Mikel Garcia Idiazkez / 2016-03-07 / 188 hitz
Ilobei esker berreskuratu dut harremana Pippi Galtzaluzeren istorioekin. Azkarra, independentea, bihurria, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta, alaia da Pippi, inguruan duen helduen mundu zurrunarentzat eredu deserosoa.
Bederatzi urte ditu eta ez doa eskolara, neska txintxoa izan beharraz eta genero rolez trufatzen da, aurre egiten dio autoritateari, nahi duen bezala janzten da, eta askori kaotikoa irudituko zaion etzetzarrean bakarrik bizi da, kasik okupa gisa. Motosdun neskatoak hegan egin dezake, super-indarra du, animaliak maite ditu (zaldia eta tximua alboan ditu beti), atzeraka ibiltzen da, eta hankak burkoan egiten du lo. Denaren gainetik, askea da Pippi, eta beldurrik gabe bizi da.
Begiak telebistan iltzatuta, ilobek hipnotizaturik jarraitzen dituzte Tommy eta Anikarekin batera Pippik bizi dituen abentura zirraragarriak. 75. urteurrena du pertsonaiak, Astrid Lindgren idazle suediarrak 1941ean sortu baitzuen, gaixo zuen alaba entretenitzeko. Orduan bezalaxe, gaur egun oraindik eredu transgresorea eta apurtzailea da ilegorria; pertsonaiak eskolako haurrengan eta haien jarrerarengan oso eragin kaltegarria zuela idatzi zuten Suediako egunkari salduenean. Nik aldiz, neskatoaren liburu, telesail eta filmak gomendatuko nituzke eskoletan. Espero dut Pippiren esentziak ilobak zipriztindu ditzala, eta zergatik ez, ni neu ere kutsatu nazala, inoiz ez da-eta berandu.