Iñigo Astiz / 2015-11-26 / 295 hitz
“Arrakasta”. Baikorra da Eusko Jaurlaritzak eLiburutegia egitasmoaren lehen urteaz egiten duen balorazioa, eta aipatu du izandako arrakastaren klabe nagusia ere: katalogo zabala eskaintzea. Guztira, 9.268 liburu digital maileguan jasotzeko aukera eskaintzen du Euskadiko Liburutegi Digitalak: 8.596 gaztelaniaz eta 582 euskaraz. Gaur urtebete bete du zerbitzuak, eta, denbora tarte horretan, orotara, 27.438 mailegu egin dituzte 7.338 erabiltzailek. Hurrengo urteetan katalogoa zabaltzen jarraitzea da Jaurlaritzaren asmoa, baita erabiltzaile berriak erakartzea ere. Munduko hamaika txokotan dauden euskal Etxeetako kideei ere zabalduko diete, adibidez, maileguak jasotzeko aukera horretarako.
Tablet eta sakelakoetarako
Katalogo horretan %14 da euskarazko liburu digitalen kopurua. Konpromisoa hartua du Eusko Jaurlaritzak euskaraz formatu digitalean argitaratzen duten argitaletxeen lanak erosteko. Euskarazko edukien eskaintza handitzea eta katalogoa aberastea da horren helburua.
Eman dituzte zerbitzu honen bidez irakurrienak izan diren liburuen datuak ere. 82 aldiz mailegatu da, esaterako, Paulo Coelho idazlearen Adulterio liburua, eta 75 maileguren bueltan egon dira Dolores Redondoren, Toti Martinez de Lezearen eta Alberto Ladron Aranaren liburuak. Ladron Aranaren Arotzaren eskuak izan da, hain zuzen ere, mailegu gehien jaso dituen euskarazko lana. 73 mailegu izan ditu, guztira.
Webgune berria izango du eLiburutegiak hemendik aurrera www.eliburutegia.euskadi.eus orrian, eta gailu mugikorrentzat egokitu dute; tablet eta sakelako telefonoetarako, adibidez. Horrez gainera, irudi berria ere izango du aurrerantzean zerbitzuak. Antton Olariagak egin du logoa.