Imanol Magro Eizmendi / 2016-02-16 / 395 hitz
Rioko badiako kutsadura garbitzea zen Jokoek hiriari utzi behar zioten ondare handiena, baina, jadanik, onartu dute ezinezkoa dela. Bela estropadalarien osasunak arduratzen ditu orain.
Rio de Janeiroko argazki ezagunenetarikoa da. Kristo Berrerosleak egunero zelatatzen du. Guanabarako badiak 412 kilometro koadro ditu, 33 kilometro luze da, eta 1,6 kilometroko ahoa du. Inbutu bat da, eta oso kutsatuta dago. Bainatzea debekatuta dago, eta ez da zaila zakarrak edo arrain hilak ikustea. «Komun zulo bat da», hala deskribatu du Mario Moscatelli Rio de Janeiroko Unibertsitate Federaleko biologoak. Munduan barrena ibili da badiari buruzko bere ikerketak zabaltzen.
Antolatzaileek euren burua eskaini zutenean Jokoak hartzeko, badiaren kutsaduraren %80 garbituko zela hitzeman zuten, «hiriari egingo zaion opari gisa». Zazpi urte geroago, etsipenez onartu dute ezinezkoa dela. «Jokoak lortzeko esaniko zerbait zen. Ez dute ahaleginik egin horretan», salatu du biologoak: «Orain dirurik ez dagoela diote, baina duela bost urte egoera ekonomikoa hobea zen, eta orduan ere ez ziren saiatu garbitzen. Ibaiak oso kutsatuta daude, eta badia komun zulo bat da».
Badiaren ertzetan, hamabost hiri eta zortzi milioi biztanle daude; bada, hara isurtzen den uraren %34 tratatzen da bakarrik, eta ohikoa da hara objektuak botatzea. Egunean 80-100 tona zabor botatzen direla uste da, eta tratatu gabeko 18.000 litro ur segundoko. Jokoetara begira, Rioko udalak ontzi ugari kontratatu ditu zaborra arrantzatzeko, eta sare luzeak jarri ditu hondartza inguruetara zaborrik irits ez dadin. «Adabakiak dira, azken unean egin daitekeen gauza bakarra. Garbitzeko asmorik ez dago aldiro-aldiro hura garbitzeko dirua jasotzen dutelako udal politikariek, eta euren poltsikora doa», salatu du Moscatellik.
Biologoa gomendio batek egin zuen ezagun: «Estropadalariek A hepatitisaren aurkako txertoa har dezatela». Izan ere, badian jokatuko dira bela proben erdiak ?sei estropada eremuetatik hiru barruan daude?. Iker Martinez euskal marinela jada sailkatuta dago jokoetarako, eta iragan abuztuan egon zen bertan. «Urak oso zikin daude. Euria egin ala ez, alde handia dago, eta ur-lasterrek zerbait garbitzen dute, baina ez da nahikoa. Hedabideek esaten duten bezain zikin dago». Hainbat marinel gaixotu egin ziren probetan, eta askok beherakoa eta gorakoa izan zuten. «Denbora asko daramagu kexatzen, baina ez bakarrik gure osasunarengatik. Tristea da ingurunea horrela ikustea».
Arazo larria izan daitekeela ikusita, beste kokagune bat aztertu dute: Buzios hiria, 190 kilometrora. Martinezek begi onez ikusiko luke. «Nabigatzeko eremu bikaina da; txapelketa bikaina ikusiko litzateke han. Baina ni ziur nago ez dutela aldatuko, eta estropada Rion jokatuko da. Brasilen nabigatzeko toki on asko daude, baina antolatzaileak ez ditut ikusten aldaketarik egiteko asmoz».