Mikel Ayestaran: “Nabilen tokietan, propagandak informazioak baino indar handiagoa du”

Sustrai Colina / 2016-01-24 / 1.572 hitz

Egia omen da gerra ororen lehen biktima. Egiaren autopsia egitera edo egia lurperatzera ote doa kazetaria frontera? Honatx arkeologia ariketa zintzo bat

Gerra kazetaria, gatazketako kazetaria, nazioarteko kazetaria…

Kazetaria. Utikan etiketak eta mitoak. Lehen dinosauroa ezagutu orduko erabaki nuen ez nuela bera bezalakoa izan nahi. Kazetariak gara, ez heroiak. Ez dut kazetaririk ezagutzen frontera derrigortuta joan denik. El Diario Vasco-n postu finkoa nuen nik, baina garai hartan, Reala Championsera sailkatzea zen lan-bidaiatxo bat egiteko aukera bakarra. Horregatik, egitura bat muntatzen joan ahala, lanpostu finkoari uko egin eta freelance hasi nintzen. Bizimodu arruntean burutik pasatzen ez zaizkizunak ikusten dituzu gerran. Gazako azken gerran, hoteleko teilatutik bonbardaketak ikusten ari nintzela, “posible ote da?!” galdetzen nion nire buruari. Star Wars zen hura. Ez da kasualitatea nire destinoetarako hegazkinak hutsik joan eta beteta itzultzea. Halakoetan, ezinbestean pentsatzen duzu otsoaren ahora sartzen ari zarela. Gure lana adikzioa da, ordea. Probatzean, harrapatu egiten zaitu.

Mikel Ayestaran zela zure marka harrapatu zenuen zuk.

Hasieratik neukan garbi “Mikel Ayestaran kazetaria” produktu bat izan behar zela. Hasieratik saiatu naiz nire marka potentziatzen. Bukatu da komunikabide batekiko fideltasuna bermatzen dizun kontratuaren garaia. Norbere buruarekiko fideltasunaren aroan gaude. Orain jendeak ez du komunikabide bat jarraitzen, pertsonak segitzen ditu. “Horri sinesten diot ala ez”, ez dago besterik. Ni betidanik izan naiz espezialistazalea. Horregatik dira nire ardatzak sinesgarritasuna eta espezialitatea. Jendeak sinestea nahi dut, ahoa zabaltzen dudanerako informazioa ikertu, galbahetik pasa eta egosi dudala pentsatzea. Ekialde Hurbila oso konplexua da, ordea. Nik hamar urte daramatzat freelance, egunero ikasten duen 10 urteko ume bat naiz, eta hori ere transmititu nahi dut.

“Utikan etiketak eta mitoak” zenioen lehen. Ekialde Hurbila ez al da etiketa bat?

Ez dakit zergatik dagoen Ekialde Hurbila hain urrun guretzat. Ez dakit zergatik biltzen ditugun hain errealitate ezberdinak etiketa bakarrean. Urtetan joan-etorrian ibiltzeak ahalbidetu dit perspektiba ez galtzea. Izan ere, dena jakingo bazenu bezala hitz egitea baino askoz zailagoa da dakizun gutxia ondo azaltzea. Ez gaitezen engaina, hemen jendeak ez du suniei, trusoei edo xiitei buruz hitz egiten, Realari buruz hitz egiten du. Hori gutxi ez eta Mendebaldeak goitik behera begiratzen dio munduari, sorbalda gainetik beti. Guk esportatu dugu demokrazia, guk esportatu ditugu ongiaren baloreak, guk… Ekialde Hurbileko tragediekiko gutxieneko enpatia garatu badugu ere, beti iruditzen zaigu guri ezin zaigula halakorik gertatu, salbu gaudela. Ez dakigu entzuten. Kazetari asko joaten dira gatazka guneetara etxeko sofan otu zaien istorioa kontatzera. Bost axola zaie bertan gertatzen dena, bertan topatzen dutena. Gauza bera politikan. Zer egiten dute gure agintariek? Gauzak okertzean errua besteei bota, misioa bukatutzat eman eta ondoko herrialdera mugitu.

Nork mugitzen ditu breaking news-aren hariak?

