Juanma Gallego / 2016-01-10 / 533 hitz
Otzi izenez ezagutzen den gorpu momifikatuan egindako azken ikerketek ezusteko emaitza izan dute. Izotzetako gizakiaren urdailean zegoen materiala aztertu ondoren, zientzialariek Helicobacter pylori bakterioaren DNA deskodetzea lortu dute. Gizakiaren urdailetan ohiko bizilaguna den patogeno horren genoma antzinako arrasto batean sekuentziatzea lortutako lehen aldia da. Nazioarteko ikertzaile talde batek Science aldizkarian eman du ikerketaren berri asteon.
«Bakterio hori ondo ezagutzen da egungo populazioetan, ostalariaren osasunean eragina izan dezakeelako», argitu du artikuluaren egile nagusi Frank Maixner mikrobiologoak. EURAC Bolzanoko Akademia Europarreko (Hego Tirol) zientzialaria da Maixner, eta izotzetako gizakia ikertzen duen institutua koordinatzen du.
Egun, bi gizakitik batek Helicobacter pylori bakterioa dauka urdailean, eta horietatik hamarren batek patogeno horri lotutako eritasun bat garatzen du bere bizitzan: gastritisa, ultzera eta batzuetan minbizia ere bai.
Otzi 1991ean aurkitu zuten bi mendizalek, Hego Tiroleko Alpeetan. Hil eta gutxira, gorpua glaziar baten barruan harrapatuta gelditu zen, eta horrek ahalbidetu zuen haren arrastoen kontserbazio bikaina. Horrela jakin dute duela 5.300 urte bizi izan zela, eta 45 urte inguru zituela hil zela. Ikertzaileek uste dute borroka baten ondorioz hil zela, haren bizkarrean gezi punta bat topatu baitzuten eta buruan kolpe baten zantzua ageri baitzen. Haren arropak, armak eta beste zenbait tresna ere topatu zituzten, hotzari esker oso ondo mantenduak.
Sabeleko mina
Ikertzaileak 2010. urtera arte ez ziren konturatu Otziren urdaila ere kontserbatuta zegoela, denboraren poderioz organoak momiaren hesteen antzeko tamaina hartua zuelako. Urdaila topatzeak haren dietaren inguruko informazioa lortzeko aukera eman zien ikertzaileei, baita haren osasun egoeran sakontzekoa ere.
Albert Zink paleopatologoarekin batera, orain hiru urte hasi zuen Maixnerrek Otziren urdailean mikroorganismoak aurkitzeko egitasmoa. Mukosak arras desagertuta zeudenez, bakterioa zuzenean bilatu beharrean, antzinako genoma aztertzeko izan diren azken aurrerapenetan oinarritu dira. Hala, urdailaren biopsia egin eta bertako DNA aztarna guztiak aldi berean aztertu dituzte, bakterioaren genoma isolatu eta berreraiki ahal izateko.
Maixnerren arabera, analisian azaldutako beste aztarnetan oinarrituta, bakterioaren andui birulentoa zela ondorioztatu dute —gaixotasun bat eragiteko modukoa, alegia—. Proteinen analisiaz baliatu dira urdailean hantura zegoela baieztatzeko. «Halere, ezin dugu jakin infekzioa garatuta ote zegoen, diagnostiko klinikoa egiteko histologia on bat eskura izan behar genuelako, eta, zoritxarrez, ez da horrela suertatu».
Hala ere, Otziren osasun egoera argitzea ez da izan Helicobacter pyloria bilatzeko arrazoi bakarra. Horrez gain, Neolito garaiko populazioen mugimenduen inguruko informazioa lortu nahi zuten. «Bakterio hori asko erabiltzen da populazioen ikerketa genetikoa egiteko, aspalditik gizakiei lotuta egon delako. Seguruenez, gizakiak barruan zeraman duela 60.000 urte Afrikatik atera zenean», azaldu du.
Zientzialariek espero zutenaren kontra, Otziren urdailean topatutako bakterioa ez zen egungo europarrek dutenaren motakoa, Asian abiapuntua duen andui batekoa baizik. Europako egungo biztanleek Afrikako eta Asiako anduien arteko nahasketa bat dute urdailetan, kontinente zaharrak urteetan izandako hainbat migrazioren erakusle. Hala ere, zientzialariak harrituta gelditu dira, izotzetako gizakiarengan apenas antzeman direlako egun ohikoak diren Afrikako anduiak. Beraz, Maixnerren hipotesiaren arabera, Otziren garaia baino geroago, Afrikatik Europara etorritako populazio mugimenduren bat izan zen.
Hau ez da izango, seguruenera, momiak emango duen azken sorpresa. Maixnerrek BERRIAri aurreratu dionez, bere lantaldea Otziren urdailean aurkitutako jakien inguruko analisia egiten ari da orain: «Haragia eta landareak jan zituela badakigu. Lipido asko jan zituen, eta oraindik ez dira degradatu. Ikerketa bukatu arte xehetasun askorik ezin dugu eman, baina emaitza interesgarriak izango dira. Materiala hain ondo mantenduta dagoenez, janaria nola prestatuta zegoen ere jakin ahal izango dugu» .