AITAREN ETXEA. Kopla zaharrak, haize berria

Kameraren atzean / 2015-10-2 / x hitz

Ez da erraza Goenkaleren ondorengoa izatea. Programazioan 21 urte iraun dituen EITBren telesail mugarriaren hutsunea betetzeko erronka du aurretik Aitaren Etxea hasiberriak, istorio aldetik behintzat, antzekotasun handirik ez duen proposamena izanda ere.

Garaiko telesaila da “Go!azen” eta “Zorion Perfektua” filmen zuzendari izandako Jabi Elortegiren sorkuntza berria, 1956an, frankismo garaian, amodio istorio bat oinarri duen kontakizuna. Melodrama da abiapuntua, baina maitale gazteen errealitatea inguratzen duen gizarte makurra kontuan hartuz gero, Shakespearen istorioen antzera, ezinezko amodioaren inguruko tragedia batean bilakatzeko osagaiak ditu, hasieratik autoritatea, tradizioa eta aurrerakuntza bezalako printzipioen inguruan talka egin duten hainbat pertsonaiaren bitartez nabarmenduriko sentsazioa. Alkate ustela eta hoteleko arduradun umil bezain ohoretsua aurrez aurre jartzen dituen atalaren azken eszena da honen erakusle garbiena.

Garaiko gizartearen esentzia islatzeari garrantzi handia eman diotela nabari da, janzkera, kale inguru eta hizkera zein kanta tradizionalen bitartez txukuntasunez erdietsi dutena. Aro historiko hura bertatik bertara bizi izan zutenen atal hasierako testigantzak eta frankismo garaian zinemetan proiekzioen aurretik emititzen ziren derrigorrezko NO-DOek ere alor berbera indartu dute.

Pozgarria da EITBk drama historikoan oinarrituriko euskal telesail baten aldeko apustua egin izana, modu batean, telesailek ere geroz eta oparoagoa bilakatzen ari den euskal zinemagintzaren bideari jarraitzeko aukera zabaltzen duelako, euskal produkzioa hazten egotearen sentsazio bizigarria transmititzen dute halako egitasmoek. Baina jauzi kualitatiboa ez da sortzaileei bakarrik exijitu beharreko zerbait, ikusleek ere perspektiba zabaldu eta istorio berriei aukera bat ematea funtsezkoa da halako apustuek aurrera jarrai dezaten. Kezkagarria litzateke, atzerriko telesail andana ikustera ohitu garen garaian, hemengo obrei bizkarra ematea.

Hamabost ataleko istorio mugatua izateak ere kontakizunaren alde egiten du; espero dugu sortzaileek istorioa tarte horretan borobiltzea, eta bigarren denboraldi bat egitea erabakiz gero arrazoi dramatikoengatik izatea, ez audientzia datuengatik. Zentzu horretan, Francoren aurkako borrokan sortutako gizarte mugimenduei tartea egiteak ere kontakizuna aberastu dezake, aurrez aipaturiko eremu ilunagoak ukitzearekin batera, istorioari dimentsio berri bat eman diezaiokeelako. Haize berria dator euskarazko fikziora, gertutik jarraituko dugu telesailaren ibilbidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.