Asier Sarasua / 2015-11-12 / 236 hitz
Orain dela 20-25 urte, gazteak ginenean, pentsatzen genuen gu nagusitu ahala gizartea aldatzen joango zela (aldatzen joango ginela). Gizarte justuagoa, euskaldunagoa, berdeagoa, berdinagoa, izango genuela. Orain, umeak hazten ari garenean, konturatzen gara zelako gutxi aldatu diren hainbat kontu (gehienak); besteak beste, neska-mutilen arteko jarrerak eta rolak. Edo, asko aldatu badira ere, oraindik izugarri dagoela aldatzeko.
Hutsuneak eta ajeak hainbat tokitan aurkituko ditugu, bistakoa da. Eta horietako bat, begietara egiten didana, eskola bera da. Baina ez bakarrik neska-mutilen artean, baita ama-aiten artean ere. Bai, egia da aita garenok gure jarrera aldatu dugula (azken 8-10 urteotan ere igarri dut aldaketa bat, aita garenon inplikazio gero eta handiago bat), baina oraindik ere, ikasgelako kontuak, neurri handi-handi batean, “amatxorenak” dira. Edo hala da gure ikastetxean, behintzat. Ikasturte hasi berri honetako datuak dira:
- Gelako arduradunak (47 gela, 94 arduradun): 81 ama eta 13 aita
- Organo gorena: 13 ama eta 3 aita
- Gurasoentzat antolatutako azken hitzaldiko parte-hartzea: 38 ama eta 2 aita
- Guraso elkarteko zuzendaritza: 8 ama eta 5 aita
Esango nuke irakasleekin egiten ditugun bileretan egoera ez dela hain desorekatua; ikastetxeko beste ekintza batzuetan ere ez (eskola kirola, mendi-irteerak,…). Baina datu zehatzak ditugun egoerak hor goiko horiek dira, eta datuak eskandalosoak dira: haurren hezkuntzaren %80-90etik gora “amatxoen” kontua da. Jakin nahiko nuke etxerako lanak egiteko orduan ere, nola banatzen diren gurasoen rolak.
Ados. Argazki puntuala da. Ikastetxe batekoa. Une jakin batekoa. Baina harrituko nintzateke beste ikastetxeetan egoera erabat desberdina balitz. Eta 2015. urtean gaude; eta 25 urte igaro dira gazte ginenetik.