Asier Arrate / 2016-01-22 / 191 hitz
Kalamuak duen THC osagaiak zelula minbizi-eragileak beren buruaz beste egitera bultzatzen dituela frogatu du Cristina Sanchez Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko biokimika molekularreko ikertzaileak. Kanabisaren eratorriek tumore mota guztiei eragiten dietela azaldu du.
Sanchezek hamabost urte daramatza kanabisaren eratorriak aztertzen, eta hamar urte horiek zelula minbizi-eragileetan duten eragina ikertzen. Frogatu du THCak zelulak apoptosis izeneko “suizidio garbia” egiteko programatzen dituela. Hau da, gaixo dauden zelulei eragiten dio marihuanaren osagai nagusiak osasuntsuak kanpoan utziz. Ikertzaileak azaldu duenez, kanabisaren eratorriek modu konplexuan funtzionatzen dute pertsonengan, eta besteak beste zelula minbizi-eragileek bizirauteko beharrezko dituzten prozesuetan eragiten dute.
1998an argitaratu zuen lehen ikerketa THCak zelula minbizi-eragileetan dituen ondorioez. Horren ostean, hainbat taldek jarraitu dute ikerketa ildo bera. Momentuz saguekin baino ezin izan dute frogatu zientifikoki, baina zelula-hazkuntzetan ere erantzun ona izan du ikerketak. Erresuma Batuan hasi berri dira pertsonekin frogak egiten.
Marihuanak dituen efektu psikotropikoek oztopatzen dute egun pertsonekin froga zientifikoak egitea. Hala ere, Sanchezek uste du medikuntzan prestatzen ari direla kanabisak minbiziaren tratamenduan izan ditzakeen ondorioak ikertzen hasteko. Gobernuek ikerketak subentzionatu, eta aldi berean kalamuaren aurka egitea inkongruentea ez den galdetuta, Sanchezek argi adierazi du ezin dela nahasi kalamuaren erabilera ludikoa, medikuntzan duenarekin.