Aitor Biain / 2016-01-22 / 468 hitz
«Hiztun gutxi eta arrisku asko» dituen hizkuntzetako bat da asturiera. Hala ere, arrisku horiek uxatzen saiatzen ari da Anxel Del Rio (Oviedo, Espainia, 1983). Urteak dira asturieraren eta asturiar hiztunen eskubideak aldarrikatzen diharduela. Gasteizen izan da egunotan horren berri ematen.
Xunta Pola Defensa de la Llingua Asturiana elkarteko kidea zara. Noiz eta zergatik erabaki zenuen elkarteko kide izatea?
Duela hamar urte hasi nintzen elkartearekin asturieraren alde lanean. Gure hizkuntzaren alde lan egiteko modu egokia zela iruditu zitzaidan. Batez ere, politikatik aldenduta eta modu sozial batean egiten delako. Horregatik sartu nintzen Xuntan.
Asturieraren defentsa eta hizkuntza komunitatearen eskubideak defendatzen ditu elkarteak. Zein da erabiltzaileen eskubideen egoera egun?
Oraintxe, asturiera hitz egiten dugunon eskubideak erabat zapalduta daude; are gehiago, ia ez daukagu eskubiderik. Asturiera ez da hizkuntza ofiziala printzerrian. Bada hura babesten duen legerik, baina ez du ia indarrik. Horrek erabat baldintzatzen du egoera.
Zer aldatuko luke ofizialtasunak?
Ofizialtasuna, helburua baino gehiago, lehen harria da guretzat; hasiera besterik ez normalizaziorako. Ezinbestekoa dugu ofizialtasuna. Bestela, zaila dugu ezer lortzea.
Zein zailtasun ditu asturieraren normalizazioak?
Zailtasunak askotarikoak dira. Aipatu bezala, ofizialtasunak erabat baldintzatzen du egoera. Baina esango nuke asturiera ofiziala izan ez dadin dauden interes politikoak direla egun ditugun zailtasunik handienak. Orain arte agintean egon diren alderdiek ez dute ezer egin; beharrik ere ez dute izan asturieraren aldekoengana hurbiltzeko. Eroso sentitu dira orain arte, eta hala segitzen dute.
Aurreiritziak al daude zuen hizkuntzaren inguruan oraindik?
Asko. Pila bat, esango nuke. Gainera, arlo politikoan dagoen eztabaidak eragin zuzena dauka gizartean ere. Kalean sortzen duen diglosia ikaragarria da, eta, askotan, gertatu behar ez luketen egoerak gertatzen dira: hau da, asturieraz hitz egiten duenak aurpegi arraroak jasan behar izaten ditu gehienetan, ohiko arazoei aurre egiteaz gain. Horri buelta ematea ezinezkoa da, hizkuntzaren ofizialtasuna lortzen ez den bitartean.
Unibertsitateko irakasle ere bazara. Zein da asturierak hezkuntzan duen egoera?
Oro har, hezkuntzaren alor guztietan da txarra egoera. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan bada hautazko ikasgai bat, eta, gutxienez, beste hizkuntzekin ez lehiatzea lortu genuen. Unibertsitateari dagokionez, berriz, egun dugun eskaririk garrantzitsuena asturiar filologiako ikasketak jartzea da. Informatika irakaslea naiz ni, eta alor horretan ezinezkoa da asturieraz ezer ikastea.Herritarren erdiek ere ez daukate asturiera ikasteko aukerarik.
Zer-nolako presentzia dauka tokiko komunikabideetan?
2006an lortu genuen asturieraz jardungo zuen irrati-telebista publiko bat izatea. Baina, berriz ere, diglosiarekin egin genuen topo: gai garrantzitsuenetan ez dute asturiera erabiltzen, zoritxarrez.
Hizkuntzaren aldeko defentsa horrek politikara ere eraman zaitu. Nola?
Bai, hala da. Hainbat alderdi politikotan ibili izan naiz. Baina oinarrietan, eta asturieraren alde betiere. Aldarrikatzeko modu desberdinak aurkitu behar direla uste dut. Nik neuk hala egitea erabaki nuen.
Zuk zein maiztasunekin erabiltzen duzu asturiera?
Uste dut euskal hiztun baten modu berean aritzen naizela ni ere nire herrian. Hau da, lehenengo hitza asturieraz egiten dut. Gainontzean, jakitun naiz bizi naizen lekuan oso zaila dela asturieraz bizitzea. Gauzak aldatzen ez baditugu, noski.