Ikerne Zarate / 2015-12-04 / 701 hitz
Orain urtebete heldu zen Euskal Herrira Katerina Kirsanova (Ukraina, 1986), bikotekide Roman Sadovnikekin. Donetsketik ihesi atera ziren. Lana bazuen, baina hura galdu eta beste bat lortzeko aukerarik gabe eta dirurik gabe gelditu zenean erabaki zuen Kirsanovak Euskal Herrira etortzea. Errenterian bizi izan ziren lehenik, Donostian gero, eta Lezon duela bi hilabetetik. Emakume errefuxiatuen egoera gogorra dela esan du ukrainarrak: “Duzun guztia utzita, hutsetik hasi beharra duzu, ezagutzen ez duzun hizkuntza batean, eta nora jo jakin gabe”. Horretaz guztiaz mintzatu da SOS Arrazakeriak Errenterian antolatu duen Emakume errefuxiatuen egoera jardunaldietan, bere esperientzia eta hainbat lagunena ezagutarazi eta zabaltzeko.
Zergatik erabaki zenuen Ukrainatik ateratzea eta Euskal Herrira etortzea?
2013an hasi ziren liskarrak gure hirian. Populazioaren zati batek bat egin nahi zuen Europarekin, eta beste zati batek Errusiarekin. Donetskera ere heldu ziren liskarrak; gerra zegoen, eta nire bikotekidearekin batera handik irtetea erabaki nuen. 2014ko udaran irten ginen biak Donetsketik, eta abenduan heldu ginen hona. Hasieran ez genuen Ukrainatik atera nahi, eta lana eta alokatutako etxe bat bilatzen saiatu ginen, baina ez zegoen modurik. Donetskeko jendearentzat garestiagoak dira alokairuak, gerra gure errua dela diotelako: ez digute alokatu nahi etxerik, ezta lanik eman ere. Genuen lana galdu egin genuen, nagusiak jatetxe katea itxi zuelako. Lagun bat dut hemen bizitzen; orain zazpi urte heldu zen, eta hark esan zigun hona etortzeko.
Zer da zailena emakume errefuxiatu batentzat?
Oso zaila da zure etxetik irtetea. Dena utzi behar izan dugu han: gure etxea, gure familiak, gure lanak… Hamar urtez aritu naiz kontabilitate lanak egiten jatetxe kate batean. Nire ama hemen da gurekin, baina aita eta ahizpa Ukrainan daude. Zaila da hutsetik hasi behar duzulako. Eta nire adinarekin agian ez da hain zaila, baina amak 55 urte ditu: bizitza osoa han du, lagunak, guztia… Oso gogorra da dena utzi behar izatea. Inoiz ez dugu diru faltarik izan orain arte, eta egoera horretara ere moldatu behar duzu. Ez da erraza.
Zer kontatu duzu SOS Arrazakeriak emakume errefuxiatuen gainean antolatuta egin duzun hitzaldian?
Emakume errefuxiatuek ditugun arazoez mintzatu naiz. Nire arazoez eta nire lagunen arazoez eta esperientziaz. Ikasi egin nahi dugu, guretzat ezezaguna den hizkuntza batean nahi dugun guztia adierazteko zailtasun handiak ditugulako. Arazo bat da hizkuntza, baina arazo ekonomikoak ere baditugu, noski: dirua ere arazoa da. Seme-alabak dituzten emakumeen kasuan, arazo hori beste arazo batzuekin batzen da: etxeko lanetan ezin dituzte lagundu, ez dutelako ulertzen hizkuntza; eskolako materiala erosteko aukerarik ez dute… Gerratik ihesi gatozenon kasuan, bonba hots artean bizitzen izan gara, eta hori hor gelditzen da; beldur hori zurekin daramazu. Hori gainditu edo aurre egiteko terapiak izatea interesgarria litzateke. Horretaz guztiaz hitz egin nuen, hizkuntza ez menperatzeak ematen dizkidan aukeren barruan.
Garrantzitsua da halakoak antolatzea?
Hitzaldiak antolatzea oso garrantzitsua da errefuxiatuen egoera ezagutarazteko. Jendeak telebistan ikusi du zer gertatzen ari den Donetsken, baina oso ezberdina da bertako pertsona batek kontatzea zuzenean zer gertatzen ari den han.
Erraza izan da hemen kokatzea? Laguntza izan duzue?
Iristean, Poliziara joan nahi nuen egoeraren berri ematera, paperik ez genuen eta. Nire lagunak, ordea, lehenik abokatuarenera joateko aholkatu zidan. Ilegalak ginen ni eta bikotekidea. Egoera berri batean zaude, beste herri batean, ezagutzen eta ulertzen ez duzun hizkuntza bat duzu aurrez aurre… Beldurrez bizi izan gara papergabeak izan garenean. Hizkuntza eskolan izena eman genuen gaztelera ikasteko, eta han dabilen Ukrainako beste emakume batek Gurutze Gorrira jotzea aholkatu zigun, han egoera azalduko zigutela.
Asko lagundu digute. Errefuxiatu paperak egiteko eskubidea dugula esan ziguten, gu bizi garen hiria gerran dagoelako. Aztertzen ari dira orain errefuxiatu gisa bizitzea dugun edo ez. Gizarte zerbitzuetako laguntza dugu, eta legalak gara; paperak baditugu, eta tentsioa, behintzat, gutxitu da. Hasiera oso gogorra izan da. Euskara ikasten ere saiatzen ari gara, poliki-poliki, garrantzitsua delako guretzat.
Nola sentitzen zara Euskal Herrian? Nolako harrera izan duzu?
SOS Arrazakeriaren laguntza ere izan dugu; azalpenak eman dizkigute. Lehenengo hilabete hauek benetan gogorrak izan dira. Ukrainako jende ugari bizi da hemen, errusiarrak, eta denak saiatu dira laguntzen. Batzuek janaria eman digute… Ahal duten moduan lagundu digute eta laguntzen jarraitzen dute. Ukraina eta Euskal Herria oso ezberdinak dira. Jendea irekiagoa da hemen; eraikinak, autobusak, dena oso ezberdina da. Hemen itsasoa dago, eta hori izugarria da. Jendea asko gustatzen zait. Jendeak laguntzen du, entzuten du, eta hori izugarria da. Jendeak irribarre egiten du hemen, eta hori oso polita da.