Iker Tubia / 2016-01-12 / 871 hitz
Aurrera so. Horrela jarri dira teknologia berrien bueltan direnak CES 2016 teknologien azoka erraldoia bukatuta. Enpresa handienek haien produktuen hobekuntzak aurkeztu dituzte, eta 2016ko joerak zein izanen diren zehaztu.
Urtarrilaren 6an hasi eta 9an amaitu zen CES 2016. Teknologia berriei eskainitako munduko azokarik entzutetsuenak 3.700 erakusmahai bildu ditu aurten. Urruti egonagatik ere, Euskal Herritik ere Las Vegasera so egon dira egun hauetan. Unai Bilbao Aktingeko teknologia zuzendariak esan duenez, etorriko dena ikusteko garrantzitsua da azoka. «Marka ahaltsuek zeren alde egiten duten eta zertan ari diren ikusteko», zehaztu du. «Ez da etorkizun hurbilerako, baina balio du ikusteko zertan inbertitzen ari diren. Enpresa horiek ateratzen dutena guregana etorriko da, eta erabiliko dugu».
Geroz eta konektatuago daude gailuak. Gartner teknologien ikerketarako enpresak dioenez, 2016an 7.800 milioi gailu konektatuko dira munduan. Are, 2018an «garatutako herrialdeetako» kontsumitzaileek halako hiruzpalau gailu izanen dituzte.
Telebista. Kalitateak gora egin du
Badira bi urte okertutako telebistekin hasi zirela, baina hori ez da aurtengo azokan nabarmendu dena. Dena den, aipatzekoa da tolestu eta kiribildu daitekeen telebista, LGk aurkezturikoa. Aurten, kalitate hobea da enpresek aurkeztu dutena. Dagoeneko 4K telebistak agertuak ziren, eta azoka honetan 8K kalitateko asko ikusi dira, baita 12K kalitatekoak ere. Gainera, denek ez diote okerduraren bideari jarraitu.
Gailuek ez ezik, telebista ikusteko modu berriek ere izan dute tokirik. Youtubeko Robert Kynclek esan zuenez, telebista tradizionala 2020an hilko da, bideo digitalen mesedetan. Netflixek iragarri du 131 herrialde berritan egonen dela.
Errealitate birtuala. Denen ahotan
Errealitate birtuala merkaturatu eginen da 2016an. Oculus Rift —Facebook— izanen da lehenbizikoa, eta hori izan da CESen arreta handien piztu duena. Dagoeneko eskatu litezke haren betaurrekoak, Europan 699 euroren truke. Harekin batera, HTCk VIVE kaskoa aurkeztu du, eta Sonyk, Play Stationerako gailua. Biak hala biak aurten salgai paratuko dituzte. Bitxikerien artean, eskuekin jokatu beharrean, oinekin jokatzeko 3DRudder gailua aurkeztu dute azokan.
Bilbaoren aburuz, «nahiko interesgarriak» dira egin dituzten aurkezpenak. Baina arazo bat dago: oraindik ere nahiko garestiak dira betaurreko horiek. Gainera, oraindik ere kontsumitzaileek ez dute errealitate birtuala erabiltzeko aukera askorik. «Ikusiko dugu nola eboluzionatzen duen, baina, segur aski, bideo jokoen industrian jokoek errealitate birtualeko aukera izango dute», esan du Aktingeko langileak.
Autoak. Konektaturik eta autonomo
Etorkizuna hemen da. Autoen industrian hala dirudi. Aurtengo azokan hiperkonektaturiko autoak aurkeztu dituzte han eta hemen, eta erabat autonomo izateko bidean egin dituzten aurrerapenak ere mahai gaineratu dituzte. «Ez dut uste oso azkar etorriko denik guregana, baina pixkanaka ohitzen hasi gara horrelako gauzak ikustera», azaldu du Unai Bilbaok. Auto elektrikoen teknologia ere, aurrera doa.
