauena. Publikoari barre eginaraztea ere zirraragarria da. Hori da, azken batean, clown-aren egitekoa: gauza oso sinpleekin jendeari barre eginaraztea, jendeari hunkiaraztea.
Ikastaroan helduei jolasten irakatsi diezula azaltzen da. Ez al dakite, bada, jolasten?
Jolasten irakatsi baino jolasteko plazera berreskuratzen laguntzen diet ikasleei. Ia heldu guztiak jolastu izan baitira inoiz, baina jolasteko gozamen hori galduz joaten da. Jolasteko plazera berreskuratzea da nire lanaren zati handi bat. Gero, material eszeniko interesgarri bihurtu behar da plazer hori.
Ez omen da esperientziarik behar antzezteko. Edonork jantz dezake, beraz, sudur gorria?
Edonork jantz dezake, bai. Ez dago mugarik ez adin aldetik, ez fisikoaren aldetik, ez esperientziaren aldetik… Behar den gauza bakarra da ongi pasatzeko gogoa, publikoarekin komunikatzeko plazera eta emozionatzeko asmoa. Gainerakoa, landu egin behar da, beste lanbide guztiak bezala. Denbora eskatzen duen lanbidea da clown-arena; sei urte baino gutxiagoan clown bihurtzea oso zaila da.
Eta baikorra izatea derrigorrezkoa da?
Ez, ez da ezinbestekoa. Nork bere burua onartzea eta horrekin lan egiten eta dibertitzen jakitea da ezinbestekoa. Hori da, azken batean, clown baten egitekoa. Inor ezkorra bada, ezkortasun hori onartu eta horrekin jolasten jakitea da gakoa. Clown ezkor bat ere oso dibertigarria izan daiteke.
Eta zu baikorra zara?
Bai, nahiko baikorra, amorratua eta maitekorra naiz nire gertuko munduarekin, nire jendearekin, nire lanbidearekin, nire proiektuekin… Munduarekin, baina, ez naiz hain baikorra. Egunetik egunera gero eta gehiago harritzen naute munduan gertatzen diren gauza askok.
Beti eramaten duzu sudur gorria aldean?
Bai, beti. Ikasleei ere horixe esaten diet beti: norberak barruan eraman behar du sudur gorria, eta gogoa duen aldiro atera.
Beti zaude irribarrez? Bada irribarrea ezabatzen dizun ezer?
Taula gainean zein agertokitik kanpo barre egitea asko gustatzen zait, eta ongi pasatzen dut. Irakasle bezala barre asko egiten dut, esaterako, baina egunerokoan ez naiz beti barrezka ari. Dena den, ahalegintzen naiz ongi pasatzen, gauzak ahalik eta modu baikorrenean hartzen eta irri egiten.