Urtzi Urrutikoetxea / 2015-12-10 / 942 hitz
Ipar Amerikako lautadetako herri boteretsuenetako bat izan zen sioux nazioa. Gaur egun sei mila hiztun baino ez ditu, horietako erdiak Pine Ridge erreserban. Lakoten hizkuntza arrisku bizian da, baina ez dute itxaropena galdu. Haur eta helduekin ari dira lakotera berreskuratzeko lanean.
Izan zen sasoi bat bufaloa libre zebilena Dakotako lautadetan, eta haren inguruan antolatu zen nazio bat. Tatanka Oyate edo Bufaloaren Herria deitzen diote euren buruari. Ikur hori ageri da Oglala herriaren irteeran ageri den seinale batean. Cangeska Wakan-ek zirkulu sakratu esan nahi du; animalia ez, herri haren hizkuntza berreskuratzen saiatzen dira hemen, Pine Ridge erreserban.
Iyápi Glukínipi (haur eskola) dakar barrakoiaren atarian, eta azpian «ingelesik ez» irakur daiteke. Gu iristerako, lo daude haurrak, bazkalosteko biaoan. Irakasle gelan, harrera hotza da, Estatu Batuetan esan ohi diren diosalik gabe egin didate agur. Badu Guatemalan edo Latinoamerikako komunitate indigenetan sumatzen den giro urrun eta etsiaren antzekotasunik.
Peter Hill desberdina da itxuraz: luzea, azal zuri-zuria eta begi urdinak. Gainontzekoen antzera, irakasle izateaz harago doa eskolan inplikazioa: alabak hemen ditu, esaterako. Baina haiek etxetik dakarte lakota hizkuntza, gainontzekoek ez bezala. Filadelfian jaio eta sioux herriarekiko inolako loturarik izan ez arren, Pine Ridgera etorri eta bertan geratzea erabaki zuen. Bertara ezkondu zen, eta familia osatu eta hizkuntza ikasi du, bere adineko lakoten artean ia inork egiten ez badu ere.
Katea aspaldi eten zen. Askok sentitzen dute hutsunea, baina badira hizkuntza jakin gabe ere lakota gisa bizi zaitezkeela diotenak. Nahiz eta identitatearen elementu garrantzitsuena hizkuntza den: bakarra ez izan arren, oinarrizkoa da.
Ipar Amerikako lautadetako herri boteretsuenetakoa izan zenak sei mila hiztun ditu, horietako erdiak Pine Ridgen (erreserbako biztanleen %10 baino gutxiago). 2013ko datuen arabera, 80 urtetik gorako gehienek zekiten lakoteraz, baina 71-80 artekoen erdiak baino ez, eta 41-50 urtekoen ehuneko hamarrek. Adin horretatik behera %1ekoa baino ez da ezagutza. Hori aldatzeko asmoz sortu zuten haur eskola 2012an.
Aurretik Red Cloud ikastetxean lakotera irakasle izan zen Peter Hill, eta hala hartu zuen haur txikiagoekin hasteko erabakia. 2012an bost ume zituzten, Hillen alaba tartean. «Hutsune handia zegoen hizkuntza berpizteko mugimenduan, 5 urteko eskola adinetik behera ez zegoen ezer. Hemen hastapenetik abiatzen gara lakoteraz. 2 eta 3 urteko umeak lakoteraz hasten dira berbetan, etxeko ingelesaz gain. Murgiltze eredua serio hartzen dugu, lakoteraz jakin eta egingo duten haurrak hezi behar ditugu», dio Hillek. Ez dute erraz hizkuntza dakiten irakasle eta laguntzaileak aurkitzen: «Ondo dakiten pertsonak ere ez daude erabiltzera ohituta, are gutxiago umeekin. Eta hor sakondu behar dugu, hizkuntzari sekulako bultzada eman behar diogulako. Oraingoz malda oso gorantz dago».
Berpizterik bai?
