Telefonoak Android 5.1 Lollipop sistema eragilea du, eta Interneten baino ez dago salgai.
Ringing Bells indiar konpainiak munduko telefono adimendun merkeena merkaturatu du. Freedom 251 du izena, eta 251 errupiatan (3 euro) dago salgai.
“Indian egindako osagaiak erabiltzen ditugunez, % 13,8 aurrezten dugu kostuetan. Gainera, Internet bidez saltzen dugu; horrenbestez, banaketa sare handien kostuak ere aurrezten ditugu”, azaldu du konpainiako presidenteak, Ashok Chadhak, telefonoaren aurkezpen ekitaldian.
Horren esanetan, oraingoz 250.000 eskari onartzeko gaitasuna dute, baina epe luzera 10 milioi smartphone saldu nahi dituzte hilabetean.
Telefonoaren ezaugarriak hauek dira: pantaila 4 hazbetekoa da, eta qHD bereizmena du. Prozesadorea 1,3 gigahertziokoa da, eta RAM memoria giga batekoa.
Era berean, bateriak 1.450 miliamperio ditu, eta atzeko kamera 3,2 megapixelekoa da (0,3 megapixelekoa aldez aurrekoa).
Android 5.1 Lollipop sistema eragilea darabil, eta urtebeteko bermea du.
Telefonoaren prezioak kritikak sortu ditu sektorean. Horren ildotik, Sakelako Telefonoen Indiar Elkarteak (ICA) produktua ikertzeko eskatu dio Ravi Shankar Prasad Komunikazio eta Informazio Teknologien ministroari.
Indiako telefonoen sektorea Asian azkarren hazten ari denetako bat da. Iaz, 103,6 milioi smartphone saldu zituzten herrialde horretan.