Mikel Garcia Idiakez / 2016-01-14 / 255 hitz
Espainiako Diputatuen Kongresura sei hilabeteko semea eraman du Carolina Bescansa politikariak eta kritika zaparrada jaso du horregatik. Espainiako Barne ministro Jorge Fernández Díazentzat irudi “penagarria” da, Kongresuan haurtzaindegia dagoela argudiatuta. Gizajoak ez du ulertu ekintzaren sinbolismoa.
Lanean ari zarela umea gainean izateak ez duela zentzurik esan diote Podemoseko diputatuari, Fernández Díazen antzera haurtzaindegiaren aukera gogoratu diote beste askok –tartean, Javier Maroto Gasteizko alkate ohiak–, eta emakume elkarte batetik salatu dute mezu okerra eman duela: seme-alaben ardura amarena baino ez bailitzan –eta ez ama eta aitarena–. Ados, baina horixe da egungo errealitatea: haurren zaintza –eta zaintza oro har– emakumeen bizkar dagoela neurri handi batean.
Ekintza honek hiru gauza garbi utzi ditu: zaintzak eta kontziliazioak konpondu eta askatu gabeko korapiloa izaten jarraitzen dute; emakumeen gain egon ohi den arazoa ikusarazteak urduri jartzen du bat baino gehiago, hobe bigarren maila batean eta ezkutuan mantendu –Carme Chacón politikariak adierazi du bulegoan utzi zezakeela umea, garai batean berak egin zuen moduan, edo botoa telematikoki eman dezakeela, Kongresura joan beharrik gabe–; eta egiten dutena egiten dutela, emakumeen ama rola –ez soilik rol hori– epaitua eta kritikatua izango da: lanean goizegi hasteagatik –hor ditugu Sáenz de Santamaria, Susana Díaz edo Rachida Dati–, eta haurra zaintzea erabaki eta arlo profesionala sakrifikatzeagatik; lanaldi murriztua hartu ordez umea eskolan ordu askoz uzteagatik, eta kontrako erabakia hartuta umearen esklabo izateagatik. Denen jomuga izan ordez, amatasuna norberak nahi duen moduan bizi ahal izateko askatasuna eduki beharko lukete emakumeek.
Gaiari lotuta, Bateko eta besteko kritikek itotako amak erreportajea idatzi zuen Onintza Iruretak Argian.