Pello A. Zuazo / 2015-10-21 / 627 hitz
The Uski’s taldeak lan berria kaleratu du, taldearen beraren izenpean. Eta diskoa hartu bezain laster, nabarmen sumatzen da taldean zerbait aldatu dela. Diseinu grafiko guztia beltzez, eta azalean taldearen izena besterik ez, gorriz. Liburuxka zabaldu eta taldekideen irudiak zuri-beltzean, erdi barrez, erdi serio. Eta deigarriena: itsasoko olatu arre eta ilunen argazki zabala. Bai, The Uski’s belztu egin dira, gogortu, gordindu eta amorratu.
Elantxobe-Ibarrangeluko (Bizkaia) taldearen izenarekin hasiera-hasieratik egon da lotuta kostaldearen irudia, hondartzarena, surfarena, kresalarena eta festarena. Eguzki gorri erraldoi bat itsasoaren ortzimugan. Oraingo honetan, ordea, surf terminoa beren hiztegitik ezabatu nahi izan dute. Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko arduradunak eman du azalpena: «Surflariak? Ez. Ez dugu inoiz aldarrikatu hitz hori». Atzean gelditu dira aurreko diskoetako surf taula, kalatxori, karakol, lore eta koloreak.
«Beti egin izan dugu rock zuzena, erraza eta alaia. Baina oraingo honetan, betiko esentzia horrek hor jarraitzen duen arren, igartzen da amorratu egin garela», argitu du Anartz Lakak, taldeko gitarristetako batek. Bai hitzek eta bai musikak norabide oldarkorragoa hartu dute. «Kritika soziala eta politikoa dago lan honetan, potrotaraino gaudelako egoerarekin». Eta estilo aldetik ere bulkada ber hori jarraitu dute: «Abestiak gogorragoak dira, eta soinua, zikinagoa eta gordinagoa. Ez espresuki horrela erabaki dugulako, baizik eta barrenetik irten zaigulako».
Oier Laka anaiak eta taldeko beste gitarristak hartu du hitza. «Bizitzak apur bat katramilatu egin zaizkigu. Eta ez dut esango elkarrengandik banandu garenik, baina denbora gutxiago pasatu dugu batera», azaldu du. Hori dela eta, bakoitzak bere aldetik egin du lan, eta talde guztia lokalean sartu denerako, abestiak oso garatuta zeuden. «Disko honetan igarri egiten da nork konposatu duen kanta bakoitza», azpimarratu du. Eta horren ondorio, adar askoko diskoa eratu dute, betiere rock kutsua tarteko.
Lapiko oparoa
Garaje-rock, proto-punk, hard, pop, fuzz gitarrak… eta baita Ameriketan egiten den rockaren zantzuak ere: countrya, New Orleansko doinu beltzak, soul musika… The Uski’sen lapikoak osagai oparo ditu. Baina aldi berean, ez du errezeta sekreturik ezkutatzen. «Bakoitzak lokalera eramandako abestien artean, politenak aukeratzen dira, denon artean jo eta funtzionatzen dutenak. Ez dauka sekretu gehiagorik, ez eta atzean ezer begiratu beharrik», esan du Anartz Lakak. Izan ere, hiru dira konpositoreak taldean: Laka anaiak eta Jon Zameza; hari instrumentuez arduratzen diren hirurak, hain zuzen. Zuzenekoetan eta grabazioetan eskuz aldatzen dituzte gitarra eta baxua, kantuaren arabera, eta kantuaren egilearen arabera. Dena den, abesti bakoitzak bere sortzailearen marka izan arren, taldekideen ustez, melodiak edota koruak egiteko moduak elkartzen ditu denak.
Melodietarako daukaten erraztasuna izan da beti The Uski’sen ezaugarri nagusia, baina Anartz Lakak aitortu duenez, «lan honetan koruak ez daude horren landuta, eta gitarrek presentzia handiagoa hartu dute». Iñigo Eiguren arduratzen da ahots nagusiaz, baina lau ahotsetara abestu ohi izan dute betidanik. Denak kantari. «Rock kañeroa dago, baladatxoren bat… eta ahots askoko hiru-lau abesti. Halere, oraingo honetan ikusten da diskoaren ardatza ez dela hori. Ahotsak garrantzitsuak dira, baina ez gure ahalmen bakarra», nabarmendu du Oier Lakak.
Hori guztia biltzeko, Jose Lastra teknikariarengana jo dute. Eta Urdulizko Tio Pete estudioan eman diote itxura ideia zurrunbilo horri. «Zuzenean grabatu dugu: bateria, baxua eta gitarra biak. Gero, gure lokala estudio txiki bihurtu eta bertan jaso ditugu ahots, koru, organo, perkusio eta konponketa guztiak». Inprobisazioak ere bere lekua izan duela aipatu dute: «Doinu honek zer eskatzen du? Maraka batzuk? Ba aurrera!». Jose Lastraren lana goraipatu dute, eta haren ekoizle eginkizuna. «Ideia mordoa ditu, eta aditua da zuzenean grabatzen. Horregatik aritu gara berarekin. Denok batera grabatu dugu, eta elkarrekin jotzeko eta ondo pasatzeko espiritu hori begi bistakoa da disko osoan», asebeteta agertu da Oier Laka. Hirugarren diskoa ere Katuek bezala (2009) Lastrarekin grabatu zuten modu bertsuan.
Udan kontzertu batzuk eman dituzte, eta izan dute astirik abesti berriak probatzeko. Abuztuan jarri zuten entzungai Mr. Bajoi singlea. Eta joaren joaz, beste single bat ere begiztatu dute, Izen lei izenekoa. «Abesti berriak jotzen hobeto pasatzen dugu. Zaharrak entseatu ere ez ditugu egiten jada».