Matematikekin ezinean zebilen semearentzat soluzioa aurkitu du ama honek

Mikel Garcia Idiakez / 2016-02-29 / 325 hitz

“Azken urteetan sarriegi ikusi ditut ikasleak matematikekin sufritzen. Askok beldurrez eta gorrotoz bizi dute gaia eta gehienek asperdurarekin lotzen dute”. Leire Arana matematika irakaslearen hitzak dira. Semea Lehen Hezkuntzan matematikekin ezinean zebilela ikusi zuenean, metodologia birplanteatu eta matematikak beste era batera irakasteko ariketak biltzen hasi zen, matematiketan.eus webgunean.

Ulertu gabe ikastea, arazoaren oinarria

Metodologia tradizionala “mekanikoa, errepikakorra eta aspergarria” da, eta ulertu gabe ikasten ditu matematikak ikasleak, horra arazoaren iturburu nagusietakoa. “Matematika hasieratik modu abstraktuan aurkezten zaio umeari, eta batzuk ez daude prestatuta abstrakzio maila hori berenganatzeko; horrek eramaten du egiten ari dena benetan ulertu gabe jardutera. Haur asko lehenengo langan kateatuta geratzen dira, eta hortik aurrera hasten da urteetako kalbarioa”. 6-7 urteko umeak batuketak eta kenketak buruz ikastea edo neurketa errealak egin beharrean zentigramo eta kilogramoen artean komak gora eta behera aldatzen ikastea, jarraibideak huts-hutsean mekanikoki errepikatzen ikastea da. Testu-liburua estuki jarraitu beharra eta umearen erritmoak aintzat ez hartzea ere ez dira lagungarri, Aranaren hitzetan.

Matematika manipulatiboa oinarri

Leire Aranak eguneroko adibide eta praktika errealean oinarritutako matematikak ditu abiapuntu, “kontzeptuak eskuekin sentituz eta biziz, jolastuz, eta gauza bera egiteko bide ezberdinak daudenean denak aktibatuz; aukera dezala bakoitzak hobeto egokitzen zaion modua. Aldiz, oinarrizko lau eragiketak paperean egiten irakasteko energia larregi gastatzen da, eta alferrik, Lehen Hezkuntza bukatu eta kalkulagailua erabiltzera pasatzen direlako haurrak. Badaude algoritmo askoz naturalagoak eta ez hain instruktibistak, ABN algoritmoak esaterako”.

Haur Hezkuntzatik Batxilergora, eskolan nahiz etxean egin daitezkeen proposamen zehatzak jaso ditu webgunean (biderketa taulak jolastuz praktikatzeko ideietatik, Pitagorasen teorema demostratzeko modu bitxietaraino), bost arlotan banatuta: Estatistika, Geometria, Kalkulua eta zenbakiak, Logika, eta Neurria. “Azken finean, gai edo kontzeptu bat landu behar dugunean, aurretik buelta batzuk ematea da kontua, ea modu praktikoagorik dagoen jorratzeko, paperera mugatu gabe”.

Gero eta emaitza hobeak

Hasieran dena probatu nahi izatetik, orain lasaiago hartzen du gaia Aranak, eta emaitza gero eta hobea dela dio. Etxean, umeekin, natural irteten dira proposamen eta jolasak, gai “iluna, iritsiezina, mekanikoa eta aspergarria” beharrean, matematikak “ederrak” izan daitezkeela frogatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.