Sustatu / 2015-11-20 / 205 hitz
Gipuzkoako leizezulo konplexu batean aurkitutako aztarna paleolitikoen berri eman dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errenteriako Udalak, eta aurkikuntza egin duten arkeologoek eta espeleologoek. Landarbaso inguruan, Donostia eta Errenteria artean, Aitzbitarte izeneko leizezulo multzoa dago, eta espeleologoek III, V et IX deitzen dituzten leizeetan izan dira aurkikuntzak.
Leize hauek oso bisitatuak eta ezagunak dira espeleologoen artean, eta irudiak ez dituzte orain arte aurkitu, kolorerik gabekoak direlako, markak eginez egin zituztelako.
Aitzbitarte V leizean 3 bisonte irudi aurkitu dituzte irailean. Datazioa, duela 12.500-14.500 urte. Horietako bat da goiko irudikoa (marra zuriak, digitalki gehituak, noski).
Aitzbitarte III-n, berriz, bospasei animaliaren arrastoak agertu dira, igartzen zailak diren egoeran, kaltzitazko kapekin erdi estaliak kasu batzuetan. Baina hauen artean, haitzaren mutur formako ertz bat baliatzen duen zaldi buru bat nahiko argi ikusten da.
Aitzbitarte IX leizean berriz, beste bisonte baten mutur, korkoba eta adar zatiak nabari dira. III eta IX leizeetako aztarna hauek besteak baino zaharragoak dira, duela 20.000-28.000 urtekoak.
Irudien identifikazio eta datazio zientifikoa zuzendu dute azken urte hauetan Euskal Herriko leizeetan aurkikuntza nabarmenak egiten ari diren arkeologoetako batzuk: Diego Garate eta Joseba Rios Garaizar.
Zientzialari hauek (eta beraien beste kolega batzuk) ibili izan dira beste aurkikuntza inportante hauetan ere:
- Altxerriko lehoinabarra eta beste irudi izugarri zaharrak
- Arlanpeko Dama.
- Lumentxako bisonteak.