Lakotera biziko bada, umeekin batera helduek ere ikasi beharko dute. Haur eskolan dauden ia guztiek helduaroan ikasi dute, edo ikasten ari dira oraindik. Tamatane I’atala hezkuntza koordinatzaileak ondo daki zer den hizkuntza galtzea: «Samoan jaio nintzen, ama lakota eta aita samoarra nituelako. 6 urterekin Estatu Batuetara iristean samoeraz baino ez nekien, eta erabat ahaztu dut. Eta orain amaren hizkuntza ikasi eta irakatsi egiten dut». Duela bi hamarkada etorri zen amaren herrira: «Orain baino askoz gehiago entzuten zen hizkuntza XX. mende amaiera hartan, jende heldu hari sarritan entzuten zenion kalean. Baina orduan 50 urte zituztenek 70 dituzte orain»
Sioux izena Estatu Batuetako kondairetako erdi-erdian dago, letretatik zeluloidera. Nazio matxinoetan matxino, garesti ordaindu dute lakotek izaera errebeldea: erreserbetara behartu zituzten azken indiarrak izan ziren; egun, Pine Ridge herrialdeko konderri pobreenetan bigarrena da. Alkoholismoak itota eta familiak desegituratuta, haur askok etxean jasaten dituzte tratu txarrak eta sexu erasoak; aurten bakarrik ehun nerabe baino gehiago saiatu dira bere buruaz beste egiten, eta horietatik hogeik lortu ere bai. XIX. mende amaieran lakota herria menpean hartu eta 1890eko Wounded Kneeko sarraskiaren ostean, ume asko milaka kilometrotara bidali zituzten, AEBetako ekialdera, berariaz ume indigenak «zibilizatzeko» prestatutako eskoletara.
Hizkuntza amerindiar guztiak erabat debekatuta zeuden. II. Mundu Gerrara arte, jipoi eta bazterketa eta guzti, eutsi zioten hizkuntzari. Tatanka Yotanka Zezen Eseri-ren ondorengoak ziren, erreserbetara kondenatuta, lautadetan ibiltzera lurra lantzera baino ohituago. Hurrengo belaunaldiek ingelesa ama hizkuntza bezain ondo ikasi zuten, eta eskolako jipoi eta gutxiespenek behartuta, transmisioa eten zen.
Honezkero baliteke beranduegi izatea, baina azken ahalegina egingo dute behinik behin. Eta komunitatea trinkotzeko ere balio duela uste dute: «Ez zegoen eremu baten ari gara sortzen, eta ideia asko daude. Lana sortzeko bidea ere izan liteke; Oglala herrian langabezia itzela dago, geratzen diren hiztunei zergatik ez eman lana hizkuntza transmititzen?».
Lehen umea irten da gelatik, ez da gustura iratzarri, eta negarrez dator. Darlene Helper zaintzaileak lasaitu du, eta askaria prestatu dio. Lakotera ama hizkuntza duen bakarretakoa da eskolan Herper. Gloria Warrior da bestea, amonekin hazi zen: «Beti, umetatik egin dut lakoteraz, eta ume hauek ere hala egingo dute». Haurrekin batera, hizkuntza ikasten ari den laguntzaile bana daukate zaintzaileek. Hizkuntzaz gain, bere herriaren ondarea transmititzen diete: kantak, ipuinak, baita kondairak eta historia ere. Darlene Herper lakota herriaren ahozko biltegia baita: Zaldi Erorekin batera estatubatuarren aurka borrokan ibili ostean, Wounded Kneeko sarraskitik bizirik irten zirenetako Hump buruzagiaren ondorengo da.
Astiro-astiro gainontzeko umeak ere esnatu dira. Gurasoak etorri artean, danborra atera dute, eta ia guztiak bertaratu dira jotzera; gogotsu jotzen dituzte etxean eta eskolan ikasitako doinuak. Beste bik Berenstein hartzen marrazki bizidunak ikusten dituzte. Auzolanean bikoiztu dituzte lakoterara, eta itzel maite dute haurrek.
Marrazki bizidunak lakoterara bikoiztea urrats garrantzitsua izan zen. Eskola materiala ere ari dira sortzen. «Lakoteraz dagoen material falta erabatekoa da, beraz, guk geuk egitea erabaki genuen, ahalen arabera. 75 liburu baino gehiago itzuli ditugu, eta sosak lortu ahala geroz eta gehiago izango dugu», dio Tamatane I’atalak.
Badakite denbora ez dutela alde. Baina bide zuzena aurkitu dutelakoan daude, oraindik ere milaka hiztun batzuk geratzen diren artean: oso txikitatik lakoteraz hasi diren umeek euren hizkuntzan jarraituko dituzte ikasketak, eta hor ikusiko da hartutako erronkak arrakastarik izan duen. Oraingoz, ikasturte berri bati ekin dio Iyápi Glukínipi-k, eta oraindik jaio ez diren umeen gurasoek ere eman dute izena.