«Fikzioa idazkuntzan dago»

Juan Luis Zabala / 2015-11-25 / 805 hitz

Pankreako minbizia diagnostikatu zioten Anjel Lertxundiren Zu nobelako Zu pertsonaiari 2012ko ekainaren 19an. Horrek bizitza errotik eta erabat aldatu zien hala Zuri nola haren senarrari. Senarra idazlea da, eta diagnostikoaren ondoren errealitate horri aurre egiten —errealitate hori onartzen eta errealitate horretara egokitzen— saiatzen da idazketaren bidez. Senarrak, emazteak diagnostikoa jaso ondoren hasita, hainbat urtez idatzitako testuek osatzen dute Zu nobela (Erein).

Ezer gutxi asmatu du Lertxundik Zu nobela idazteko, bere emazteari pankreako minbizia diagnostikatu ziotenez geroztik gertatuetan eta bizi izandakoetan oinarritu baita hura idazteko, eta kontatzen duen oro, funtsean, benetan gertatua delako. Fikziotzat jo daitekeela uste du hala ere, hizkuntzaren bidez errealitatearen «elaborazio bat» egin duelako liburua idaztean. «Fikzioa idazkuntzan dago», Lertxundiren ustez. Horrenbestez, bat dator Inazio Mujika Iraola Erein argitaletxeko editorearekin Zu nobela bat dela esatean.

Liburuko testuak «dietario batekoak balira bezala idatzita» daude, Lertxundik azaldu duenez, baina «narrazioak eta kontakizunak darama eskutik irakurlea, baita liburuaren zatirik erreflexiboenetan ere», Mujika Iraolaren ustez, eta horrek Zu-ren nobela izaera berresten du.

Zuren senarraren idazteko modua ez da bera senar gisa ari delarik edo idazle gisa ari delarik: senar gisa, lehenengo pertsonan mintzo da; idazle gisa, hirugarren pertsonan, distantzia handiagoz. «Pertsona bakar bati, Zuri, begiratzeko bi talaia desberdin dira», adierazi du Lertxundik. Horrez gain, bereizketa horrek liburuari, ahots desberdinen erabileraren bitartez, liburuari «erritmoa ematen» lagundu diola uste du.

Pertsonaiari Zu izena ematea oso baliabide egokia dela uste du Mujika Iraolak, «Zu horren atzean kabitzen direlako minbizia, gaixotasuna eta sufrimena pairatu duten guztiak», eta aurrerago ere gogoratuko dela Lertxundik baliabide hori lehen aldiz Zu nobelan erabili duela.

Lertxundiri «oso modu naturalean» bururatu zitzaion pertsonaia Zu izendatzea, eta iruditu zitzaion erabaki horrek biribildu egiten zuela nobelari eman nahi zion ikuspuntua. «Istorioa kontatzen duena ez da Zu, baizik eta Zuren ondoan dagoen senar idazlea. Aldamenean dagoenarentzat, Zu da bestea, gaztelaniaz la otredad esaten dena, eta egoera muturreko batean ondoan dagoenak are premia handiagoa du beste horrengana iristen ahalegintzeko, bidea elkarrekin eta ahal den erosoen egingo badute. Ondoan duen senarrak eta ondoan duen idazleak Zurengana heldu nahi dute, baina beti geratuko dira motz; bestela ere, bizitza normalean, motz gelditzen diren modu berean». Literatura izan daiteke, hala ere, Zurengana heltzen ahalegintzeko modu bat. Adibidez, Lertxundik emazteari erakutsi izan dizkio liburuko pasarteak, idatzi ahala, jakiteko haren sentimenduak, jarrerak eta kezkak ondo jasota zeuden testuetan.

Zu pertsonaiaren senar idazleak idatzitako testuak literaturako aipuz josita daude, baina hiru idazleren lanek dute presentzia handiena: Thomas Mann, Mendi magikoa-rengatik (jatorrizko Der Zauberberg); Albert Camus, Izurria (jatorrizkoan La peste), Caligula eta beste hainbat libururengatik; eta Susan Sontag, Gaitzen metaforak (jatorrizkoan Illness as Metaphor) eta gaixotasunaz eta heriotzaz idatzitako beste hainbat libururengatik. Baina beste egile askoren aipuak ere badaude, euskal literaturakoak barne, Imanol Zurutuzaren Errautsera arteko sugarra eta Joxe Aranzabalen Medikuak esan dit minbizia dudala bereziki. Liburuko lehen aipua ere euskal idazle batena da, Oier Guillanena: «Minarena naiz zorionarena beste».

‘Mendi magikoa’

Donostiako erietxeari «mendi magikoa» deitzen diote liburuan Zuk eta senarrak, Illunbetik gora hara doazenean, Lertxundik eta emazteak maiz egin duten bezala. «Zenbat aldiz kantatu dugun [Xabier] Leteren ‘Berriro igo nauzu ene mendira…’ harako bidean! Eta zenbat aldiz gogoratu garen guk Illunbetik gora bezala egiten zuela Letek erietxe bererako bidea Galarretatik gora!».

«Askotan bazter utzi eta hartaz jardun nahi izaten ez dugun bizitzaren alderdi bati buruzko liburua da Zu», Lertxundiren ustez. «Alderdi hori da sufrimendua, da gure gorputza dela materia eta egunen batean bukaera izango duela». Bizitzak sufrimenduarekin harreman estu eta zuzenean jartzen duenean, idazlea, bere abaildurari eta amorruari irtenbidea eman nahian, apunte batzuk hartzen hasten da. «Apunte horiek hasieran haserrezkoak dira, barren-huste bat, kabitu ezin baten testigantza… Testigantza hori hasieran norberarentzat baino ez da, edo gehien-gehienez alboan daukazunarentzat. Aitortza bat da, eta aitortzak beti dira intimitatean egiten ditugun kontuak, inoiz onartzen duzun arte posible dela hori zabaltzea, baduelako aukera hori».

«Minbizi baten diagnostikoa jasotzean, gaixoari eta haren ondoan dagoenari datorkion lehen galdera, kasu gehienetan, ‘zergatik niri?’ izaten da, modu batean edo bestean formulatua», azaldu du Lertxundik. «’Zergatik niri?’ galdera horren abailduran eta ulertu ezinean pasatzen da hainbat denbora, eta denbora hori izan daiteke luzapen handikoa edo izan daiteke sakonera handikoa eta luzapen gutxikoa. Baina une jakin batean zulo horretatik irten, eta esaten duzu:’Zergatik ez niri, bizitzaren egokieretako bat baldin bada halabeharrak hori ekarri ahal izatea?’ Behin ‘zergatik ez niri?’ galderara iritsita, buelta bat ematen diozu. Egia da sekulako egurkada hartu duzula, baina egoerari buelta emateko moduan zaude, baldin eta galdera horri erantzuten ahalegintzen bazara. Galdera hori literaturaren historia guztian presente egon da».

«Zu ez da autolaguntzako liburu bat», Mujika Iraolaren ustez. «Baina esango nuke irakurleari lagundu egin diezaiokeela. Lagundu diezaioke pasatu baldin bada trantzetik, eta pasatu ez baldin bada. Sufrimena denok pairatzen dugu, modu batean edo bestean. Minaz eta sufrimenaz ari da, gaixotasunaz ari da, heriotzaz ari da, baina ez da liburu itun, ilun, triste eta beltza; argi, soseguzko eta bizipozezkoa baizik».

Erantzun bat “«Fikzioa idazkuntzan dago»” bidalketan

  1. Pingback: ”Bizitzarako poza transmititu nahi dut” | Ikus-entzunezkoak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.