Patxi Saez Beloki / 2016-02-18 / 531 hitz
Hizkuntzak gizakiak komunikaziorako asmatu dituen tresnak dira. Gizateriaren historiaren sokan bizirik iraun duten hizkuntzak hiztunen komunikazio beharretara egokitu izan dira, komunikazioa izan dute molde eta moldatzaile. Eta komunikazio premia horietara moldatu eta egokitzetik etorri zaie hizkuntzei etengabeko aldaketa. Eta etengabeko egokitze eta aldaketa horretatik etorri da hizkuntzen garapena eta modernizazioa, baita euskararena ere.
«Hizkuntza gutxituak», berriz, bere hiztunek dituzten komunikazio behar guztiak betetzen ez dituzten hizkuntzak dira, beste hizkuntza batek, menderatzaileak, beren komunikazio-esparru eta funtzioak bereganatu dituelako. Hizkuntza gutxitua galbide arriskuan legoke, hizkuntza menderatzaileak bere komunikazio-eremu eta funtzio guztiak bereganatuta dituenean eta hizkuntza gutxituak bere hiztunen komunikazio-beharretarako inongo baliorik ez duenean. Gurean, euskara dugu hizkuntza gutxitua.
Hizkuntza, gure kasuan euskara, komunikazio tresna bat da. Beraz, tresna hori komunikaziorako, zein mailatan, zein gradutan den beharrezko, erabilera horren araberakoa izango da (baita ezagutza ere). Euskara, komunikaziorako, gero eta beharrezkoago bada, orduan eta erabilera eta ezagutza handiagoak izango ditu. Baina baterako dena, besterako ere bada: zenbat eta komunikaziorako behar txikiagoa izan, orduan eta zokoratuago eta baztertuago.
Argi eta garbi mintza gaitezen: beharrezkoa ez dena desagertu egiten da. Darwinek ere hala frogatuta utzi zigun hautespen naturalaren teoriarekin. Gaur egun, non da beharrezko euskara? Gizarteko zein eremu funtzionaletan da ezinbesteko? Inon ez. Euskara bigarren mailako hizkuntza dugu. Euskaldunak askotan behartuta gaude, ezinbestean, gurea ez den hizkuntza erabili behar izatera lagun urkoarekin komunikatu ahal izateko.
Euskararen aldeko aldaketa soziala eragin nahi badugu, euskara gizartearen periferiatik erdigunera ekarri nahi badugu, bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izateko bidean jarri nahi badugu, azken batean, euskara gizartearen ardatzean jarri nahi badugu, nahitaez, Euskal Herriko herritarren balio-eskalan euskarak garrantzi handiagoa irabazi behar du eta hori bide bakar batetik lortuko dugu: euskara Euskal Herriko herritarren gizarte bizitzan komunikaziorako beharrezko eta ezinbesteko bihurtuta. Izan ere, gaur egun, euskara, bere txikitasunetik, bere funtzionaltasun eskasetik, herritarren begietara, hutsaren hurrengo azaltzen da gaztelaniaren eta frantsesaren ondoan. Lluís Vicent Aracil Valentziako soziolinguistaren hitzetan, euskararen ahuleziak gaztelaniaren garrantzia eta beharra are eta nabarmenagoa egiten du: «El euskara subraya la importancia del castellano».
Beharra bizilege
Gizakia gizaki denetik bere oinarri-oinarrizko behar nagusia betetzeko, elikatzeko, beharrean ibili da, badabil eta hala ibili beharko du gizaki den artean ere. Lana izan da gizakiaren zeregin nagusia historiaren sokan. Berak betetzen zuen bizitzaren ia denbora guztia. Gaur egungo gizarte antolaketan ere, esna egiten dugun denboraren erdia, askotan gehiago, lanean igarotzen dugu.
Gaur egungo gizartean bizitzako lehen 25 urteak lanera begirakoak ditugu. Haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroan jasotako heziketa eta prestaketa oro lan munduari zuzenduak dira. Lanaren garrantzi soziala ukaezina da, toki bat ematen digu gizartean, baita gizarte maila bat ere.
Lana da gure gizarte antolaketaren jarduera garrantzitsuena. Gizakiak berezkoa du lana eta bere izanari, bere gizakitasunari lotuta dago. Lanaren garrantzia gaur egungo estatu moderno guztietako legedietan ere aitortzen da, oinarrizko eta funtsezko giza-eskubide gisa. Gizakiak, duintasunez bizi ahal izateko, lana funtsezko jarduera du. Lanaren bitartez gizakia mundura, bere ingurunera, egokitu ahal izan da eta mundua eraldatzeko gaitasuna eta ahalmena garatu du. Lanak arrazoian du oinarria eta gizakiak hori du bereizgarri gainerako piztiengandik. Beraz, gizakiak, bere garapen pertsonalerako, ezinbestekoa du lana edo beharra.
Nola bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako edota beharrerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean?
Euskaltzaindiaren Euskara biziberritzen jarraitzeko erronkak jardunaldian 2016-02-12an irakurritako hitzaldiaren laburpena. Hitzaldia oso-osorik hemen: www.patxisaez.eus