Benetan horrelakoak al gara daniarrok?

Carsten Jensen / 2016-02-16 / 768 hitz

Galdetzen badiezu Danimarkako Gobernuari eta hura sostengatzen duten alderdiei zergatik dauden protestak joan den asteartean Parlamentuaren gehiengoak onartu zuen L87 atzerritarren legearen aurka, erantzuna izango da haserre daudenak, kasurik onenean ezjakin tolesgabeak, kasurik txarrenean kontzienteki gizartean azpijan lana egiten ari diren zentzugabeak direla, Danimarkako ateak irekiko dizkiotenak integratu ezinezkoak diren errefuxiatu oldearen inbasio bati.

Izugarri gustatzen zaigu «gune hurbil» kontzeptua, «gizarte hurbil» kontzeptuarekin  senidetua bera. Danimarkarekiko, Europarekiko, gizateriarekiko eta zeure buruarekiko zure betebeharra da gune hurbilean geratzea, esaten diegu iheslariei. Han eskura dituzu zeure etxea, zeure hizkuntza, ezagutzen duzun eta konfiantza ematen dizun kultura bat. Baina Ekialde Hurbilean egun milioika pertsona bizi diren kanpadenda eremuak ez dira inolako gizarte hurbila. Hori ez da inolako gizartea, giza balore guztien instituzio suntsitzaileak baizik.

Geure gizarte-laguntza hartzaileak bezain gaizki tratatzen ditugu errefuxiatuak, defendatu da gobernua. Geure baztertuei eta Ekialde Hurbileko jendailari dagokienez, ez dugu bereizketarik egiten. Denek nabaritu behar dute era demokratiko berdinean jotzen ditugula hutsaren hurren.

Alde txiki bat badago, ordea: gizarte-laguntza hartzaileek ez dituzte ikusi beren etxeak bonbek txikituta eta beren senideen beso eta hanka erauziak patioan sakabanatuta. Miatu ere ez dituzte miatzen gizarte-bulegora joaten direnean.

Zartailuak biktima berriak aurkitu ditu. Gure politikariek beren erretorika kontzienteki inkriminatzaileaz kentzen dizkiete errefuxiatuei gera zekizkiekeen giza osotasunaren azken hondarrak.

Hainbeste eraikin huts dituen herrialde honetan, errefuxiatu askok kanpadenda eremu batean amaituko dute, daniar agintariek uste dutelako kanpadendak mezu garrantzitsu bat helarazten diela iheslari abailduei: basamortuetan ibili zara, Mediterraneoa zeharkatu duzu itotzeko arriskuarekin, eta ez zara inora iritsi; zirkuluak eginez bidaiatu duzu, eta ihes egin zenuen kanpadenda eremu berberean bukatu duzu. Zure patua da kanpadenda. Ulertu behingoz!

Atzerriko medioek Danimarkan ongizate estatu gizakoi izatetik Europako xelebre gaiztoa izatera gertatutako eraldatze harrigarria deskribatu dute. Arrazoi dute, inolaz ere. Bihotza txarrantxaz inguratuta daukan herrialde aberetu bihurtu da Danimarka.

Baina Danimarkako herritar guztiak ez dira gure politikariak bezalakoak. Gutako askok badakigu naziotik harago doan erkidego handiago bateko kideak garela. Elkartasunaren, errukiaren eta giza eskubideen kontinentean bizi garela. Baina gure arazo handia da zein alderdi politiko gutxik gogorarazten diguten hori. Estremistek garrasika oihukatzen dituzte beren mezuak. Zentzu onaren ordezkariak zezelka egin edo isildu egiten dira. Zentro politiko burges zintzoa barne-erbesteratzean dago, sozialdemokratak moralki hondoratuta daude.

Krisialdi politikoa

Ez gaude errefuxiatu-krisialdi batean. Krisialdi politiko batean gaude, eta ez zaio zor ezintasunari, ezpada iheslari fluxuen aurrean erantzukizuna banatzeko Europaren borondate eskasari.

Arazoaren muinera iritsi gara: Europar Batasunean Pertsonen Itunaren eta Egonkortasun Itunaren artean dagoen barne aurkakotasun suntsitzailea. 2008an finantza krisialdiak eztanda egin zuenean inposatu zen gezur eskandalagarri hura, hots, estatuen gehiegizko gastuari zor zitzaiola krisialdia, eta ez finantza merkatu arduragabe bati, eta horregatik kontinenteko pobreenek ordaindu behar izan zuten bankuek sortutako krisialdia, gizarte-laguntzen sarraskiarekin. Ingelesez austerity esaten zaio; danieraz, «premiaren politika», baina, estrategia neoliberal horri gauza bat edo bestea deitu, pobreen aurkako aberatsen gerra da.

Eskuineko populismoaren haztegi onena da premiaren politika. Finantza zentroetako xaxatzaileen aurka altxatu beharrean, azpiklase nazional berriek bat egiten dute muturreko eskuinarekin, eta bertan adore ematen zaie etorkinek eta iheslariek osatutako azpiklase globalaren aurka altxa daitezen. Eta bien bitartean, finantza zentroetako ordenagailuen pantailetan kopuru astronomikoak han-hemenka dabiltza, sorgor.

Aurreko lehen ministro Helle Thorning sozialdemokrataren figura nagusia bezalako transfuga batek sintetizatzen du bere ibilbideaz egungo egoeraren paradoxa tragikoa. Premiaren politikaren bozeramailea den aldetik, susmagarri egin ditu langabetuak eta etorkinak, eta gero Danimarkatik alde egin du nazioarteko goi-postu bat okupatzeko. Duela gutxi Helle Thorningen alderdiak haurrei dagokienez Danimarkako historiako babes legerik gogorrenaren alde bozkatu zuen; bihar Save The Children nazioarteko elkarteko idazkari nagusi izendatuko dute bera. Hura bezalako lagunekin, munduko haurrek ez dute etsairik behar.

Haur bat baldin baduzu, jar zaitez ispilu aurrean L87 —giza tratulari basati baten modura haurrei gurasoekin elkartzea hiru urte erabakigarriz eragozten duen legea— irakurri ostean, eta sentitu. Ez al duzu nabaritzen zure zelula bakoitzak protesta oihukatzen duela gizatxarkeria burokratizatu horren aurka? Beste guraso batzuenganako zure enpatia, haur galdu batenganako zure senezko kezka ez al dira larruazal koloreak, hizkuntzak, erlijioak eta kulturak altxatutako langak baino indartsuagoak?

Ez al da hori ispilu aurrean geure buruari egin beharko geniokeen galdera? Alegia, eta ni izango banintz dena galdu duena? Edo errefuxiatuengandik bereizten gaituen amildegi hori hain gaindiezina da, non galdera egitea bera ezinezkoa baita, ez direlako gu bezalako pertsonak?

Egoera globalean hainbat eta hainbat gauzak ezintasunera gonbidatzen du. Baina honetan zerbait egin dezakegu. Hau ez da larunbat arrats batean halako telemaratoi bat egitea. Ez da itsulapiko batean txanpon bat sartzea. Gure bihotzaren gune hurbilaren erdian dagoen pertsona behartsu bat dugu aurrean. Luzatutako eskua ez al da bota iltzeduna baino komunikabide hobea? Dena galdu duen pertsona batek ez al du laguntza premia bere onera itzultzeko? Ate itxi batek izan behar al du benetan galdera horiei guztiei ematen zaien erantzun bakarra?

(Juan Mari Mendizabalek itzulia)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.