Kameraren atzean / 2015-10-12 / 519 hitz
Modu ikusgarrian itzuli da apokalipsi zombiaren inguruko fikzio entzutetsuena. Joan den denboraldi amaiera zirraragarriaren ildo berbera jarraitu du seigarren emanaldiaren estreinako atalak, Rick buru duen taldearen eta Alexandriako biztanleen arteko talka. Egunerokotasuneko arazoei prisma eta erritmo ezberdinen bitartez aurre egiten dioten bi taldeen arteko ezberdintasuna nabarmen islatu da; luzaroan ezagutu ditugun pertsonaiek geroz eta kezkagarriagoa bilakatzen ari den zombie mehatxua eteteko erakutsitako erabakitasunaren aldean, zalantza eta beldurrez beterik agertu dira Alexandriako biztanleak.
Horren aurrean, Rickek duen zeresana izugarria da. Ate joka dituzten hildako andanari aurre egiteko ahulegia den komunitatea trebatzeko lan nekagarria bultzatu eta, aldi berean, oraindik ere errealitatea aurrez aurre begiratu nahi ez dutenen kritika eta mehatxuei egin behar die aurre, gizatasunaren muga lausotu eta sarritan alboratu nahi izan duen munstrotasuna azaleratzeraino. Zinez interesgarria da ontasun zabalago bat babesteko asmoarekin istorioko pertsonaiek ekintza ankerren aurrean gauzatzen dituzten hausnarketei erreparatzea. Telesailak indar handiz transmititzen du, bizitzari gogor heldu arren, heriotzaren hurbiltasunak pertsonaiengan sortzen duen bertigoa, une bakarrean erlaxatuz gero betiko bizitza galtzearen samin itogarria.
Ezin ahaztu protagonista taldeari babesa eskaini zionetik senarra eta semea galdu dituen Deanna. Esanguratsua da ataleko eszena guztietan Ricken proposamenak onartu eta komunitatearen gain zuen autoritatea ezerezean geratu izana; ikustekoa izango da gertaera makurragoak jazo ahala bere ikuspuntua zein norabidetan garatuko den. Bere horretan jarraitzen duena, ordea, bizi duten errealitatearen zorigaitzeko izaera da. Alexandria funtsean aspaldian betiko joan eta inoiz itzuliko ez den munduaren ilusioa besterik ez da, oasia basamortuan. Honek guztiak, telesailaren amaierak ezinbestean izango duen izaera tragikoa azpimarratzen du, heriotzak bizitza gainditzen duen munduan itxaropenik ez egotearen sentsazio etsigarria.
Hala ere, ataleko dinamika mamitsuena Rick eta Morganen artean garaturikoa izan da. Luzaroan esperotako bateratzeak bizi duten mundu lazgarriak ezinbestean eraldatu dituen pertsonen arteko erlazioaren erretratua osatzeko balio izan du, baina baita telesailaren jatorriraino itzultzeko ere, batak zein besteak gizatasuna eta itxaropena bere osotasunean mantentzen zituen garai horretara. Moralitatearen inguruan hausnartu eta ekintza bakoitzaren sakonean dauden dilemak esploratzeko balioko du elkarren arteko erlazioak. Atalak “First Time Again” izenaren bitartez adimenez harrapatzen duen hasiera berri honetan, ikustekoa izango da bi pertsonaiek inguruan duten iluntasunean argia topatzeko duten gaitasuna. Morganek eman dezakeen joko dramatikoa, ordea, haratago doa. Ikusleek berari buruzko informazio hain gutxi izatea sortzaileentzat abantaila izugarria da, pertsonaiari askotariko rolak emateko aukera dutelako. Esaterako, Carolekin izandako elkarrizketaren ildoa jarraitu eta luzaroan ezagutu ditugun pertsonaien nortasunaren esentzia ulertzeko gaitasuna duen guru modura jokatu dezake.
Ordubeteko luzapena trebetasunez aprobetxatu dute, arku dramatiko nagusien oinarriak ezartzeaz gain, pertsonaia bakoitzaren nortasuna aberasten duten xehetasunak gehitzeko. Pertsonaiek egungo puntura iritsi arte igaro duten bide malkartsua oroitzeko balio izan duten elkarrizketa aberasgarriez gain, aparteko aipamena merezi du atalaren errealizazioak. Zuri beltzezko flashforward teknika inspiratuak joan den denboraldiko gertaera erabakigarrien inpaktua mantendu eta istorioari jarraipen organikoa emateko balio izan duen bitartean, emanaldi berrian berebiziko garrantzia izango duen Wolves taldearen sendotasuna iradokitzen duen atal hasierako zombie andanaren eszena ere txalotzeko modukoa izan da.
Bosgarren denboraldiko bigarren zatian lorturiko orekari jarraipena emateko bidean lan txukuna erdietsi du The Walking Deadek. Itzulerako atalak mahai gainean jarri dituen aukera dramatiko guztiei zukua ateraz gero, telesailaren emanaldi berriak orain arteko onena izateko aukera asko ditu.