Edu Lartzanguren / 2015-11-25 / 618 hitz
Iraganean izaniko jarrerarengatik autokritika ariketa egin du Aranzabalek bigarren liburuan. Jon Salaberri hies gaitzaren aurkako ekintzailearen erretratua egin du, eta doan zabaltzen ari da.
Inork ezingo dizu oportunismoa leporatu: hartutako immunoeskasiaren sindromea ez dago modan. Are gehiago, ez al dugu ia erabat ahaztuta?
Konturatu naiz oso gutxi agertzen dela hiesa hedabideetan, eta sumatzen dut zenbait jende ezeroso sentitzen dela gai horren inguruan. Agian, jarrera hori dator gaia puri-purian egon zenean izan zuten jarrera ez zaielako gaur oso zuzena edo egokia iruditzen, beldurrak edo aurreiritziek eraginda aritu zirelako.
Bere garaian gaixoekiko «enpatia gutxi agertu genuen», idatzi duzu liburuan. Zergatik sentiberatasun urri hori?
Agian bazterretik etorri zelako. Drogaren mundutik zetozenei, homosexualei… beti susmoz begiratu diegu. Gainera, sasoi batean, heriotzarekin zegoen lotuta hiesa. Ezjakintasun handia zegoen horren inguruan.
Esan duzunez, Jon Salaberri ez zen Rock Hudson, Magic Johnson edo Freddy Mercury. Baina, halere, ez al zen izan Euskal Herrian hiesa gizarte osoaren arazoa zela azaleratzen lagundu zuen pertsonaia, haiek bezala?
Salaberri ez zen batere ezaguna gaixotu aurretik. Oso ausarta izan zen. Homosexuala, heroinazalea, gorria izanda… oso zaila zen zeukan mezua gizarteari helaraztea, baina, halere, lortu egin zuela uste dut. Osakidetzak ere eginkizun handia izan zuen, nahita eman zietelako hitza Salaberri bezalakoei. Bilbon 1993an nazioarteko kongresu handi bat egin zuten gaitzaren inguruan, eta Luc Montanier etorri zen, gero Nobel saria jasoko zuena. Salaberri hitz egitera gonbidatu zuten.
Ematen dituzun datuen arabera, 1984. urtean izan ziren hiesaren eraginez lehen bi hildakoak hegoaldean. Hortik sekulako gorakada 1996ra arte (urte horretan, 481 hildako).
Botika erretrobiral berria agertu zen 1996an, eta hor hasi zen gaitza kroniko bihurtzen, hilgarri izan beharrean. Ordura arte, izu handia egon zen gurean. Oso urte gutxitan 3.000 gazte baino gehiago hiltzen ikustea kolpe handia izan zen gizartearentzat. Orain ahaztu egin dugu, eta lasaitu egin gara.
Zeure burua sartu duzu liburuan, Salaberrirekin izaniko harremanen bidez. Zertarako?
Enpatia gutxi izan genuela esan dudanean, ni horietako bat izan nintzela erakusteko. Zor nion Salaberriri nire orduko jarreraren irakurketa zintzo bat: «Horra zeure burua!» esateko modu bat da, zeuk ere ez zenuen erakutsi enpatia handirik hiesdunekin orduan.
Salaberrik salatu egin zuen Benetton moda konpainiak David Kirby ihesdunaren hilzoriaren argazki bat erabili izana publizitate kanpaina batean. Zuk, berriz, defendatu egin zenuen Benetton. Oker zinen?
Niri gustatu izan zait beti publizitatean moldeak apurtzeko eta probokatzeko joera. Baina orduan aurreiritziak nagusitu zitzaizkidalakoan nago. Ihesdunak oso ikaraturik zeuden orduan. Salaberrik bere bekokian ikusten zuen heriotza.
Aurreko liburuan —Medikuak esan dit minbizia dudala (Elkar, 2004)— zeuri gertatutakoaz aritu zinen. Bi liburu, bi gaitzaren ingurukoak. Badago bide logiko bat hartatik gaurkora?
Arrasate Press-en ibili nintzenean, inguruko gaixoren baten bila ibili nintzen, hiesari aurpegia jartzeko, eta ez nuen topatu. Gero jakin nuen Salaberri hor zegoela, neure herrian; ez nuela, antza, oso ondo bilatu. Jendeari minbizia azaltzeko, berriz, ez nuen beste inoren bila ibili behar, neuri suertatu zitzaidalako. Nire lehenengo liburu hura aurkeztu nuen guztietan aipatu egin nuen Salaberri. Neure herrikoa zelako, miresten nuelako hark eginiko lana eta iruditzen zitzaidalako ahaztuta zegoela. Hark ireki zuen bidea, bere gaitzaz mintzatzen. Aspaldi nahi nuen Salaberriri buruz idatzi. Astia hartu dudanean egin dut.
Liburua paperean argitaratzeko asmorik?
Ez. Liburu digitala nola egin ere ikasi nahi nuen. Salaberriri buruzko artikuluak egin nituen Sustatu-n eta Wikipedian, argazki bilduma bat Flickerren eta erreportajea Puntua astekarian. Azken horretatik dokumentala egin zuen Goiena telebistak —Rikardo Arregi saria irabazi zuen—. Liburua ahalik eta gehien zabaltzea nahi nuen, eta, horretarako, oztopo gutxien jarri nahi nizkion. Irakasleek nahi badute hiesaren gaia jorratu, izan dezatela eskura, oraindik beldurra ematen digulako gaiak.