Urko Apaolaza Avila / 2016-03-03 / 665 hitz
1976ko martxoaren 3an poliziak irrati bidez esandakoak oraindik min egiten dute belarri-zuloetan. 40 urte igaro dira Gasteizko sarraskitik, baina biktimek jarraitzen dute egia, justizia eta ordaina eskatzen. Gertaera horiek gogoratzeko, Zaramagako San Frantzisko elizaren atarian amaituko den manifestazioa antolatu dute gaur.
“Gaseatu eliza”, “Sartu egurra ematen”, “2.000 tiro jo ditugu”, “Hau sarraski bat izan da”, “Mila esker, zerbitzu ona”. Askotan entzun ditugu 1976ko martxoaren 3an eraso egin zuten polizien elkarrizketak, baina hala ere, audioa berriz entzutean hotzikara moduko bat sartzen zaio bati gorputzean. Bost langile hil eta ehun baino gehiago zauritu zituzten egun hartan Gasteizen.
40 urte bete dira triskantza hura gertatu zenetik eta egunotan hainbat ekitaldi antolatu dituzte elkarte eta instituzioek biktimak gogoan izan eta beste behin justizia eskatzeko. Hilketak izan ziren Zaramaga auzoan Memoriala zabaldu zuen asteazkenean Martxoak 3 elkarteak. Ostegunean, berriz, eguerdian omenaldia eskainiko diete hildako langileei eta arratsaldean Andra Mari Zuriaren plazatik manifestazioa irtengo da San Frantzisko elizaren ateraino.
Duela 40 urteko martxoko arratsalde hartan milaka lagun zeuden bilduta elizan. Hiriko lantegietan greba orokorra erabatekoa zen goizean goizetik, eta hainbat liskar izan ziren arren, arratsaldeko asanbladan giroa lasaia zen.
Radio Vitoriak, eliza barruan tokatu zen emakume baten testigantza eskaini du duela gutxi, bere hitzek ezin hobeto azaltzen dute poliziak eraso zuenean bizitakoa:
“Ikaragarria izan zen. Kanpoan kargatzen hasi zirenean mikrofonotik esan ziguten lasai egoteko, ezin zutela barrura sartu. Polizia zapi zuri batekin sartu zen; gonbidatu zieten armak kanpoan utzi eta hitz egitera. Baina erantzuna izan zen ke-bonbekin sartzea. Lehena konfesatoki batean erori zen eta ondoren bonbek erortzen jarraitu zuten, hamar edo hamabi.
Lorontziekin elizako kristalak hautsi genituen arnasa hartzeko, baina polizia metrailetekin agertzen zen. Kanpoan zegoen jendea, ikusirik barrukoak itotzen ari ginela, harriak botatzen hasi zen. Orduan metrailetekin tirokatzen hasi ziren. Guk ez genuen sinesten metrailetak zirenik. Ate batetik kanpora atera ginenean ikusi genuen jendea poliziari harrika aurre egiten eta hauek metrailetekin tiro egiten. Hormen gainetik salto eginez atera behar izan ginen erdi itota, batzuk besotan hartuta, ezin zutelako zutik egon, eta borrekin jotzen zieten”.
Testigantza honek, San Frantzisko elizan gertatutakoa lehen eskutik kontatzeaz gain, badu balio bat: emakume baten ahotik irten dela. Askotan nabarmendu izan da 1976ko lehen hilabete horietan langileek hasitako borrokan emakumeek izandako pisua. Bilerak antolatu zituzten, erresistentzia kutxa elikatu eta manifestazioak egin erosketako poltsa hutsak soinean zituztela, garai haietan ohikoa zen protesta mota.
Poltsa huts horiek duten karga sinbolikoaz jabetuta, Irantzu Lekue artista gasteiztarrak Emakumeen Indarra eskultura paratu du Zaramaga auzoan sortu berri duten Memorialean.
Gasteizko langileen borroka garai sozio-politiko oso bizian egokitu zen. Euskal Herrian 1974ko abendutik langileak gero eta maizago hasi ziren kalera ateratzen, aldarrikapen laboral eta politikoekin, eta asanbladek indar handia hartu zuten. 1976ko hastapenetan asanblearismoak goia jo zuen, batasun sindikalaren beharra ikusten zen, eta batasun hori lantegietako ordezkarien koordinadoren bidez lortu zen nolabait.
Gurean oso garrantzitsuak izan ziren Bizkaiko Lantegien Koordinadora eta Gasteizko Langile Koordinadora. Zer punturaino, Gasteizko martxoko sarraskia izan zen sindikalismotik haragoko langileen auto-antolaketari egindako erasoa? Juan Mari Arregik zutabe honetan horixe iradokitzen du.
1976ko martxoaren 3ko biharamunean prentsa frankistak gertaeren bertsio ofiziala baino ez zuen eskaini. Hura talde klandestinoek sortutako tragedia bat baino ez zen izan, “zenbait alditan segurtasun indarreko agenteak harrapatuta geratu ziren eta tiroz defendatu behar zuten euren burua”, desinformatu zuen disimulurik gabe El Diario Vascok.
Gaur egun oraindik badaude poliziaren erasoa justifikatzen dutenak –Iñaki Oyarzabal Arabako PPko buruak bere egin zuen poliziaren informeek ziotena– edota martxoaren 3ko biktimak pintadekin iraintzeko gai direnak.
Baina egia jakin eta justizia egiteko eskaria gero eta indartsuagoa da, gero eta premiazkoagoa, jadanik 40 urte igaro baitira eta erantzule politiko eta polizialak laster ez baitira mundu honetan izango: “Ez dugu ezer hitz egiteko Martxoaren 3ari buruz”, erantzun die haietako batek El Diario.es atariaren itaunei.
Martxoak 3 elkarteak Europar Parlamentura eraman du kasua eta Argentinan frankismoaren krimenen kontra hasitako kereila ari da bere bidea egiten. Orain, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak jakinarazi du Udalak auzibide penala ireki nahi duela gertakari haiengatik eta Argentinako kereilan parte hartzea ere aztertzen ari direla. Esfortzu oro gutxi izango da sarraskia egin eta baimendu zutenek behingoz justiziaren aurrean kontuak eman ditzaten, beraiek nahi ez badute ere.