Ander Gartzia Badiola / 2016-01-20 / 670 hitz
Joan den urte amaieran, norbaitek tiroz hil zuen ‘Uzelai’, Urdaibaiko zikoinarik ezagunena. Busturiko Uzelai ikastetxeak hartu zuen ‘besoetako’, orain hamaika urte. Ikasleek gutunak eta mezuak idatzi dituzte ikastetxe sarrerako taulan, hiltzaileen jokabidea salatzeko. «Ezezagun lotsagabeok» eta «Berriro ez egin horrelako astakeriarik» dira irakur daitezkeen mezuetako batzuk.
Gabonetako oporrak amaituta, tristuraz bueltatu ziren ikasgelara Busturiko (Bizkaia) Jose Maria Uzelai ikastetxeko neska-mutilak. Oraindik ere etsipena eta amorrua ez dira guztiz baretu. Izan ere, duela hilabete gertatutako ezbeharrak ikasleen bihotzak uzkurtu ditu. Norbaitek inguru horietan aski ospetsua zen zikoina hil zuen tiroz, Kortezubin. Urdaibai faunaren babestoki barruan. Uzelai zuen izena. Ikastetxeak besoetako hartu zuen 2005. urtean, Urdaibai fundazioak —gaur egun Lurgai fundazioa du izena— martxan jarritako egitasmo bati esker. Helburua Urdaibai biosferan zikoina zuria ugaltzea zen. Horretarako, Lleidatik (Herrialde Katalanak) 38 hegazti ekarri zituzten, eta denbora bat Urdaibain egokitzen eduki ostean, guztiak batera askatu zituzten 2005eko uda hasieran. Askok alde egin zuten. Beste zenbaitek gelditzea hautatu zuten. Zorigaiztokoak, berriz, bidean hil ziren. Uzelai buelta egin zutenetako bat izan zen. Foruan (Bizkaia) egin zuen habia, eta bera izan zen kumeak izan zituen aurrenekoa. Hogei guztira.
«Jendeak ezin du ulertu gertatutakoa», dio, penaturik, Edorta Unamuno Urdaibai Bird Center-eko beharginak. Goizeko bederatzi eta erdiak ziren, eta, lanean zebilela, bi tiro entzun zituen. Pun eta pun. «Arraroa egin zitzaidan, ehiza babeserako lekua delako. Petardoak izan zitezkeela pentsatu nuen hasieran, Gabon bezpera zelako. Baina oker nenbilen. Bi lagunek kontatu zidaten han gertatutakoa. Ford Focus markako kotxe zuri bat gerturatu zen zikoinak zeuden landaraino. Bizpahiru lagun ziren. Haietako batek autotik bertatik bi tiro bota zituen eskopetarekin, eta alde egin zuten». Oraindik ez dituzte atzeman hiltzaileak.
Sare sozialen bidez eman zuen ezbeharraren berri Urdaibai Bird Centerrek. Denbora gutxian lau haizeetara zabaldu zen albistea. «Denok ezagutzen genuen Uzelai. Jendeari ilusioa egiten zion landetan ikusteak, ez baitzion inori kalterik egiten». Uzelai-ren erailketak, gainera, ondorio ezin txarragoak izan ditu. «Urdaibaira bueltatu zenean, bikotekidearekin etorri zen Uzelai. Zikoinak elkarrekin egoten dira azkeneraino. Uzelai tiroz hil zutenean, bikotekidea haren bila ibili zen hainbat egunez. Elkarrekin egoten ziren lekuetan arakatu zuen. Goitik behera. Baina ez zuenez deus aurkitu, uste dugu Urdaibaitik alde egin duela».
«Ezezagun lotsagabeok»
Goibeltasun mantu batek estali zuen Uzelai ikastetxea. «Umeek ondo ezagutzen zuten hegaztia», nabarmendu du ikastetxeko irakasle Ana Herrerok. «Uzelai-ri buruzko albisteren bat irakurtzen genuenean egunkarian, albistea moztu eta sarreran dagoen taulan jartzen genuen». Taula hori mezuz eta eskutitzez bete da azken egunotan. Hainbat gelatako ikasleek gutunak idatzi dizkiete Uzelai tiroz hil zutenei. «Ezezagun lotsagabeok» agurrarekin hasi du ikasle batek bere eskutitza. «Berriro ez egin horrelako astakeriarik» idatziz bukatu du beste batek. «Hasieran, ikasgela bateko neska-mutilak animatu ziren idaztera. Gero, ideia hori beste gela batera ere zabaldu zen, eta azkenean txikienek ere mezu labur batzuk idatzi dituzte. «Ez dugu gustuko egindakoa», «Berriro horrelakorik ez», eta gisa horretakoak».
Abenduko ezbeharraren antzeko kasuak ere gertatu izan direla dio Unamunok, batez ere ehiza garaian. «Deitu izan digute Gipuzkoatik, arrano arrantzaleren bat-edo hil izan dutela tiroz. Urtero-urtero, Gorlizko errekuperazio zentrotik ere gisa horretako albisteak iristen zaizkigu, zoritxarrez. Baina Urdaibain badira urte mordo bat ez dudala tiro hotsik entzun». Unamunoren ustez, eragin handia izan du orain arte egindako lan pedagogikoak. «Gaur egun asko lantzen da umeekin ingurumen hezkuntza, baina baita helduekin ere. Orain kontzientziazio handiagoa dago. Hau duela hogei urte gertatu balitz, ez zuen izango egun duen gaitzespenik. ‘Gertatu da eta kito‘, esango zuketen. Hainbat ehiztari elkartetako kideek ere euren haserrean erakutsi dute. ‘Halako zorakeriarik egitea bere!’, aipatu izan didate».
Urdaibai fundazioak 2005. urtean martxan jarritako proiektuari esker, gaur egun zikoina zuriak ikustea posible da Urdaibaiko biosferan. Gainera, Eusko Jaurlaritzak telefonia posteak beste seguruago batzuekin aldatu ditu, hegazti ugari hiltzen baitziren elektrokutatuta. Bizkaiko zikoinen populazioa nabarmen hazi da; 2004. urtean lau habia zeuden, eta egun, berriz, hamazazpi bat. Habia horietako bat da, hain zuzen ere, Uzelai zikoina zenaren kumearena. Kumea Plentzian dago, eta telefonia zutabe batean egin du habia. «Bitxia da, baina Uzelai-ren iloba baten berri ere izan genuen, jaio zenean eraztun bat jarri baikenion. Aljeriako petrolio findegi batean aurkitu zuten erorita. Garbitu, osatu eta berriz utzi zuten aske. Hala esan ziguten, behintzat».