Volkswagenek auto erabat elektriko eta konektatua aurkeztu du, emisioen iskanbilak bete-betean jo duen garaian. BUDD-e ibilgailuak furgoneta hippya dakar gogora. Fordek etxearekin konektatu nahi ditu autoak, eta Amazonekin aliantza egin du horretarako. Kia Motors Americak Drive Wisse sistema aurkeztu du, 2030ean ibilgailu autonomoak saltzeko bidean. Volvok hitzarmena egin du Ericssonekin, streaming zerbitzuak autora eramateko. Azkenik, Faraday Futurek lasterketa auto elektrikoa aurkeztu du, Teslarekin lehiatzeko asmoz.
Janztekoak. Jantziek kontrolaturik
Osasunari loturik daude wearable edo janzteko gailuetako asko. Fitbit, eskumuturrekoen liderrak, kirol zaleentzako erlojua atera du: Blaze. Bide beretik, badira norberaren jarduera neurtzen duten gerrikoak, edota erretako kaloriak eta urratsak neurtzeko barne zolak. Azken horiek oinak berotzeko aukera ere ematen dute.
Janzteko teknologia guziak, baina, ez daude osasunarekin loturik. Erloju adimendunak kaleratu dituzte Sonyk eta LGk, baita Casiok ere. Hala ere, oraindik zalantza handiak daude erloju horien erabilgarritasunaren eta merkatuaren gainean, Bilbaoren aburuz: «Merkatuagatik baino gehiago, teknologia dagoelako ateratzen ari dira».
Egunerokoan eramaten diren elementu geroz eta gehiagotan txertatzen ari dira teknologia. Dena den, arazo bat ere sor dezake horrek: pribatutasuna. Dena Internetera konektatuz gero informazio hori zerbitzarietan gordetzen delako. Europan ezin dira datuak saldu, baina AEBetan bai.
Droneak. Inoiz baino gehiago
Ez dira berriak, baina azokaren zati handia hartu dute dagoeneko droneek. Aurten hirukoiztu egin da droneek azokan hartzen duten eremua, iazkoarekin alderaturik. Ia 2.500 gailu aurkeztu dituzte; txikiagoak, azkarragoak, denetarikoak. Beraz, afera berria ez bada ere, gailu garrantzitsuak izan dira CESen. Nabarmentzekoa da pertsonak garraiatzeko gai dena: EHang184. Helikoptero bat iduri du, baina dronea da.
«Gaur egun jende askok du drone bat, batez ere bideoak grabatzeko aukera ekonomiko asko ematen ditu», esan du Unai Bilbaok. «Jendea bereganatzen ari da teknologia hori, eta droneak erosten ditu». Grabatzeko ez ezik, jostailuzko droneak ere badaude. Orain, geroz eta gehiago direnez, lege kontuak dira zehaztu behar direnak. Are, CES azokan droneak erakusteaz gainera, haiei buruzko hitzaldiak eta mahai inguruak antolatu dituzte. Airegunearen erregulazioaren beharraz, segurtasunaz eta pribatutasunaz mintzatu dira.
Gauzen Internet. Erabateko erosotasunera
Etxeko gailuak telebistatik bertatik kontrolatzea ez da ametsa. Samsungek horren alde egin du apustu CESen, eta Smart Control deitzen da. Hala, telebista da etxe osoan konektaturik dauden gailuen kontrolerako panela. Domotikak nabarmen egin du aurrera azken urteetan, eta orain ekonomikoki eskuragarriagoa da.
Horrekin batera, hozkailu adimendunak fokuak erakarri ditu. Hura ere Samsungena da, eta hozkailuaren barnean dagoena pantailaren bitartez ikus liteke, edota erosketako zerrenda prestatu, eta etxetik kanpo kontsultatu.
«Arreta piztu dit gauzen Internetek: gailu guztiak Internetera konektatzen ari dira, gero haien artean konektatzeko», azaldu du Unai Bilbaok. Aspalditik dator kontzeptua, baina geroz eta gehiago ari da garatzen. Helburua, gailu guzien arteko interakzioa eta urrutiko kontrola da, batik bat.