Berria / 2016-02-03 / 506 hitz
Feminismoarekin lotutako gaiak plazaratzen dituzte ‘Klitto!’ euskarazko atari digitalean, kolaboratzaile sare emankor baten laguntzarekin. Laster irrati ‘podcast’-ak ere sareratuko dituzte.
Irati Urkiolarekin batera, Ana Iruretagoiena (Ordizia, Gipuzkoa, 1992) eta Malen Aldalur (Mutriku, Gipuzkoa, 1992) kazetariek sortu zuten Klitto! atari digitala.
Iazko ekainean sortu zenuten Klitto!, feminismoaren inguruko ataria. Zer moduz joan dira aurreneko hilabeteak?
ANA IRURETAGOIENA: Oso balorazio positiboa egiten dugu. Harrigarria iruditu zaigu hasiera-hasieratik Klitto!-k izan duen hedatze joera, eta zazpi hilabeteren ostean horrela jarraitzeak indarra eta motibazioa ematen dizkigu lanean segitzeko; ia 1.500 jarraitzaile dauzkagu Twitterren, eta ia 2.000 Facebooken. Edukiak asko partekatzen dira, eta horrek berresten digu jendeak estimatzen duela egiten dugun lana.
MALEN ALDALUR: Jendea ezagutzen, ikasten eta gozatzen ari gara. Gero eta jende gehiago gaude proiektuaren bueltan, eta horrek sekulako aberastasuna ematen dio Klitto!-ri berari eta geuri.
Feminismoaz euskaraz aritu beharra dagoela iruditzen zaizue?
M.A.: Esparru guztietan dago euskaraz aritu beharra, eta, horretarako, alor guztietan sortu behar ditugu erregistroak. Noski, baita feminismoan ere.
A.I.: Hori da Klitto!-ren izateko arrazoia, funtsean. Feminismoari dagokionez, errekurtso edo estrategia dela medio, sarri jotzen da hizkuntza hegemonikoetara, eta hor beste zapalkuntza batean erortzen gara. Uste dugu oinarrizkoa dela euskaraz bizi garenoi feminismoaz gure hizkuntzan informatzeko eskubidea ematea.
Euskalgintzako hainbatek ?Lorea Agirrek, adibidez? esan izan du euskalgintzak baduela zer ikasi feminismotik.
M.A.: Badaukate zer ikasia elkarrengandik. Feminismoak gaur egun oso diskurtso berritzaileak biltzen ditu, eta hainbat kontutan aplikagarria zaio euskarari.
A.I.: Ez gara euskalgintzan adituak, baina ados gaude Lorea Agirrerekin. Euskalgintza maiz jardun izan da txikitasunaren, zapalduaren konplexutik; zapalduaren rola barneratu dugu, eta, horri aurre egiteko, euskalgintzak feminismotik ikas dezake ahalduntzea, esaterako.
Komunikabide handietan albiste sexistak eta emakumearen aurkakoak ikusten dira, esate baterako, hainbat egunkariren edizio digitaletan. Aztertzen dituzue halakoak?
A.I.: Odolak irakiten digu, ezinbestean, halakoak ikusten ditugun bakoitzean. Komunikabide handi eta hegemonikoetan albisteak inongo ikuspegi feministarik gabe lantzea uler dezakegu; horretan datza hegemoniaren berrestea. Baina erabat gaitzesgarriak iruditzen zaizkigu irakurtzen ditugun hamaika goiburu. Gogoan dut El Diario Vasco-k sexualitatearen inguruko erreportaje zabal bat argitaratu zuela. Tituluan esaten zuen: «Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezberdintasunek existitu egin behar dute sexuan». Eta testuaren gorputzean azaltzen zuen, argi, emakumeok rol pasiboa onartu behar dugula ohean, gizonezkoari naturaz dagokiolako sarketa eta, beraz, rol aktiboa. Ez al da hori terrorismoa goratzea?
M.A.: Perspektiba feminista ez dago txertatua komunikabide jeneralista gehienetan, eta horrek izugarrizko hanka sartzeak sortzen ditu maiz.
Aurrera begira, zer erronka nagusi ditu Klitto!-k?
A.I.: Orain, finantzaketa topatzea da gure lehen erronka. Guk musu truk egiten dugu lan; kolaboratzaile guztiek ere borondatez egiten dute euren ekarpena, eta webgunea sortu eta atondu digun Adibide kooperatibak ere ez digu kobratu egindakoagatik. Irabazi asmorik gabe sortu genuen proiektua, eta gustura ari gara gustatzen zaizkigun saltsetan buru-belarri. Baina bakoitzari dagokiona eman nahi diogu; lana lana da, eta duintasunez ordaindu nahi genuke, esker onetik harago. Horrez gain, badauzkagu zenbait proiektu esku artean, erronka direnak: irrati podcast bati ekingo diogu laster, Ttan Ttakun irrati librearen laguntzaz, eta lanean ari gara hori ondo antolatu eta segida emateko; kolaboratzaile sareari dagokionez, gustatuko litzaiguke lurralde ordezkaritza zabalagoa lortzea: Donostian gabiltza gehienak, eta gabezia sumatzen dugu Iparraldean eta Araban.