Agendarena oso bitxia da. Gatazka batzuk beti daude lehen lerroan, beste batzuk beti itzalean. 2006tik 2011ra bitarteko nire pasaporteei erreparatuta, Pakistan, Afganistan, Irak eta Iranen nenbilen etengabe. Orain Afganistan eta Pakistan ez dira gehiago aipatzen, dena da Siria. Orain dela hamar urteko hemeroteketan, ordea, Siria ez zen existitzen! Zeinek eta nola antolatzen duen agenda hori? Ez daukat arrastorik baina agenda horren gatibu bizi naiz. Garbi dago Mendebaldearen interesak jokoan egoteak balio erantsia ematen diola gatazkari. Siriaren kasuan, Europa erasotzen duen talde armatua dagoelako han interesatzen zaigu. Noiz arduratu gara errefuxiatuez? Etxe atarian zeudenean. Aski da AEBek edo NATOk tropak bidaltzea gatazka horrek titularrak merezi izateko. Hor ikusten da Israel AEBetako estatu bat gehiago dela. Israelen segurtasuna jokoan egote hutsa albiste da, juduen aurkako eraso oro notizia. Horregatik hartu dute 2001etik hona musulmanen aurkako berriek izugarrizko pisua. Entzun duzu albiste positiborik musulmanen inguruan? Dena izua, dena erasoak… Galdeiozu zure buruari zerekin lotzen duzun islama. Sekulako kultura da, sekulako erlijioa, sekulako herrialdeak… baina islamofobia da nagusi. Bitartean, non daude 1970-1980ko hamarkadan egunkariak betetzen zituzten Hego Amerikako gerrak? Noiztik ez duzu Nikaraguari buruzko albiste bat irakurri? Zergatik? Ez dakit.

Breaking news-a non kazetari oldea han.

Patetikoa izatera iritsi daitekeen zirkua da. Kazetariontzat balio du curriculumean beste gerra bat gehitu eta gure buruei onenak garela sinestarazteko, baina zertan laguntzen dio horrek bertako jendeari? Arazoa da bukatu dela modu alternatiboan ibiltzea. Gazan, bonbardaketak hastean, hiru-lau hotel jakinetan ez bazaude, bonba jausten zaizu bai ala bai. Kabulen, Nazio Batuetako jendearengandik aparte ibili nahi duzula esaten baduzu, ez zara bizirik aterako. Orain dela hamabost urte, Bushek seguruago bizi gintezen abiatu zuen terrorismoaren aurkako gerra famatuak askoz konplikatuagoa eta arriskutsuagoa bihurtu du mundua. Orain urte batzuk, Afganistanen, bizikletaz egiten nuen lan. Ea nor ausartzen den orain. Hala, zure begiekin ikusten duzun errealitatea beti mugatua bada, pentsa gerretan. Lobbyek belarria jaten zigutela, bi kale zapalduta, kontatu genuen Irakeko gerra sektarioa. Telebistako gerra kazetariak sateliteari segi behar badio zuzenekoak egin ahal izateko, nola egingo dio uko arrasto ofizialari? Ez dago miraririk. Horregatik, oso nabarmena da gatazka gunera itzultzen diren eta itzultzen ez diren kazetarien arteko aldea. Gatazka puri-purian egon ala ez, hilabetero joaten naiz Gazara. Denborak jarraipena ahalbidetzen dizu eta jarraipenak perspektiba. Krisia hasi zenetik, ordea, ez dago jarraipenik, breaking news-a besterik ez. Gerrek eta hondamendi naturalek saltzen dute, horien ostekoek ez.

Zer da informazioa gerran?

Horixe da zailena, informazioa zer den eta zer ez bereiztea. Zure sentimenduak, zure bizipenak, kontatu dizutena, ikusi duzuna, erlijioa, makropolitika, lobbyak… Izugarri zaila da informazio puru-purua lortzea. Nabilen tokietan, propagandak informazioak baino indar handiagoa du. Esaterako, lobbyek sekulako presioa egiten dute. Israelen, egunero jarraitzen dute zure lana sare sozialen bidez eta ez daukate erreparorik komunikabideekin zuzenean harremanetan jartzeko. Twitter edo Facebook-en jarraitzaile kopuru handia duzula ikusten badute berehala hasten zaizkizu egurrean. Nik, oraingoz, ondo daramat presio hori. Babestuta sentitzen naiz, eta batez ere, badakit ez dudala nire burua saldu. Lasaitasun handia da bando baten edo bestearen alde ez zarela ari jakitea.

Beldurrik pasa duzu inoiz?

Nola ez dut beldurrik pasako? Ez naiz bereziki beldurtia, baina bonbardaketa baten erdian ikara sentitzen da. Bidaia nik antolatu, hotela nik hautatu eta arriskua nik neurtu dudanean hor nonbait, baina besteen esku jartzean beldurrak airean joaten naiz. Amerikarren edo espainiarren esku nagoenero edozer pasatzen zait burutik. Auto blindatu batean noanean, pistaren erditik, 20 urteko gazte bat txofer… Ez naiz fidatzen. 40 urte eta bi umerekin bestela ikusten dira gauzak. Adibidez, Gazako azken gerratik oso ukituta atera nintzen. Umeak errukirik gabe akabatzen zituzten. Ospitalera joan eta umeak txikituta ikusten nituen egunero: besoak han, hankak hor, tripak… Egunero hori ikusteak jota uzten zaitu, behin eta berriz egiten duzu negar. Bakoitzak bere trukuak dauzka ikusten dituenak kanporatu eta barruan ez zornetzeko. Gainditzen da, edo hori pentsatu nahi dut nik, baina badauzkat oso ukituta dauden lagunak. Nik badakit eragiten didala, baina era berean, badakit nire lanaren parte dela, kazetaritza mota horretarako prestatu naizela, eta  ezin badiot aurre egin hobe dudala kiroletara dedikatu.

