Ainhoa Sarasola / 2016-03-01 / 656 hitz
‘Spotlight’-ek irabazi du film onenaren Oscar saria, eta Iñarrituk zuzendariarena, bigarren urtez jarraian, ‘The Revenant’ lanagatik. Leonardo DiCaprio eta Brie Larson aktoreak ere saritu dituzte.
Askok Alejandro Gonzalez Iñarrituren The Revenant filma erabateko garailetzat jotzen zuten sari banaketa aurreko kinieletan, baina, azkenean, uste baino banatuago egon dira 88. Oscar sariak. Thomas McCarthyren Spotlight pelikulak lortu du sari nagusia, film onenarena, baita jatorrizko gidoi onenarena ere. Baina sari garrantzitsuenetako bi eraman ditu Iñarrituren lanak, zuzendari eta gizonezko aktore onenarenak. Hala, bigarren urtez jarraian, zuzendari onenaren Oscar saria lortu duen zinemagile bakanen zerrendan sartu da mexikarra. Eta haren zuzendaritzapean egindako lanagatik, azkenean lortu du Leonardo DiCapriok bere lehen estatuatxoa etxera eramatea, beste bost alditan hautagai izan ostean. Emakumezko aktore protagonista onenaren atalean, berriz, Brie Larson saritu du Hollywoodeko Akademiak, Room filmean egindako lanari esker. Film sarituena, berriz, George Millerren Mad Max: Fury Road izan zen, arlo teknikoko sei garaikur lortuta.
Bart goizaldean Los Angelesko Dolby antzokian —Kodak ere esaten diote— egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta, sari potoloena lortuta, Spotlight izan zen gaueko izen nagusietako bat. Elizak adingabeei eginiko sexu gehiegikeriak argitara ateratzeko Boston Globe egunkariak eginiko ikerketa lana azaltzen du pelikulak, Michael Keaton, Mark Ruffalo eta Rachel McAdams protagonista dituela. Lanak abusu haiek jasan zituztenei «ahotsa» eman diela eta sariak ahots hori «anplifikatzeko» balioko duela esan zuen Thomas McCarthy zuzendariak. Kazetari haiek gizartearentzat «funtsezko lana» egin zutela gehitu zuen.
AEBetako zinema industriaren gau handian, The Revenant izan zen beste protagonista nagusia. Hamabi izendapenekin abiatu zen lehiara Iñarrituren lana, eta hiru sari lortu ditu azkenean. Horietako bi, ordea, garrantzitsuenetakoak. «Ezin zoriontsuagoa» zela adierazi zuen zinemagileak, ez baita nolanahiko lorpena bigarren urtez jarraian zuzendari onenaren aitortza jasotzea —Birdman filmari esker irabazi zuen iaz, lan onenaren saria lortzearekin batera—. «Sinestezina da, eta are politagoa da lantalde osoarekin partekatu ahal izatea». Aurten aktore beltzik izendatu ez dutela-eta sortutako polemikaren harira ere egin zituen hitz batzuk, aniztasuna aldarrikatzeko, eta iaz hildako bere aitari eskaini zion saria.
Pozik DiCaprio ere; bere hitzetan, inoiz egin duen filmaketa gogorrena izan denak —Hugh Glass esploratzaile eta ehiztariaren larruan sartuta, ia urtebete egin du Kanadako mendi elurtuetan taldearekin, grabatzen— eman dituelako fruituak. Baita orain arte lortu gabe zuen Oscar sari preziatua ere. Lantalde osoari eta, bereziki, Iñarrituri eta Tom Hardy aktoreari eskaini zien saria, eta klima aldaketaren aurkako borroka aldarrikatu zuen bere hitzaldian. The Revenant-i lotuta, era berean, Oscar sarien historiara pasatuko da Emmanuel Lubezki, argazki onenaren Oscar saria hirugarren aldiz jarraian irabazi baitu.
Gizonezkoen kategorian gertatu bezala, pronostikoak bete egin ziren emakumezko aktore onenaren atalean ere. Parean lehiakide gogorrak bazituen ere —Cate Blanchet tartean—, Brie Larsonek Room draman egindako lana aitortu zuen akademiak. Semearekin batera gela batean bahituta bizi den emakumearen rola jokatu du Larsonek, eta Lenny Abrahamson zuzendariarekin ez ezik, semearen rola jokatu duen Jacob Tremblay aktore gaztearekin ere partekatu nahi izan zuen saria.
Protagonistekin ez bezala, taldeko aktoreekin izan zen ezustekorik, gizonezkoen atalean, bederen. Mark Rylancek eraman zuen saria, Bridge of Spies-en egindako lanari esker, askok faboritotzat zuten Sylvester Stalloneri gailenduta. Emakumezkoen arloan, berriz, Alicia Vikander izan zen garaile, The Danish Girl filmeko interpretazioagatik.
Morricone, 87rekin lehena
Hamar izendapenekin, Mad Max: Fury Road zen gaueko beste faboritoetako bat, eta, sei garaikur lortuta, gaueko sarituena izan zen George Millerren lana, arlo teknikoan nagusituta. Ridley Scotten The Martian, berriz, zazpi izendapen izan arren, esku hutsik geratu zen, beste hainbat bezalaxe.
Aurreikuspenak bete egin ziren beste kategoria batzuetan ere. Ingelesez besteko filmen atalean, faboritoa zen Laszlo Nemsen Son of Saul hungariarra gailendu zen. Eta animazioan, aurreikusi bezala, Inside Out izan zen garaile.
Kostata iritsi den aitortza bat ere utzi zuen galak: Ennio Morriconek bere lehen Oscar saria eraman zuen, 87 urterekin, bere ibilbidean dozenaka eta dozenaka filmi doinua jarri ostean. The Hateful Eight Quentin Tarantinoren filmaren soinu bandagatik saritu dute, azkenean, italiarra.
Hiru ordu eta erdi iraun zuen ekitaldian presente egon zen aktore beltzik ez izendatu izanaren polemika, bai Chris Rock aurkezlearen ahotan eta bai akademiako buru Cheryl Boone Isaacsen adierazpenetan: «Aldaketa zaila da, baina beharrezkoa».