Garikoitz Goikoetxea / 2016-03-08 / 1013 hitz
Indartsuen dagoen tokietan, arnasguneetan, atzera egiten ari da euskara azken urteetan. Zerikusia izan dute hirigintzak eta biztanleria handitzeak. Eragin linguistikoaren ebaluazioa egin dute Orion.
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuten eragin linguistikoaren ebaluazioa egiteko tresna. Beste herrialde batzuetan ere badute; Galesen, adibidez, legez bermatzea ere lortu dute. Oinarria ingurumen eraginaren ebaluazioaren antzekoa da: hirigintza planek ingurumenean nola eragiten duen aztertzen duten eran, berdin hizkuntzarekin.
Tolosaldean egin zuten probako ebaluazioa, lurralde zatiko planean. Proposamen horren arabera, Tolosaldean 4.100 etxe eraikiko lituzkete hamasei urtean. Eragina izango du euskararen arloan: %6,7 jaitsiko litzateke euskararen ezagutza Tolosaldean —gaur egun %71k dakite euskaraz eskualde horretan, 2011ko mapa soziolinguistikoaren arabera—. Herriz herriko eragina ere aztertu zuten, bi aldagaitan: zenbat etxe aurreikusi dituzten eta euskarari dagokionez zenbateko hauskortasuna duen herri bakoitzak. Ezagutzaren galera handienak herri hauek lituzkete: Zizurkilek (%10,4), Anoetak (%9,3) eta Amezketak (%8,9).
Galera horiek gertatuko lirateke ez balute inolako neurri zuzentzailerik hartuko. Ebaluazioaren oinarria, hain zuzen ere, gisa horretako gainbeherak saihestea da.
Joera nabarmenak
Galerak gertatu dira jadanik. Azken mapa soziolinguistikoak aztertuta, argia da joera: eremu erdaldunduenetan aurrera egiten ari da euskararen ezagutza —oso modu nabarmenean Araban eta Bizkai mendebaldean—, baina lekurik euskaldunenetan atzeraka ari da —Gipuzkoa gehienean, Bizkaiko Busturialdean eta Lea Artibain, Nafarroako iparraldean, Nafarroa Beherean eta Zuberoan—.
Herriz herriko datuetara jaitsita —mapa soziolinguistikoan lagin txikiagoa erabili zuten 2011n, eta, beraz, handiagoa da akats tartea— nabari da beherakada hori. «Nabarmena da. Gurea ez da salbuespena: arnasgune ia guztietan gertatzen ari da. Euskararen indarra ahultzen ari da». Orioko euskara teknikaria mintzo da, Jabier Zabaleta: Orion, euskaldunen indizea —euskaraz dakitenak eta euskaraz ulertzen dutenen erdiak— %86tik %82,5era jaitsi da hamar urtean; etxean euskara erabiltzen dutenak %60 ziren, eta %52 dira; eta kaleko erabilera 2001ean %74 zen, eta 2015ean %63ra apaldu da.
Jaitsiera horren oinarrian faktore bat baino gehiago daudela uste dute adituek, baina hirigintzak ere zuzeneko lotura daukala. Orioren kasuan, adibidez, %32 igo da biztanleria 2001-2015 tartean —1.400 biztanle gehiago hamalau urtean—. «Etxe berri dezente egin dira: hondartza inguru guztia urbanizatu da, errioaren ondoan dauden hainbat lur ere bai… Etxebizitza politika horren ondorioz, kanpoko jende dezente etorri da Oriora bizitzera». Kanpotarrak aipatzean ez da ari bereziki etorkinei buruz. «Jendea ez da etorri Oriora Madrildik. Inguruko herrietatik etorri dira: Zarauztik, Lasarte-Oriatik, Usurbildik, Donostiatik… Asko euskaldunak dira, baina ez oriotarren proportzioan. Datozen tokitik datoz, eta dauzkaten hizkuntza ohiturak dauzkate. Beharbada, ez dute euskaraz egiteko ohitura hain barneratua».
Arnasguneetako gorabeherei buruzko ikerketa mardul bat egina du Xabier Bengoetxea irakasleak. Tolosaldeko lau herriren azterketa sakona egin zuen: Alegia, Amezketa, Asteasu eta Berastegi. Jaitsieraren atzean arrazoi asko daudela ohartarazi du, baina hirigintzaren eragina agerikoa dela.
