I. Santamaria / 2015-10-22 / 753 hitz
Bruselak Starbucks eta Fiat enpresei jarri dien isuna soka luzea dakarren arazo baten parte baino ez da. Multinazionalek —bereziki, ekonomia digitalekoek— zerga gutxi edo batere ez ordaintzeko erabiltzen dituzten estrategiek haserrea eragin dute azkenaldian. Esaterako, Luxleaks eskandaluak, Luxenburgok dozenaka konpainien mesederako egin zituen zerga itunek, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko egungo presidentea agintean zegoela. AEBetan ere Fortune 500 zerrendako konpainiek bilioi bat eurotik gora dauzkate pilatuta atzerriko zerga jurisdikzioetan zergarik ez ordaintzeko.
Auziak adar asko ditu, baina jatorri bera: nazioarteko zerga sistemak halako gehiegikeriei aurre egiteko orain arte agerian utzi duen ezintasuna. Izan ere, irabaziak lekualdatzeko eta maskaratzeko estrategia eta egitura juridiko konplexu asko ez dira berez legez kanpokoak. Aldiz, arauetan dauden hutsuneak baliatzen dituzte, konpainien mesederako.
Azken urteotan milaka milioi irabazi eta zergarik ordaintzen ez duten enpresei buruzko eztabaida nazioartera hedatu da. Oso gai deserosoa da krisiaren izenean herritarrei sakrifizioak exijitu dizkieten gobernuentzat. Nola justifikatu murrizketak eta zerga igoerak aldi berean konpainia boteretsuenak libre geratzen diren bitartean? 2008. urteko finantza hondamendiak «kapitalismoa birfundatzeko» promesa ekarri zuen, eta, horren barruan, zerga paradisuak eta zerga ihesa amaitzekoa. Urte luzez hitzak baino ez ziren izan. Gauzak aldatzen hasi dira, pixkanaka.
Proposamenak lantzea eskatu zioten G20ko herrialdeek Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeari (OCDE), zerga gutxiago ordaintzeko erabiltzen diren zirrikituak ixteko. Erantzuna BEPS proiektua da. Ingelesezko siglak itzulita, zerga oinarriaren higadura eta irabazien lekualdatzea borrokatzeko helburua duten hamabost ekintza biltzen dituen programa zabala da.
Nazioarteko zerga araudien ikuspuntu tradizionala zaharkituta geratu da. Enpresek euren jarduera herrialdeetan sakabanatzen hasi zirenean, konpondu beharreko kezka izan zen jarduera bera bi aldiz ez zergapetzea. Hori zen arkitektura osoaren printzipioa. Denboraren poderioz, kontrakoa gertatu da: bi aldiz zergapetzea baino gehiago, benetako arriskua da konpainiek inon ez zergarik ordaintzea.
Multinazionalen zerga zerbitzu juridikoak «etekin zentroak» bihurtu dira, Pascal Saint Amans OCDEko zerga politikarako arduradunaren ustez. «Azken bi hamarkadetan, zerga plangintza enpresen jardueren atal funtsezkoa bihurtu da, eta hori gaizki dago», argudiatu du. Izan ere, inbertsio eta negozio estrategia batzuk soilik zergak ordaintzeari begira egiten direla ondorioztatu dute.
Zenbat galtzen da?
OCDEk aurkitu dituen arazoetako bat informazio falta da, enpresen jarduna behar bezala zergapetzeko ogasunek duten arazo bera. Fenomenoa neurtzeko saioa egin dute ikerlariek, eta urtero irabazietatik 90.000 eta 210.000 milioi euro bitarte zergak ordaindu gabe geratzen direla kalkulatu dute. Sozietate zergaren bilketa globaletik %4-10 da. Edonola ere, kalkulu «kontserbadorea» dela azpimarratu du OCDEk.
Ekintza planaren printzipio nagusia da enpresek benetan jarduera eta irabaziak dituzten herrialdeetan pagatu behar diotela ogasunari. Hori lortzeko, nazioartean gutxieneko estandar berri batzuk ezarri beharko dira, eta mugaz gaindiko jarduerak arautzen dituzten itun eta legeak egokitu. Indarrean dagoen sistema «konpontzea» da erabakia, eta ez zerga sistema globala iraultzea.
Gaur egun, nazioarteko merkataritzaren heren bat konpainia bereko filialen artekoa da. Diru, produktu eta zerbitzuen joan-etorri hori autobide zabala da konpainientzat mozkinak pilatzeko tasa gutxi eta hobari asko dituzten jurisdikzioetan. BEPSen berritasun bat herrialdez herrialdeko txostena da. Hemendik aurrera, konpainia handiek agiri bat bete beharko dute egoitza duten herrialdean, eta salmentak, irabaziak eta jarduera benetan non egiten duten zehaztu beharko dute. Konpainiak negozioa egiten duen herrialdeetako ogasunei jakinaraziko zaie informazioa, kontuan izateko.
Kritikoek aspaldi eskatutako urratsa da, baina proposatu denak ez ditu pozik utzi. Tax Justice Network elkarteak bi hutsune ikusten dizkio: batetik, txosteneko informazioa ez dela publikoa izango; bestetik, konpainia askori ez diela eragingo. OCDEk erantzun die G20ko herrialde bakar batek ere ez zuela eskatu informazioa publiko izatea. Tamainari dagokionez, hasieran behintzat urtean 750 milioi eurotik gorako mozkinak dituztenek eman beharko dute herrialdez herrialdeko informazioa. «Enpresa multinazionalen %10 baino ez direla egia da, baina fakturazioaren eta irabazien %90 biltzen dute», zehaztu du Saint Amansek.
Bestalde, OCDEk agindu du cash box (diru kutxa) bezalako eskemak «amaitu» egingo direla, transferentzia prezioen moldaketarekin. Atzerriko jurisdikzio batean —paradisu fiskalak, askotan— jabetza intelektuala kokatu eta irabaziak bertan pilatzen dituzte konpainia batzuk. Batzuetan, enpresa horiek posta kutxatila baino ez dira, jarduerarik gabe. Applek bakarrik, esaterako, 160.000 milioi ditu halako eskema batean, AEBetan horien truke ordaindu beharko lituzkeen zergei aurre ez egiteko.
Pilota, gobernuen eskuetan
OCDEk iragarri duen ekintza zerrenda G20ko gobernuekin elkarlanean egin dute. Hor agertzen diren ekintzetan ados daude, eta akordio «indartsua» da, erakundearen arabera. Hala ere, gutxieneko estandar guztietan ez dira ados jarri, eta, edonola ere, neurrietako asko gobernu bakoitzak garatu beharko ditu, bere herrialdeko legedian. Lehen urratsa G20ko liderrek azaroan Turkian egingo duten goi bilera da.
Kritikoen ustez, proposamen asko «ahulak» dira, eta irabaziak mugitzeko aukerak eskaintzen jarraituko dute. «BEPSen emaitzak apurtutako sistema zaharrari adabakiak jartzeko saioa dira, eta, konplexutasun handiagoa ezarriko dutenez, zerga aholkulari, abokatu eta kontularitza enpresa saldo baten diru sarrerak puztuko dituzte», kexu dira Tax Justice Network elkartean.