Irakurketa, zaletasunaz gain, eskubidea ere bada

Ainara Arregi / 168zbka. – 2015/12 / 668 hitz

Noizbait gertatu al zaizu testu bat irakurri eta ezer ulertzeko gai ez zarela ohartzea? Bada, arrazoi fisikoak, psikologikoak edota arrazoi sozialak tarteko direla, biztanleriaren %30ak ditu ulermen eta irakurketa arazoak. Gabezia horri aurre egiteko sortu zen ‘Irakurketa Erraza’ mugimendua.

Nazioarteko hainbat legetan argi adierazten denez, irakurketa, behar soziala ez ezik, hiritar ororen eskubidea ere bada. Aitzitik, gaur-gaurkoz, hainbat pertsonari ez zaio eskubide hori bermatzen. Arrazoi fisikoek, psikologikoek edota arrazoi sozialek eraginda, gizarteko zenbait sektorek irakurketa-ulermen arazoak dituzte, zehazki, biztanleriaren %30ak, eta horien beharrrak asetzeko asmoz sortu zuten Irakurketa Erraza mugimendua. Euskal Herrian ekimen horren bultzatzailea Blanca Mata da (Barakaldo, 1974). Literaturarekiko duen zaletasunak bultzaturik, eta gurean arlo horretan zegoen gabeziaz jabetuta, Irakurketa Erraza Euskadi ekimena jarri zuen abian 2012an.

Blancak azaldu digunez, ulermen eta irakurketa arazoak dituzten pertsonak bi taldetan bana daitezke: aldi baterako zailtasunak dituztenak (etorkinak, pertsona alfabetatugabeak, irakurketan berandu hasi direnak, ikasketekin arazoak dituztenak…), eta, zailtasun iraunkorrak dituztenak (ezgaitasun intelektualak edo arazo neuropsikologikoak dituztenak, adinekoak…). Bi talde horietan egon daitekeen jendearen eskubideak bermatzeko, Irakurketa Erraza egitasmoan edukiak IFLA-ren (Liburutegi Erakundeetako eta Elkarteetako Nazioarteko Federazioa) arauen arabera ekoizten dira, hizkuntzari zein formari dagokienez. Hala, modu argian eta hizkuntza xumean idazten dira testuak, esaldi laburrak erabilita.

“Guretzat kontzeptu nahiko ezezaguna bada ere, Suedian egitasmo horrek 40 urte daramatza martxan eta oso errotuta dago. Erakundeek bultzaturik sortu zuten, eta, egun, badaude komunikabideak formatu horrekin lan egiten dutenak, adibidez, irrati albistegiak”, adierazi du Blancak.

Gure inguruan, 2002. urtean eman zen Irakurketa Erraza sustatzeko aurreneko urratsa, Katalunian. “Nik Irakurketa Erraza Euskadi proiektua sortu nuenean, 2012an, gaiari buruz inguruan landutako guztia Katalunian zegoen: liburutegietan formatu horretako liburuak zituzten, argitaletxeek ere formatu horretan argitaratzen zuten, Irakurketa Errazeko klubak zeuden… Hemen ez genuen deus ere, eta hutsetik hasi behar izan nuen”, azpimarratu du. “Nire aurreneko helburua Irakurketa Erraza ezagutzera eman eta ahalik eta zabalkunderik handiena lortzea zen. Irakurketa eta ulermen arazoak zituztenengana iritsi nahi nuen, eta horretarako, hainbat elkarterekin jarri nintzen harremanetan”, gaineratu du.

Gaur egun, ordea, Irakurketa Erraza gizarteko hainbat sektoreri ezagutarazteaz gain, Blancak formatu horretan idazten ikasteko eskolak ere ematen ditu, testuak egokitu eta Irakurketa Errazeko klubak dinamizatzen ditu. Urte hauetan egindako lanari esker, gaur egun Irakurketa Errazeko 85 bat klub daude EAEn. “Katalunian ez bezala, EAEn orotariko klubak ditugu, eta aitzindariak izan gara burmuineko paralisia dutenekin, nerabe autistekin eta buruko nahasmendua dutenekin klubak sortzen”, azaldu du Blancak.

Irakurketa Erraza euskaraz
2012an, irakurketa klubak antolatzen hasi zirenean, gaztelaniazko klubak ziren denak, formatu horretan euskaraz ez zegoelako ezer idatzita. Zenbait euskal idazlek eginiko lanari esker, ordea, apurka-apurka ari dira kaleratzen lengoaia errazean idatzitako euskarazko liburuak ere. Fernando Morillok Santiago Bidearen misterioa eta udazken honetan kaleratu den Mata Hary, argiak eta ilunak idatzi ditu; Ander Izagirrek, Txernobil txiki bat etxe bakoitzean; eta Onintze Goitizek Amaia udalekuetan. Horietaz gain, Montse Floresen Rif mendietako ura eta Núria Martíren Traizioa lakuan katalanetik itzuli dituzte euskarara. Argitalpen horiek guztiak Gaumin argitaletxearenak dira.

Baina literaturaz harago, Irakurketa Errazak egunean-egunean sortzen diren hainbat beharretan laguntzeko eta gizarteratze prozesua bultzatzeko ere balio du, eta ez soilik ulermen-irakurketa arazoak dituztenei laguntzeko. Izan ere, aipatutako arazoak ez dituen jendeak ere, sarritan, zailtasunak izaten ditu zenbait informazio ulertzeko, izan gaia konplexua delako edo erabiltzen den hizkuntza eredua ulergaitza delako, adibidez, lege, ekonomia, osasun edo zientzia testuen kasuan. Gizartearen behar horretaz jabetuta, badira euren komunikazio moldeak egokitu dituzten enpresak. “Bilboko Alde Zaharreko higiezinen agentzia bat, adibidez, aitzindaria izan zen salerosketa eta alokairu kontratuak Irakurketa Errazera moldatzen. Bezeroak agentziatik zer sinatu duten ondo ulertuta ateratzea zen jabearen helburua”, azaldu du Blancak.

Horrez gainera, Enkanterrietako Museoan erakusketetako liburuxkak Irakurketa Errazean daude, eta Lantegi Batuak enpresan lan arriskuen prebentziorako legea ere formatu horretara moldatu dute. Administrazioan ere ari dira urratsak ematen, erakundeak konturatu baitira modu ulergarriagoan komunikatzeak dirua eta denbora aurreztea dakarkiela. “Sarritan administrazioko leihatilara joan beharra dugu, etxera iritsi zaigun eskutitza ez dugulako ulertzen. Modu ulergarriagoan idatzirik balego, hori saihestu ahalko genuke”, gaineratu du.

Irisgarritasun fisikoarekin gertatzen den bezala, Irakurketa Errazean ere, batzuentzat beharra dena besteentzat lagungarri gertatzen da. Ezin dugu ahaztu hiritar orok informazioa jasotzeko eskubidea eta irakurketarako eskubidea dituela, eta gizarteak horiek bermatu behar dituela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.