Demografiaren aldaketak
Guztietan ez du berdin eragiten, hala ere. Etxeetara zein jende joaten den ere garrantzitsua da, Bengoetxearen ustez. «Amezketan, adibidez, etxe berriak egin dira, baina kanpotik jende gutxi joan da: kasu askotan, baserritarrak dira, kalean etxea erosi dutenak. Inpaktua askoz txikiagoa da hor. Asteasun, berriz, garbi ikusten da eragina dutela Donostia aldetik joan direnek». Zein eratako etxeak egin dituzten, horrek ere eragina baduela azaldu du. «Urbanizazio moldea desberdina da: etxe oso partikularrak, oso itxiak dira. Auzotarren arteko harremanak oztopatzen ditu horrek. Hizkuntza lantzen zuen harreman sarea potentea zen; orain, lo lekuak dira zenbait herri txiki, eta harreman sarerik ez da hedatzen. Eta hedatzen direnean, erdaldunak joan badira, erdaldunak dira sareak». Orion ere nabaritu dute, Zabaletak dioenez: «Nolabait, aldatu egin da herriaren soziolinguistika. Eta normalean kalterako da».
Arnasguneetara iristen diren erdaldunek herrian jokatzen duten rolak ere badu pisua. Adibidea jarri du Bengoetxeak: «Mañarian izan berri naiz. Herriko kontzejuan kanpotarrak daude, eta herrikoekin erdaraz ari ziren jo eta ke. Herri txiki batean, izugarrizko eragina du horrek». Halakoak bereziki kontuan hartu behar direla dio: «Ez da soilik immigrazioa, baizik herrian zer leku okupatzen duten. Herri txiki batean, sendi bat joanda ere, hura herriko taberna bakarrean jartzen bada, sekulako eragina dauka, erdaraz hizketan jartzen baititu guztiak».
Aldaketa demografikoak ere badira herri horietan. Hiru alde ikusi ditu Bengoetxeak. Bat: emigrazioa. «Bertako gazteek alde egiten zuten, eta hizkuntza komunitatea ahultzen ari zen. Etxeak eraikitzea izan da irtenbidea». Bi: jaiotza tasa. «Europako txikiena da, eta hizkuntza komunitatea ahuldu egiten da». Hiru: immigrazioa. «Kanpotik joan dira, eta askotan herri txiki hori logela gisa ikusten dute». Euskaldunen hizkuntza komunitatea ahultzen ari zenean iritsi dira herritar berriak arnasguneetara. «Beharrik ez dute ikusten euskaraz ikasteko».
Ebaluazioaren lege babesa
Arnasguneei buruzko kezka asko hedatu da azken urteetan. 2011ko mapa soziolinguistikoetan bistan geratu da eremu euskaldunetako galera. Gogoetak ere ugaritu dira. «Jendearen baitan ez dugu lortu eragitea. Aurreratu dugu esparru formal batzuetan, asko: administrazioa askoz euskaldunagoa da, osasun zentroa ere bai, hezkuntza… Baina Orion etxeko sukaldeetan askoz erdara gehiago egiten da orain, duela hogei urte baino», dio Zabaletak. Hipotesi bat baino gehiago dute adituek: erdaldunak eta euskaldunak elkarrekin bizi diren etxe gehiago daudela, adibidez, eta han erdaraz egiten dutela.
Egoerarekin kezka zabaltzen ari dela sumatu du herrian Orioko euskara teknikariak. Iaz hasi ziren hirigintza plana berritzeko tramiteetan, eta adostu zuten erabakiak hartu aurretik eragin linguistikoaren ebaluazioa egitea. «Udalean planteatu zenean, denek esan zuten baietz. Adostasun handia dago Oriok bere izaera euskaldunari eutsi behar diola».
Eragin linguistikoaren ebaluazioa ez da derrigor bete beharrekoa udalarentzat: «Legez ez dago garatuta. Arnasguneak babesteko ez daukagu lege euskarririk», ohartarazi du Zabaletak. Orioko kasuan, hala ere, udalak agindu du aintzat hartuko duela ebaluazioa hirigintza planari buruz erabakitzeko. «Elementu bat gehiago» izango da. Hortaz, pozik dago euskara teknikaria, «bide bat urratzen» hasi direlakoan Orion.
Uemak «eredutzat» jo du ebaluazioa egin izana. Horrelako azterketak egitea arnasguneentzat «lehentasunezkoa» dela uste du Josu Labakak, Uemako lehendakariak. Hurrengo erronka aipatu du: legez bermatzea ebaluazioa.