Ion Orzaiz / 2016-01-23 / 758 hitz
Ingelesez ikasteko programen onurak etengabe aipatzen dituzte Nafarroako oposizioko alderdiek, sindikatuek eta zenbait guraso elkartek. Irakasle eta ikasle askorentzat, ordea, PAI ezartzea buruhauste eta arazo iturri izan da. UPNren «planifikazio faltari» egozten diote erantzukizuna.
Iragan abenduaren 12an, elkarretaratzea egin zuten Iruñean hainbat sindikatuk, guraso elkartek eta alderdi politikok, PAI ingelesez ikasteko programaren alde. Hezkuntza egitasmo hori ez geldiarazteko exijitu zioten gobernuari UPNk, PSNk eta PPk, eta, horiekin batera, baita Afapna sindikatuak eta PAI/British ikastetxeetako guraso elkarteek ere. Aldarri eta leloen kalapitaren erdian, baina, burrunbatsua izan zen irakasleen isiltasun ia erabatekoa. Hezkuntza programa baten aldeko mobilizazioan, apenas ikusi zen hezitzailerik. Horietako batzuekin solastatu da BERRIA, eta ondorioa argia da: irakasle askorentzat, buruhauste eta kezka iturri etengabea izan da PAIren presazko ezarpena.
TIL eta PAI egitasmoen sorrera eta hedatzea gertutik ezagutu dutenetako bat da Richard Weyndling kazetari eta irakasle ohia. Sortzez eskoziarra izan arren, hamazazpi urte daramatza Iruñean bizitzen, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarentzat egin izan du lan, irakasleei ingeles eskolak ematen. Haren ustez, PAI programa «aurrez aztertu gabe» ezarri zuen UPNren gobernuak, eta horrek eragin zuzena izan du gaur egungo egoeran: «Ongi garatutako programa bat prest izan aurretik hasi ziren PAI ezartzen, aurretiazko ikerketarik egin gabe, bat-batean eta ingeles irakasle gehienek kontrako iritzia zutela».
Horren guztiaren ondorioz, ikastetxe bakoitzeko irakasleek hartu behar izan dute programa garatzeko eta egokitzeko ardura. «Hezitzaileen bizkar gelditu zen materialak prestatzeko eta metodologiak diseinatzeko ardura, koordinazio orokorrik gabe».
Zangozako Luis Gil ikastetxe publikoa izan zen PAI programa ezarri zuen lehen zentroetako bat, 2011-2012ko ikasturtean. Irakasle gehienak, baina, «Hezkuntza Departamentuak hartutako erabaki horren kontra» agertu ziren, Xabi Maiza irakaslearen esanetan. Ikastetxe horretan, euskara ikasgai gisa ematen du Maizak, A ereduko lerroan. Argi du orain arte PAI programa aurrera atera bada irakasleen ahaleginarengatik atera dela: «Lan eskerga egiten ari dira irakasleak. Koordinazio handia behar da halako egitasmo bat ezartzeko, baina apenas dugun denborarik horretarako. Antolakuntzan, koordinazioan eta metodologia berrien diseinuan aurrera egin nahi badugu, aparteko lan orduak behar ditugu, eta guk nahikoa lan daukagu saioak prestatzen, zaintzak egiten, klaustro nahiz tutoretza orduetan… Ez gara denera iristen».
Elebakarrak, desplazatuta
Aparteko lan orduak sartu beharra, aurreikuspenik eza eta baliabideen eskasia ez dira, baina, PAIk irakasleei eragin dizkien buruhauste bakarrak. Urteek aurrera egin ahala, gero eta gehiago hedatu da ingelesezko programa ikastetxe publikoetan, eta horrek efektu bikoitza izan du: alde batetik, eskolak ingelesez emateko gai diren irakasle eleanitzen beharra handitzea; eta, bestetik, irakasle elebakar asko tokirik gabe gelditzea. «Irakasle finkoei eragiten dien kontua da, PAI maila altuagoetara hedatu ahala elebakar erdaldunak beste ikastetxe batzuetara desplazatuko baitituzte», azaldu du Maizak.
PAI programan eskolak emateko eskakizunekin kritiko azaldu da Weyndling ere: «Ez zen kontuan hartu Hezkuntza Departamentuak nolako zailtasunak izango zituen segurtatzeko Nafarroako ikastetxe guztiek izanen zituztela profesional ondo prestatuak ingelesa eman ahal izateko. Hori, bazter batean utzirik zer esan nahi duen beste irakasgai batzuk ere ingelesez emateak».
Ildo berean, PAI programako irakasleen prestakuntza bera izan da hautsak harrotu dituen beste puntuetako bat. Weyndlingen aburuz, ingelesa ama hizkuntza ez duten irakasle askorentzat «erronka gogorra» da eskolak ingeles hutsean eman behar izatea. Zailtasunak zailtasun, Yolanda Barcinaren gobernuak aurrera bultzatu zuen PAIren ezarpena. «Irakasleak nola edo hala prestatzeko presa handia zuen gobernuak, eta presio gogorra egin zuen, ingeles irakasle berriendako azterketak egokitzeko», azaldu du ingeles irakasle ohiak.
Ikasleentzako trabak
Irakasleei bakarrik ez, ikasle askori ere kalte handiak eragin dizkie PAI programaren hedatzeak. Nafarroan, esate baterako, ezintasun fisikoak edota psikikoak dituzten 5.700 ikasleen integrazioa «arriskuan» jar dezakeela uste dute Cermin Ezintasunak dituzten Pertsonen Entitate Ordezkarien Komiteko arduradunek.
Berriki argitaratutako ohar batean azaldu dutenez, PAIren ezarpena «zailtasun gehigarri» bat izan da ikasle askorentzat, «irakasgaiak beste hizkuntza batean eman behar izateak zaildu egiten baitu urritasunak dituzten ikasle batzuen prozesua». Askotan, ikasgeletatik atera behar izan dituzte pertsona horiek, «eta hori, finean, segregazio modu bat da», laburbildu du Cermineko presidente Mariluz Sanzek.
Ezintasunen bat dutenak ez ezik, beste ikasle askok ere oztopo baten gisara ikusten dute PAI. «Gure ikastetxean badira Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan dauden ikasleak bigarren mailako irakasgai batzuk gainditu gabe dituztenak. Ikasturtea errepikatzea izanen litzateke ohikoena, baina horrek arazoak areagotuko lituzke, PAI bigarren mailara arte ezarrita dagoelako oraingoz. Hau da: ikasturtea errepikatuko balute, orain arte gaztelaniaz eman dituzten irakasgaiak ingelesez ikastera moldatu beharko lirateke ikasle horiek bat-batean», azaldu du Maizak.
Konponbidea, baina, sorgin gurpil bihurtzen da gehienentzat, ikasturtea errepikatu ezin duten ikasle horiek «geroz eta arazo gehiago dituztelako eskolen erritmoari eusteko».
Weyndlingen ustez, azkenik, PAI programak ez du bermatzen haurrek ingelesa menderatuko dutenik: «PAI ez da murgiltze eredu bat; beraz, litekeena da ikasle batzuek ingeles maila handiagoa izatea Lehen Hezkuntza bukatzean, baina beste askok ez diote inongo etekinik aterako; aitzitik, ikaste prozesu osoaren kalterako izanen da».