Azken aldian zure lanaren parte den hitz bat: errefuxiatuak.

Erdoganek hauteskundeak galdu zituenetik hurrengo hauteskundeak egin arte milaka errefuxiatu agertu ziren Turkian. Turkiako mugak azken hamar urteetan ireki ez ziren bezala zabaldu ziren, ordura arte 15.000 dolar eta hiru hilabete irauten zituen bidaia, astebete eta 3.000 dolarreko kontua bihurtu zen. Zergatik? Ezta arrastorik ere. Zergatik zabaldu zuen Turkiak muga? Zergatik jaitsi zituen mafiak prezioak? Zergatik eman zien Alemaniak hasieran errefuxiatuei abegi eta gero ez? Pentsa zenbat aditu eta analista dauden munduan, inork ez zuen halakorik aurreikusi. Euskal Telebistatik Mazedoniara joateko deitu zidatenean justu-justu kokatu nuen mapan. Errefuxiatuekin nola jokatzen duen ikusita, esango nuke Europari antzeko zerbait gertatzen zaiola Siriarekin. Ez daki zer gertatzen den han, norantz mugitzen diren fronteak, zer dagoen jokoan, zeinen bandoan egon behar duen… Europak ez du oraindik ulertu ez dela uda bateko arazoa. Siriarrekin jolasten ari dira, han eta hemen, errefuxiatuen tragedia handia bada handiagoa baita erbesteratuena. Irakekin egin zuten gisan, herrialdea mila zati egiten ari dira.

Hitzetik hortzera darabilzun beste izen bat: Estatu Islamikoa.

Bagdaden nengoela, itzultzailea etorri zitzaidan aztoratuta, “Mosul erori da! Mosul erori da!”. “Noren eskutan?” galdetzen nion nik ezin sinetsita. “Estatu Islamista izeneko talde baten menpe”. Aho bete hortz egon ginen telebistari so. Orain bi urteko hemeroteketan ez zen Estatu Islamistarik existitzen, ez zegoen Emir Herririk, eta orain ez dago besterik. Berriz ere, ez analistek, ez adituek ez zuten horrelakorik aurreikusi. Inork ez zigun esan talde batek Emir Herri bat sor zezakeenik, mehatxu seriorik zegoenik. Inork ez. Hala ere, goizetik gauera garaitu zuten Irakeko armada, kriskitin batean jarri zuten Emir Herria zutik, eta orain euren arerioen etxean zabaltzen dute izua, etsaia Ekialde Hurbilera erakarri eta partida han jokatzeko. Ez dira zoroak, ez dira lau ume mukizu. Militarki sendo daude, bitartekoak dituzte, eta ederki dakite zertan ari diren. Horren aurrean Mendebaldeak zer egiten duen? Etxean bestela onargaitzak liratekeen segurtasun neurriak onartu eta Siria bonbardatzera sei hegazkin bidali. Noiz ulertuko dute horrela ez dela ezer konpontzen? Oraindik gogoan dut Afganistanera joaten hasi nintzenean, hura ez zela gerra, gatazka asimetriko bat zela errepikatzen zigula Chacon-en prentsa buruak. Horrela, nola ez du denak okerrera egingo? Desastre bat izan da dena. Gure agintariei bost axola zaie Irak edo Siria, hurrengo hauteskundeak baizik ez dituzte buruan.

Zuk baduzu Ekialde Hurbilarentzako soluziorik buruan?

Justizia, ez dago besterik. Israel eta Palestinaren arteko gatazka da konpondu beharreko lehen auzia. Nazioarteko erakundeen arauak eta jarraibideak betearazi behar zaizkio Israeli. Gezurra da negoziazioa dela soluzioa. Gure esku dago Israelek legea errespetatzea. Zergatik inposatzen da Mendebaldearen legea herrialde askotan eta ez Israelen? Musulmanek justizia existitzen dela ikusi ezean alferrik dira gure prediku guztiak. Eskuak garbi edukita soilik lortzen da sinesgarritasuna. Norbere legeak ez betetzea minbizia baita, aldikako metastasiek gaiztotzen duten minbizia. Afganistan talibanak agintetik kentzeko eraso eta beraien partez gerra zibileko terrorista ankerrenak jartzen badituzu, nola sortuko duzu ezer eraikitzeko oinarri sanorik? Alferrik da, herrialde guztiak mila zati egitea da Mendebaldearen estrategia: zatitu, harresiak eraiki eta momentuko interesen araberako lagun zein orekak bilatu. Ez dago ez epe luzerako estrategiarik ez lider sendorik.

.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.