Gontzal Agote / 2016-02-24 / 247 hitz
Zuzendaria: Stephane Brize. Gidoia: Stephane Brize eta Olivier Gorce. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 92′
Gaurkotasun handiko gaiari heldu dio Stephane Brizek bere azken filmean. Adin batean sartuta dagoen jende askoren errealitate gordina islatu nahi izan du: lan merkatutik kanpo, lanik aurkitzeko esperantza ia guztiak galduta, aurrera egiteko akuilu baten bila eta ezinbestean bizimodua berrasmatzen.
Estilo aldetik, egunerokotasun hori jasotzen saiatu da zuzendaria. Errutina, etsipena eta umiliazioa dira Vincent Lindonek jasan beharreko sentimenduetako batzuk. Horretarako, aktorearen gainean jarriko du arreta zuzendariak, bestelako xehetasunei apenas tarterik utzi gabe.
Ausarta da Brizeren apustua. Filma sekuentzia luzeen bitartez eraiki du, atalka egina dagoela ematen du. Enplegu zerbitzuan izandako elkarrizketak argi utziko du aurrerantzean pelikulak segituko duen bidea. Hortik aurrera ildo beretik joanen dira gainerakoak: bankura egindako bisitak, lana bilatzeko ikastaroen giroa, karabana saltzeko komeriak…
Halako batean, elipsi batek guztiz apurtuko du zurruna zirudien egitura, eta ezustean lanean ikusiko dugu Thierry. Nola gertatu den ez du jakinen ikusleak, baina hortik aurrera filma beste bide batetik abiatuko da, aurrekoarekin guztiz apurtu gabe.
Lana aurkituta, arazoak ez dira desagertuko, eta lantokietako darwinismo sozialaren adibide garbia bihurtuko da La loi du marché. Norberaren biziraupena bermatzeko, hurkoaren kontra egiteko piztia bihurtu gaitu sistemak, izenburuak aipatzen duen merkatuaren legea horixe da. Alde horretatik, filmak badu zerikusirik Dardenne anaien Deux jours, une nuit bikainarekin, talde erantzuna bazter utzita, norberaren duintasunaren bilaketa baita.
Bere apalean, egoera baten isla garbia eta zehatza da La loi du marché, zinema sozialaren kodeak bere eginez, egungo errealitate konplexu eta desatseginaren erretratu biluzia.