TXARRIBODA (Javier Rebollo & Alvar Gordejuela)

Kameraren atzean / 2016-02-02 / 444 hitz

Joan den astean estreinatu zuen EiTBk “Txarriboda” euskarazko thrillerra. Garrantzitsua izan ohi da euskal zinemagintzaren nondik norakoak gertutik jarraitzea, are gehiago azken urteetan ekoizpena nabarmen handitu denean. Garaño eta Goenagaren “Loreak” filmak Oscarretarako bidean izandako bultzadak balio izan du gurera errespetu gehiagorekin begiratzeko eta badirudi iraganeko tabuak pixkanaka gainditzen hasi garela.

“Txarriboda”k polizia thrillerraren oinarri klasikora jotzen du eta ikusleak ezin ekidin egoera horiek beste hainbat filmetan ikusi izanaren sentsazioa izatea. Honek gertaeren segida aurreikustea errazagoa izatea eragiten du eta, modu batean, thrillerraren berezko tentsio edota ezustekoaren inpaktu hori galtzea. Baina istorioaren jarduna naturaltasunez garatzen da, erritmo gustagarrian, eszenak ez dira astunak egiten eta irudien kateatze egokiaren bitartez pertsonaien barne kezkak islatzea lortzen dute Rebollo eta Gordejuela zuzendariek.

Interes nagusia, hain zuzen ere, azken puntu honetan dago, pertsonaien karakterizazioan. Alor hau da modu interesgarrienean landu dutena. Pertsonaiei banan-banan erreparatuz gero, ohartuko gara euren jokamoldeek egun gizartean pil-pilean dauden jarrera eta gatazka sozialekin lotura estua dutela. Esaterako, goi mailako enpresako langilea da diru gosez hilketak gauzatzen dituena. Nork esango luke gizartean hain errespetatua den kargu bateko pertsona batek halakorik egingo lukeenik? ez al dira kalean bizi direnak edo itxura erasokorragoa duten horiek lehen kriminalizatuak? Filmaren hasieran pertsonaiaren alde gizatiarrena ere azaltzen da, hau da, ez da psikopata gupidagabe bat, aita izan nahi duen gizona baizik. Enpresen boterearen erretratuaz gain, beraz, emakumeen bortxaren gaia mahai gainean jartzeko ere balio du Mikel Losadaren pertsonaiak.

Polizia estazioko burua, aldiz, erretxindutako gizona da, errepresio metodo tradizionalak baliatuz bere botere espazioan eroso bizi eta, kanpotik, ezagutza gehiagorekin etortzen den emakumeari nahi bezala lan egiten uzten ez diona. Matxista eta autoritarioa, ustelkeriaren ordezkari ere bada, arazoen aurrean konponbide sinpleena aukeratu eta beste aldera begiratzearen aldekoa. Itziar Atienzak antzezturiko detektibeak bete-betean egiten du talka bere pertsonaiarekin, lana egitera mugatzetik harago, justizia bilatzea da bere helburua. Iragan malkartsutik ihes egin nahian, krimen hauek argituz gero bere nahiak baldintzatu dituen sufrimendua arinduko duela espero du. Honen bitartez, hain maskulinoa den espazioetan emakumeak duen papera ere esploratzen du filmak, egunerokotasunarekin lotura hori mantenduz.

Akaso hainbat elkarrizketek oraindik ere behartuak izatearen sentsazioa ematen dute, naturaltasun faltan, baina estimatzekoa da sortzaileek euskalkien aldeko apustua egin izana; euskara batu, zurrun eta artifiziala erabili ordez tokian-tokiko hizkerak pertsonaia bakoitzari sinesgarritasun gehiago ematen dio.

Zinemagintzari dagokionez, “Seven” edota “Tesis” bezalako obrak datozkigu burura filmean zehar hainbat unetan, eta “Txarriboda” aurrekontu, lantalde, baliabide eta abarren ondorioz klasiko hauen aldean karikatura mugatua besterik ez den arren, kanpoaldeko kokalekuetan filmatu izanak aberastasuna eta ikusgarritasuna ematen dizkio. Pelikularen sorkuntza bera pozgarria da, euskarazko filmek egin beharreko bidea marrazten duelako. Pixkanaka baina etengabe hazten ari den euskarazko ekoizpena kolore berriz betetzeko balio du Rebollo eta Gordejuelaren lanak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.